ZORROTZ MORROTZ 100 ALE: Hogeita hamaika urte, hamaika istorio. 

Ehun ale. Hogeita hamaika urte. Eta hamaika protagonista. Lehen aldiz, fokua orrialdeen beste aldean jarri dugu: ZM posible egin dugunongan. Gaur egungo taldea eta urte hauetan proiektutik igaro diren hainbat lagun bildu ditugu, egindako bidea gogoratzeko. Horren emaitza, «elkarrizketak» atalean topako duzu.

TESTUA: AITOR MARÍN | ARGAZKIA: NEKANE YARTO. (FOTOGRAFIA NKN)

Duela 31 urte, hainbat laguni ideia bitxi bezain ausarta bururatu zitzaien: DINA4ra tolestutako diptiko batean aldizkari txiki bat sortzea, auzoan zehar buzoneatzeko. Inork ez zuen pentsatuko urte haietan hasitako abentura hark 100 ale eta 31 urteko ibilbidea izango zuela. Urte hauetan guztietan hamaika protagonista igaro dira Zorrotz Morrotzen orrialdeetatik: auzokideak, elkarteak, dendariak, kirolariak, artistak eta beste hainbat. Oraingoan, ordea, ohiko papera alderantzikatu nahi izan dugu eta normalean beste aldean egoten garenongan eta zirenengan jarri dugu arreta.

Hurrengo orrialdeetan gaur egungo lan-taldeko kideak ezagutuko dituzue, baina baita ZMren historian parte hartu duten hainbat lagunen oroitzapenak ere. Ez dira guztiak, noski. Ezinezkoa izango litzateke hiru hamarkadatan proiektu hau posible egin duten pertsona guztiak elkarrizketatzea. Lerro hauetatik gure aitortza eta eskerrik beroenak urte hauetan guztietan, modu batera edo bestera, hau aurrera ateratzen lagundu duten guztiei.

31 urte hauetan asko aldatu dira gauzak. Lehenengo ale haiek tinta bakarrean inprimatzen ziren. Ondoren, azala koloretan argitaratzen hasi ginen. Argazki-kamera digitalak iritsi ziren geroago. Gaur egun, berriz, argazki asko mugikorrekin ateratzen ditugu. Teknologia aldatu da, lan egiteko moduak ere bai, baina aldizkariaren funtsa bera da oraindik.

Ehun ale hauetan asko aldatu da bizitza, asko aldatu da auzoa, eta baita gu geu ere. Ni abentura honetan sartu nintzenean ia umea nintzen, eta euskalduntze-prozesuan nenbilen. Gaur, ia hogeita hamar urte geroago, lan-taldean denbora gehien daraman partaidea naiz. Agian horregatik egokitu zait lerro hauek idazteko ardura. Hala ere, lehenago sartu izanak ez du esan nahi aldizkarian lehenago idatzi nuenik. Izan ere, ni baino lehenagoko kolaboratzaileak ere badaude. Esaterako, Igor Gutiérrezen gutun bat argitaratu zen 4. alean. Eta urte batzuk geroago koordinatzaile izango zen Tais San Josék ere berea bidali zuen ale hartan, hamahiru urte besterik ez zituela. Ez dira pasarte makalak. Gaur egun, mezu bat segundo batean bidal dezakegu. Garai hartan, ordea, gutunak idazten ziren. Benetako gutunak. Paperean idatzi, gutun-azal batean sartu, zigilua jarri eta Correosen bidez bidaltzen ziren. Horrela iristen ziren erredakziora kolaborazioak, iritziak eta ekarpenak.

Eta Correos aipatu dugunez, haren zerbitzua ezinbestekoa izan zen Pablo Feo maketazio-arduraduna Leitzara joan zenean. Gaur egun fitxategi bat segundo gutxitan bidal daiteke munduko edozein txokotara. Orduan, ordea, disketak eta postaria behar ziren. Lehenengo urte haietako ale gehienak Zorrotzatik ehunka kilometrora prestatu ziren. Horrek are balio handiagoa ematen dio egindako lanari.

Musutruk egindako lana izan da gehienetan, baina beti auzoarekiko eta euskararekiko konpromisoari eutsiz

Bidean ezinbestekoa izan da iragarleen laguntza ere. Udalaren diru-laguntza jasotzen dugun arren, urtearen amaieran iristen da, eta hasierako urteetan publizitatea funtsezkoa izan zen aldizkariak bizirik jarraitzeko. Gainera, haien laguntza ez da iragarkietara mugatzen: gaur egun ere haien dendak eta tabernak dira gure banaketa-sarearen oinarrietako bat.

Ba al dago formula magikorik 31 urtez eta 100 aletan iraun ahal izateko? Seguruenik ez. Baina badaude laguntzen duten osagai batzuk: egiten dugunaz gozatzea, gustuko dugun bidean aritzea eta auzoarekin lotura estua mantentzea. Zorrotz Morrotzek aukera eman digu auzoa eta auzokideak gertutik ezagutzeko. Kasu askotan, elkarrizketa batek adiskidetasun bihurtu du harremana. Ogibidean trebatzeko eskola izan da batzuentzat, eta esperientzia pertsonal aberasgarria guztiontzat.

Gure aisialdian egindako lana izan da, eta gehienetan, musutruk. Auzolana, bai, baina auzoarekiko eta euskararekiko konpromiso sendo batean oinarritutako auzolana. Euskara sustatzea izan delako beti gure xedea, eta hau sortzeko arrazoi nagusia ere bai. Gaur egun, zaila da Zorrotzako euskal komunitatea ZM gabe ulertzea.

Eta euskara bezain garrantzitsua izan da auzoa bera. Azken finean, ZM Zorrotza ere bada. Urte hauetan guztietan auzoan gertatutakoaren lekukotasuna jaso dugu gure orrialdeetan. Hamaika bizipen, hamaika istorio eta hamaika protagonista. Protagonista horiek gabe, auzokiderik gabe, hau guztia ez zen posible izango. Horregatik, ale berezi honetan, lehen aldiz, fokua geuregan jarri dugu. Modu batera edo bestera, hau posible egin dugunon eta egiten dugunon txanda da.

Ehun ale bete ditugu. Ez dakigu zenbat gehiago etorriko diren, ezta nolakoak izango diren ere. Baina badakigu proiektu honek zergatik jarraituko duen: euskararen, auzoaren eta auzokideen istorioak kontatzen jarraitzeko.

Zorionak, Zorrotz Morrotz.
Eta urte askotarako.

Gure Lurra, 40 urte auzoa eraikitzen

Duela lau hamarkada sortutako aisialdi elkarteak Zorrotzako belaunaldi askoren bizitzan arrastoa utzi du. Boluntariotzan, hezkuntzan eta auzo-lanean oinarrituta, Gure Lurrak maiatzaren 30ean ospatu du bere 40. urteurrena, auzo osoari irekitako festa handi batekin.

IGOR GUTIÉRREZ

Ideia xume batetik auzoko erreferente izatera

80ko hamarkadaren erdialdean, Zorrotzako gazte talde batek ideia xume baina handi bati heldu zion: haurrak eta gazteak elkartzeko, jolasteko eta auzoan parte hartzeko espazioak sortzea. Baliabide gutxi zituzten, baina ilusioa eta egiteko gogoa soberan. Horrela jaio zen Gure Lurra aisialdi elkartea.

Lehen urteetan tailerrak, topaketak eta jai herrikoiak antolatzen hasi ziren. Jarduera bakoitza auzoko harremanak sendotzeko aitzakia bihurtu zen, eta pixkanaka Zorrotzako bizitza sozial eta komunitarioan toki berezia hartu zuen elkarteak.

Denborarekin, proiektua handitzen joan da, eta gaur egun hainbat egitasmo ditu martxan. Haurgune eta Gaztegune programak gazteen parte-hartzerako erreferente bihurtu dira, eta Lurtarrak eta Pausoak aisialdi taldeek asteburuetako ekintzak eta oporretako udalekuak eskaintzen jarraitzen dute.

Baliabide handirik gabe, baina ilusioz eta auzolanerako gogoarekin jaio zen Gure Lurra

Belaunaldiak lotzen dituen elkartea

Gure Lurraren historian zehar ehunka haur, gazte eta familia igaro dira elkartetik. Udalekuak eta aisialdiko jarduerak belaunaldi askoren oroitzapen berezien parte bihurtu dira eta, gaur egun, garai batean parte-hartzaile izan ziren batzuk begirale gisa itzuli dira.

Elkartea, urteotan, beste hainbat proiektu ere garatu ditu, hala nola Jolastu Parkean edo Bilbao.Gaua ekimenak, auzoko plazak eta kiroldegia jolasez,  musikaz eta  bizitzaz betetzen zituztenak. Horrez gain, erakundeekin elkarlanean, Auzoka Komunitate Zentroa, Aisi Bizi programa edo Caixa Proinfancia bezalako egitasmoak jarri dituzte martxan.

Eguberrietako, Aste Santuko eta udako hiri-koloniak ere ohiko hitzordu bihurtu dira familia askorentzat, opor garaian aisialdi eta hezkuntza eskaintza uztartuz.

Elkarteko kideek nabarmendu dute 40 urte hauetan proiektuari eutsi diona ez direla soilik jarduerak izan, baizik eta auzoko jendearen inplikazioa: boluntarioak, familiak, haur eta gazteak, eta urteetan zehar parte hartu duten pertsona guztiak.

Garai batean ume izan ziren batzuk gaur egun begirale dira, belaunaldi berriei esperientzia berdina eskaintzen.

Urteurren festa handia

Maiatzaren 30ean Gure Lurrak festa berezia prestatu zuen, Zorrotza osoarentzat

irekia. Egun osoan zehar adin guztientzako jarduerak antolatu zituzten: haurrentzako jolasak, bingoa, elektrotxaranga eta elkartearen ibilbidea gogorarazteko argazki erakusketa.

Goizean, ekitaldi nagusia egin zen, liburutegiaren ondoko lorategi zatian. Leku berean, orain dela 10 urte, zuhaitz bat landatu zuten, 30. urteurrena ospatzeko egindako jaian. Hasierako dantzaren ondoren, Gure Lurrako aitzindariak omendu zituzten. Jarraian, ume txikiek margoztutako harriak belarretan hedatu zituzten. Bukatzeko, denbora-kapsula bat objektu bereziez bete eta lorategian bertan egindako zuloan lurperatu zuten, hogei urte barru elkarteko kide izango direnek atera dezaten.

Eguneko une nagusietako bat herri bazkaria izan zen, berrehundik gorako partaiderekin, garai guztietako kide eta lagunak bildu zituena. Bazkalondoa girotzeko bingo musikatua egon zen. Eta jaiari amaiera emateko, Tele Zorrotza DJarekin kalejiran ibili ziren kalerik kale.

Urte askotarako, Gure Lurra!

Elitezko talde bat etxe ondoan

Bilbao Metropolitano Hockey Clubak 30 urte bete ditu hockey linearen elitean finkatuta eta Zorrotzarekin duen lotura estutzen

AITOR MARÍN

Bilbao Metropolitano klubak 30 urteko historia bete du. Bilbon izotz pistak desagertu zirenean, Artxandako eta Portugaleteko izotz hockeyko jokalari ohi batzuek kirol horretan jarraitzea erabaki zutenean jaio zen kluba. Horrela, lineako patinetara egokituz, gaur egun estatuko elitean lehiatzen den Metropolitano HC sortu zuten.

Hiru hamarkada geroago, Ibai Aranzamendi Zorrotzako 27 urteko bizilaguna da proiektuaren buru, eta lehendakari, kirol-zuzendari, entrenatzaile eta jokalari gisa dihardu. Bere papera funtsezkoa izan da taldea sendotzeko, bai kirol arloan, bai antolaketan.

Zorrotzako pista funtsezkoa klubaren jauzirako

Klubaren jauzi handia 2007ko Munduko Txapelketarako eraikitako Zorrotzako kiroldegiko pistaren inaugurazioarekin batera iritsi zen. Ordura arte, taldeak Deustun Euskalduna zubiaren azpian zegoen pista batean jokatzen zuen.

Erabateko aldaketa izan zen: oinarrizko azalera batetik goi mailako instalazio batera igaro ziren, Europako onenen artean. Munduko Txapelketaz gain, pabiloiak Errege Kopa edo Espainiako Superkopa bezalako lehiaketak hartu ditu eta Bilbo zein Zorrotza lerroko hockeyaren mapan kokatu ditu.

Gaur egun, Metropolitano taldeak 150 kirolari inguru ditu, baina gertuko eta familiako giroari eusten dio. Klubak gehiegizko lehiatik urruntzearen aldeko apustua egiten du eta bere jokalarien ongizatea lehenesten du. Lehiaketaz haratago, errespetua, diziplina eta laguntasuna bezalako balioak sustatzen ditu. Aranzamendik azaltzen duen bezala: «lehiaketa ez dago guztiontzat egina, baina kirol eta klub honetan guztiontzako lekua dago».

Dena den, lehiari dagokionez, emaitzak ez dira nolanahikoak. Metropolitano da lerroko hockeyan titulu gehien dituen Euskal Herriko kluba, eta Estatuko maila gorenetan lehiatzen da. Emakumezkoen taldeak aurrerapen handia izan du: 2022an Zilarrezko Liga irabazi zuen (hirugarren maila) eta, bi igoera jarraian izan ondoren, gaur egun maila gorena den Elite Ligan lehiatzen da. Bestalde, gizonezkoen taldea Errege Kopako txapeldunordea izan zen 2018an, eta aurreko denboraldian maila goreneko Elite Ligako titulua lortzeko finalerdietara iritsi zen.

Eredu aldaketa: harrobiaren aldeko apustua

Mailari eustea ez da erraza izan. Pandemiaren ostean, klubak zailtasun ekonomikoak izan zituen, eta garai hartan kirol egoera fitxaketen mende zegoen. Ondorioz, gizonezkoen taldea Urrezko Ligara jaitsi zen. Ordutik aurrera, Metropolitanoko arduradunek harrobian oinarritutako eredu baten aldeko apustua egitea erabaki zuten.

Emaitza berehala iritsi zen: 2024an elitera itzuli ziren eta pasa den denboraldian merezimenduzko hirugarren postua lortu zuten euskal jokalariekin bakarrik, gehienak bizkaitarrak. Emakumezkoen taldeak filosofia berari jarraitzen dio, maila gorenean bertako jokalariekin lehiatuz.

Harrobia da elitean lehiatzeko aukera ematen duen oinarria

Horregatik, harrobia da gaur egun proiektuaren zutabea. Klubak hockey- eta patinaje-eskola bat du Zorrotzan, astean bi egunetan entrenamenduak prezio merkean eskaintzen dituena. Gainera, Bilbo Handiko ikastetxeekin elkarlanean aritzen da kirol hau ezagutzera emateko. «Harrobiaren hazkundea funtsezkoa da kirol-helburuak lortzeko», azpimarratu du Aranzamendik.

Auzoari gero eta lotuago dagoen kluba

Metropolitanok Bilbo osoa ordezkatzen duen arren, Zorrotzarekin duen lotura indartu egin da kiroldegira iritsi zenetik. Klubak auzoko jaietan parte hartzen du eta doako erakustaldiak antolatzen ditu hockeya bizilagunei hurbiltzeko.

Hala ere, oraindik ez dira oso ezagunak, neurri batean pabiloia itxia eta nolabait “urruna” delako. Horregatik, bizilagun gehiago erakartzeko asmoz lan egiten dute, “luxua baita maila goreneko hockey talde bat etxetik hain gertu izatea”.

Lehiaketa ez dago guztientzat egina, baina kirol eta klub honetan guztiontzako lekua dago.

Klubak jokalari berriei sarrera errazten die: doako bi asteko proba eskaintzen du eta materiala lehen sei hilabeteetan musutruk uzten du, hasierako inbertsio handia saihesteko. Klubari edo kirol honi buruz gehiago jakin nahi duen edonor jar daiteke harremanetan sare sozialen, telefonoaren edo posta elektronikoaren bidez.

Hori da bere etorkizuneko benetako helburua: harrobia haztea. Soilik horrela  utziko dio hockey lineak kirol minoritarioa izateari eta  presentzia irabaziko du auzoan. Eta, aldi berean, Metropolitano Hockey Clubari aukera emango dio elitean lehiatzen jarraitzeko, etorkizun hurbilean gizonezkoen taldearekin tituluak lortzeko eta emakumezkoena maila gorenean finkatzeko.

Udalak hiru aukera aurkeztu ditu Zorrotzako Muturreko berroneratzean aurrera egiteko

Bilboko udalak hirigintzako izapideak hasi ditu Zorrotzako muturreko hirigintza-antolamenduan aurrera egiteko eta parte hartzeko prozesua ireki du herritarrei aukera ezberdinak azaltzeko.

AITOR MARÍN

Bilboko Udalak Zorrotzako Muturreko Plan Orokorra aldatzeko prozesua abiatu du. Horretarako, hasierako dokumentu estrategikoa aurkeztu du, eta horrekin batera, ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapidea jarri da martxan. Dokumentuak hiru antolamendu aukera planteatzen ditu, eta horiek izango dira otsailean eta martxoan garatzen ari den herritarren parte-hartze prozesuaren oinarria. Prozesu horretan dagoeneko  bi informazio-saio burutu dira, Udaltegiko hallean informazio panelak daude ikusgai, eta hainbat bilera eta auzoko ikastetxeetan saioak egiten ari dira.

La imagen tiene un atributo ALT vacío; su nombre de archivo es MPGOU-PUNTA-ZORROTZA-1030x560.jpg

Lehenengo aukera “Lotura” proiektuak planteatzen zuena da. Antolamendua Ibaizabal eta Kadagua ibaien ertzak lotuko lituzkeen eraztun berde baten inguruan egituratuko litzateke, eta ardatz nagusi batek Zorrotzaurre eta Burtzeña lotuko lituzke. Proposamenak 2.000 etxebizitza inguru aurreikusten ditu, %55 libreak eta %45 babestuak, baita merkataritza eta hirugarren sektorerako 130.000 metro koadro ere.

Bigarren aukerak antzeko oinarria du, baina ardatz nagusian eraikin linealak proposatzen ditu, eta dorre isolatu batzuk hiri-paisaiaren erreferentzia izango lirateke. Etxebizitza kopurua antzekoa litzateke (2.000 inguru), %53 libreak eta %47 babestuak. Kasu honetan, merkataritza eta hirugarren sektorerako 132.000 metro koadro aurreikusten dira.

Hirugarren aukerak jarduera ekonomikoari eta espazio mistoei garrantzi handiagoa ematen die. 1.850 etxebizitza inguru planteatzen ditu (%52 libreak eta %48 babestuak) eta azalera handiagoa gordetzen du jarduera ekonomikoetarako.

RENFEren trenbidea lurperatzea hiru planen elementu komuna da

Hiru proposamenek elementu komun bat dute: RENFEren aldiriko trenbidea lurperatzea. Horrela, gaur egungo hesi fisikoa kendu eta espazio hori parke berriak sortzeko eta Zorrotza Muturra eta Zorrotzaurre lotzeko sarbide berriak egiteko erabiliko litzateke.

Prozesuaren hurrengo urratsa Plan Orokorraren Aldaketa garatzea eta onartzea izango da; ondoren, jendaurrean jarriko da alegazioak aurkezteko. Behin-behinean onartu ondoren, dokumentua  azken onarpenerako bidaliko da. Aldi berean, trenbidearen inguruko informazio-azterlana ere izapidetzea aurreikusten da.

Auzo Elkartearen eskariak

Udalak aurkeztutako plan hauek argitara eman ondoren, Zorrotzako auzo-elkarteak eskari multzo bat aurkeztu du proiektua auzoaren epe luzerako beharretara egokitzeko.

Trenbideari dagokionez, elkarteak lurperatzea eta geltokirako bi sarbide jartzea eskatu du: bata Clara Campoamorretik eta bestea Cordelería 11 paretik. Etxebizitzari dagokionez, tipologiak nahastea proposatu dute, itsasadarraren ondoko etxebizitza librearen eta Kadagua aldeko etxebizitza babestuaren arteko bereizketa saihesteko.

Mugikortasunari dagokionez, honako hauek iradokitzen ditu Auzo Elkarteak: porturako tren-trazadura zaharra oinezkoentzako eta bizikletentzako pasealeku gisa mantentzea; Hubetik Burtzeñako zubirako sarbidea hobetzea eta bidegorria Montevideo-Fray Juan biribilgunearekin lotzea. Barakaldorako oinezkoentzako zubi bat eta Zorrotzaurreko beste lotune bat ere proposatu dituzte.

Era berean, Auzo Elkarteak eskatu du Euskal Errotak eraikina zuzkidura-erabileretara bideratzea eta industria-ondareko elementuak kontserbatzea. Aisialdia eta berdeguneei dagokienez, aurreikusitako biztanleriaren hazkundeari erantzuteko, parke handi bat sortzeko beharra nabarmendu da, eta kiroldegian, Kadaguatik gertuko eremuan, estali gabeko igerilekuak eraikitzea.

Hirigintza-marketina ez izateko eskaera

ZMen Bilboko Udal talde potikoengandik jasotako balorazio bakarra EH Bildurena izan da. Koalizio subiranistak zalantzan jarri du planaren iragarpena eta “hirigintza-marketin” hutsean gera ez dadila eskatu du. Gogorarazi du antzeko proiektuak lehen ere iragarri direla baina urteetan geldirik egon direla, eta 2010-2012ko planak ere ez direla gauzatu, eremuan oraindik industria jarduerak daudelako. Horregatik, oraingoan benetako garapena, herritarren parte-hartzea eta lur publikoaren zati handia babes ofizialeko alokairuko etxebizitzetara bideratzea eskatu du.

Zorrotzan erratz artean hazten den kirola

Iaztik La Base futbol-zelaian entrenatzen dute Bizkaia Boggarts quadball taldeak eta kirol honetako euskal selekzioak. 
Kirol ezezagun eta berri hau, Harry Potter sagako quidditch jokoan oinarritutako dago, ikuspegi inklusibo eta misto batetik.

TESTUA ETA ARGAZKIAK: AITOR MARÍN

Azken urtean, ohikoak ez diren entrenamenduak ikus daitezke La Base futbol zelaietan: baloi ugari, plakatzeak eta jokalariak erratz moduko batekin korrika. Bizkaia Boggarts quadball taldeak entrenatzen du bertan, Euskal Herrian aktibo dagoen quadball klub bakarrak. Fantasiatik sortutako kirola izan arren, gaur egun balioetan, inklusibitatean eta lehiakortasunean oinarritutako proiektu sendoa bihurtu da.

Bizkaia Boggarts 2014an sortu zen, Harry Potter sagako quidditch jokoan oinarritutako quadball kirola Euskal Herrira ekartzeko asmoz. Yeray Espinosak, klubaren sortzaileak, gaur egungo presidenteak, eta garai hartan Harry Potterren zale sutsuak taldea sortzeko lehen urratsak eman zituen. “Sare sozialetan iragarkiak jarri nituen, eta are gehiago, publizitatea ordaindu nuen ikusgarritasun handiagoa izateko”, azaldu du.

Lehen deialdi hartara lau lagun agertu ziren, eta handik aurrera ahoz aho joan zen taldea hazten. Gaur egun, 12 lagunek osatzen dute Bizkaia Boggarts, eta haietatik hamar inguru aritzen dira lehiaketetan. Arauak ez dira samurrak: Bi talde aritzen dira zelaian aldi berean, eta hiru baloi erabiltzen dira: quaffle-a, puntuatzeko; bludger-rak, aurkariak joko-kanporatzeko; eta snitch-a, partida amaiera baldintzatzen duena. Fantasiazko jatorria izan arren, gaur egun kirol serio eta arautua da, eta balio argiak ditu oinarrian. Izan ere, kirol mistoa da, eta inklusibitatea eta genero-berdintasuna bermatzeko arau zehatzak ditu. Horrez gain, sagaren egilearen jarrera transfobikoek eragina izan dute kirolaren inguruan. Espinosak azaldu du Boggartseko kideak erabat aldendu direla Harry Potterren unibertsotik: “Gu jarrera horien guztiz aurkakoak gara; izan ere, kirol misto honek inklusibitatea eta genero-berdintasuna ditu oinarri”.

Quadball kirol konplexua da, baina balio oso onekoa

Kirol arloan, Bizkaia Boggartsek ibilbide nabarmena egin du. Euskal Ligako lehen edizioak irabazi zituen (2016–2018), eta emaitza onak lortu ditu Espainiako Kopan. Nazioartean, 2017an Europako Txapelketan parte hartu zuen (27. postua), eta 2022an bigarren mailan lehiatu zen, zazpigarren postu bikaina eskuratuta. Hainbat jokalari Euskal Selekzioan ere aritzen dira eta Quadball Nations Cup txapelketan bi zortzigarren postu lortu ditu jarraian selekzioak. 2025ean Munduko Txapelketan parte hartu zuten Bruselan.

Hala ere, taldearen bidea ez da erraza izan. Hamar urtez, entrenamenduak parke publikoetan egin behar izan dituzte, Ansion, Gorostizan edo Etxebarriako parkean. La Base da baldintza arautu guztiak betetzen dituen lehen entrenamendu zelaia. Futbol klubarekin adostutako akordioari esker, entrenatzeko zelai bat eta aldagelak erabiltzen dituzte orain.

Hamar urte parke publikoetan entrenatu ondoren, Zorrotzan aurkitu dute entrenatzeko etxea

Andoni Aranguren jokalaria, aita Zorrotzan jaioa duena, lagun baten bidez iritsi zen taldera. “Saskibaloia eta Zorrotzako polikiroldegian egiten nituen mailu-jaurtiketako entrenamenduak utzi berriak nituen. Kirol berri baten bila nenbilen, eta probatzera animatu nintzenean, kirol konplexua baina oso polita eta balio handikoa aurkitu nuen”. Hasieran, Arangurenek Bilbao Kirolak-en bidez udal instalazioetan entrenatzeko aukera aztertu zuen, baina ezinezkoa izan zen: “prezioak oso altuak ziren, eta oso zaila da gure moduko kirol bat han sartzea”.

Egun batean, aitarekin batera paseoan, belarra mozten ari zen pertsona batekin topo egin zuten La Basen. Honek Zorrotza FCko presidentearekin  harremanetan hasteko bidea ireki zien. Presidenteak ez zekien quadballa zer zen, baina azkenean gaur egun erabiltzen duten zelaiaren inguruko akordioa lortu zuten. “Presidentea kezkatuta eta penatuta zegoen zelai horiek erabiltzen ez zirelako, eta guk ez genuen non entrenatu”, gogoratu du Arangurenek.

Etorkizunari begira, Bizkaia Boggartsek helburu argia du: jarraitzea. Ez dute dirulaguntzarik ezta babesle finkorik ere, baina kirola ezagutarazten eta hedatzen jarraitu nahi dute. Donostiako eta Gasteizko kideei laguntza eskaintzen ari dira beren taldeak berriro martxan jartzeko, eta Euskadi Quadball elkartearekin batera, Aranguren ikerketa bat egiten ari da kirol hau unibertsitate esparrura eramateko helburuarekin. Auzoari ere ireki nahi diote atea, probatzeko aukera emanez. “probatu nahi duen edonor ongi etorria da”. Sare sozialen bidez mezu bat bidalita, Zorrotzan erratz artean entrenatzeko aukera zabalik dago.

Institutuak 25 urte

Gezurra badirudi ere, orain dela gutxira arte Zorrotzako gazteek kanpora atera behar zuten Lehen Hezkuntza amaituta ikasten jarraitu nahi bazuten. Auzo borrokaren bidez lortutakoa ospatzeko eta atzoko eta gaurko ikasle, irakasle eta familiak elkartzeko asmoz, jai eguna antolatu zuten urriaren 18an.

TESTUA: IGOR GUTIÉRREZ | ARGAZKIAK: IGOR GUTIÉRREZ eta INSTITUTUA

Urriaren 18an Zorrotza BHIk bere 25. urteurrena ospatzeko jaia egin zuen, institutuan bertan. Jardueraz beteriko larunbata izan zen, eguraldi paregabea lagun.

Hasteko, Ibai-Arte dantza taldeak agurra eskaini zuen. Segidan, institutuko zuzendariak eta berrikuntza arduradunak deituta, hogeita bost lagun igo ziren oholtzara, bakoitzak hitz bat eskuetan zeramala (“bizikidetza”, “auzoa”, “aniztasuna”…). Lagun horiek, hain justu, institutuarekin loturaren bat zutelako izan ziren aukeratuak: ikasle edo langile-ohiak, auzoko elkarteetako kideak, institutuko familiak… Hitz horiekin guztiekin murala osatu eta jaiari hasiera eman zitzaion.

Lehendabizi, orain arteko promozio guztietako ikasleen zerrendak jarrita zituen pankarta erraldoia desestali zuten, kuxkuxeatzeko. Harrigarria bada ere, 700dik gora ikasle pasa da hogeita bost urte hauetan zehar institututik.

Jarraian, puzgarriari eta haurrentzako animazioari ekin zioten eta txosna (alkoholik gabekoa) ireki zen. Beranduxeago, gazte eta ez hain gazteentzako ginkana hasi zen, Telezorrozak dinamizatuta: errelebo lasterketak, oreka probak eta abar luze bat. Eguerdirako, berriz, Lur Jota taldearen kontzertu akustikoa izan zen eta laster batean herri bazkarirako ordua heldu.

Ezinbestekoa izan da ikasle, familia, ikasle-ohi eta auzoko elkarteen laguntza eta parte-hartzea.

Bazkalondoan, Bella Bellucci trabestiak ederki girotutako bingo musikatuaz gozatu zuten eta, dena ondo batu ondoren, euskal erromeria hasi zen, musikariak institutuko irakasle batzuk zirelarik. Bukatzeko, DJ Telezorrozaren saioa, gorputzak astindu eta urteurrena borobiltzeko.

Jai hau aurrera eramateko ezinbestekoa izan da ikasle, familia, ikasle-ohi eta auzoko elkarteen laguntza eta parte-hartzea.

Historia pixka bat

Zorrotzak bere institutu propioa izateko borroka aspalditik dator. 90eko hamarkadan mobilizazio jendetsuak egin ziren auzoan bigarren hezkuntzako zentro baten alde. Harrigarria badirudi ere, kiroldegia institutua baino lehen eraiki zen.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza 1995-1996 ikasturtean ezartzen hasi zen, baina Zorrotzako Institutua ez zen 2000-2001 ikasturtera arte martxan jarri. Ordura arte, auzoko gazteek Elejabarri ikastetxean ikasi behar izaten zuten.

Egunero, lau autobus bete ikasle ateratzen ziren Zorrotzatik Errekalderantz: bi, Zorrotza-Kastrexana errepidetik, beste bat Fray Juan eskolatik eta beste bat Zazpi Landa eskolatik. Ikasleak jantokian geratzera behartuta zeuden, denak batera autobusean itzultzeko.

Dudarik gabe, auzoarentzat bigarren hezkuntzako zentro bat lorzea mugarri bat izan zen. Urte batzuk geroago, DBH izateaz gain, Batxilergoa ere eskaintzera pasa zen. Egun, 300 ikasle eta 50 irakasle inguru dira institutuan. D ereduko zentroa da eta Batxilergoko modalitate ezberdinak eskaintzen ditu: Zientzia eta Teknologia, Giza eta Gizarte Zientziak eta Orokorra.

Garai berriak, erronka berriak

Zuzendaritza-talde berri-berria du institutuak: gehien daramanak sei urte baino ez ditu egin gure auzoan. Horietako bat Kepa Luzarraga da, berrikuntza arduraduna: “hemen dagoen auzo-giroak engantxatu gaitu”. Oso positiboki baloratzen du Guraso Elkartearekin duten harremana, baita Gure Lurra edo EISErekiko elkarlana.

Egun, 300 ikasle eta 50 irakasle inguru dira institutuan, guztiak D ereduan, eta Batxilergo modalitate ezberdinak eskaintzen ditu

Azken boladan, hainbat berrikuntza proiektutan murgildu da ikastetxea. Horietako bat IkasLab da, etorkizuneko erabilera anitzeko gela eraikitzea helburu duena, sormen zein ikus-entzunezko proiektuak garatzeko. Eremukako ikasgaien fusioa ere martxan jarri dute: DBH1en Biologia-Geologia eta Plastika batu dituzte eta DBH2n, aldiz, Fisika-Kimika eta Teknologia. Nazioartekotzean ere pauso bat eman dute eTwinning programaren barruan sartuz, Europako beste ikastetxe batzuekin harremanak ehuntzen hasi direlarik. Horrez gain, Zorrotzako institutua Osatuz Plus proiektu pilotuan parte hartzen ari den Bizkaiko bost zentroetako bat da. Horren xedea ikasleei arreta terapeutikoa ematea da; horretarako, ikastetxean bertan psikologo kliniko baten figura txertatu dute.

Hogei urte hegoak astintzen

Hogei urte igaro dira jada Txinbotarrak sortu zenetik. Bilboko Konpartsen artean beteranoa ez den arren, ekinaren ekinez bere lekua egitea lortu du, eta gure auzoko erreferentzia ere bihurtu da. Aurten, Zorrotzako jaietako pregoia emango dute eta egindako bidea gomutatzeko argazki-erakusketa jarriko dute Auzoka Komunitate Zentroan.

TESTUA: IGOR GUTIÉRREZ | ARGAZKIAK: TXINBOTARRAK KONPARTSA

Oso urrun geratzen da 2005. urtea, baina merezi du gogora ekartzea nolakoa zen giroa Zorrotzan gure konpartsa sortu zenean. Gaztetxearen okupazioa (2004) une gogoangarria izan zen orduko gazteentzat, duda barik.

Horrez gain, beste erronka batek auzoko eragile guztiak bateratu zituen: Azoka Parkearen defentsa, alegia. Bilboko Udalak lurpeko aparkaleku bat eraikitzeko asmoa zuen frontoiaren aurrean bertan, eta horretarako, plaza zati hori suntsituko zuten. Zorionez, auzotarrok egindako presioagatik, aparkalekua frontoiaz haratago eraiki zen eta gaineko lurzorua urbanizatu. Horrekin batera, egungo saskibaloi eta futbito kantxak irabazi genituen.

2005ean, Jai Batzordearen inguruan militatzen zuten ero gutxi batzuk bildu egin ziren konpartsa bat nola sor zitekeen aztertzeko

Bizikidetza arazoak ziklikoak izan dira gure auzoan, baina urte horietan egoera bereziki latza zegoen Zazpilanda etxaldean. Udalaren eskuhartzerik eza salatzeko, manifestazio erraldoi baten ostean auzokide batzuek Auzo Etxea okupatu zuten eta gau osoa bertan eman zuten protesta gisa. Inflexio-puntu horren ondoren, egoera aldatzen hasi zen.

Borroka horiek guztiek mugimendu desberdinetako kideek, haien artean gazte askok, elkar ezagutzea eta euren artean harremanak estutzea ekarri zuen. Eta, horrekin batera, bestelako Zorrotza bat lortzeko ametsa ere bai.

Txinbotarraken sorrera

Auzoko konpartsa bat osatzeko ideia beti egon zen presente, baina 2005. urtera arte ez zen serioski hartu. Orduan, Jai Batzordearen inguruan militatzen zuten ero gutxi batzuk bildu egin ziren hori nola egin zitekeen aztertzeko. Aste gutxiren buruan, izena emateko orriak banatu zituzten inguruko elkarte eta lagunen sarean eta, euren harridurarako, ehundik gora lagunek egin zuten bat ekimenarekin.

Abendu horretan bertan fundazio batzarra egin zuten eta otsailerako Bilboko Inauterietan parte hartu zuten handik eta hemendik lortutako materialekin. Lehenengo karroza Gaztetxean eraiki zuten eta “Jurassic Parking” zuen izena: dinosauro-garabi bat irudikatzen zuen, Azoka Parkea irentsi nahi zuena. 2006an zehar jarduera guztietan parte hartu ondoren, Txinbotarrak Bilboko Konpartsen Federazioan onartua izan zen.

Mugarriak eta erronkak

“Hogei urte ez da ezer” zioen tango zahar batek; baina ondo begiratuta, bi hamarkada hauetan Txinbotarrak konpartsak kapitulu esanguratsu asko idatzita utzi ditu historiarako. Hasteko, 2007an lehen txosna jarri zuten. Aurrenekoz, Zorrotza eta bere aldarrikapenak Bilboko Areatzaraino iritsi ziren. Gutxi geroago, 2010ean, txupinera jartzea egokitu zitzaienean, Aratz Irazabal “Pira” izan zen Aste Nagusiari hasiera eta amaiera emateko arduraduna. Ondoren, 2014an, Aratusteetako desfilearen lehen saria lortu zuten. Pandemiako etenalditik indarberrituta ateratzea ere ez zen nolanahiko lana izan, auzo gehienetan gizarte-mugimenduak moteldu baitziren. Eta iaz, txupinera berriro jartzeko ohorea izan zuten, Nagore Ugarteren eskutik. Momentu horiek eta gehiago gogoratzeko, argazki-erakusketa bat jarriko dute Auzoka Komunitate zentroan, urritik abendura bitarte.

Gaur-gaurkoz, konpartsaren erronka nagusia ahaleginari eustea eta belaunaldi berriak erakartzea da

Baina kamerako fokutik at bada  lan  ikusezin bat, isilpean, jende askoren ahaleginez egiten dena, urte osoan zehar Zorrotzan eta Bilbon jai eta kultura herrikoiak sustatzeko. Beraiei esker, izugarri aberastu da auzoko kultur egitaraua azken urteotan eta proiektu interesgarriak jaio dira, hala nola, musika tailerrak.

Horixe da, gaur-gaurkoz, Zorrotzako konpartsaren erronka nagusia: ahaleginari eustea eta belaunaldi berriak erakartzea, hegoak astintzen jarraitzeko hauspoa eman diezaioten. Zorionez, aurpegi gazte berriak ikusten hasi dira, eta jaien hasieran emango duten pregoian merezi duten lekua izango dute. Urte askotarako, Txinbotarrak!

Jolasean ala lehiaketan, atletismoa gozatzeko

Bilboko Atletismo taldea duela urte asko Santutxun sortua bada ere, duela hamabost bat urte sortutako Atletismo Eskolak Zorrotzako pistan egiten ditu bere jarduerak. Horri esker, auzoko gero eta ume gehiago hasten dira kirol honetan; izan ere, atletismo eskolan parte hartzeko, gozatzeko eta kirola egiteko gogoa baino ez da behar.

Testua: AITOR MARÍN. Argazkiak: BILBAO ATLETISMO SANTUTXU KLUBA

Datorren urtean, 40 urte beteko dira Bilbao Atletismo Santutxu Kluba sortu zenetik. Bere hastapenetatik klubak atletismoa zabaltzeari eta sustatzeari ekin dio: alde batetik, kirol-ekitaldiak eta kirol-probak antolatuz; eta, bestetik, atletak eta taldeak prestatuz hainbat lehiaketatan parte hartzeko.

Taldea Santutxun sortua den arren, astiro-astiro hazi egin zen  eta auzo horretatik haratago  hedatu zen. Gauzak horrela, izena ere aldatu behar izan zuen. Hasierako izenari “Bilbao” gehitu behar izan diote, hiriko talde erreferentea bilakatu baita.

Hasiera batean klubak talde nagusia baino ez zeukan, erdi profesionalak edo profesionalak ziren kirolarientzat. Hori duela hamabost urte gutxi gorabehera aldatu zen, Zorrotzan entrenatzen hasi zirenean, eta gure auzoko kiroldegian Atletismo eskola sortu zutenean. “6, 7 edo 8 urterekin  hasi ziren ume batzuk nagusiak bihurtu dira gurekin” azaldu du Jon Alzagak, eskolako koordinadoreak.

Gaur egun, 60-70 gaztek (DBHko 2. mailara artekoak) entrenatzen dute Atletismo eskolan, eta kopuru berdintsua da federatuen artean (nagusiak). Horretaz gain, nagusien beste talde bat  dago goi mailako atletez osatua (emakuzmekoak guztiak), Europa mailako txapelketetan lehiatzen duena. “Espainiako txapelketetan askotan irabazi edo gutxienez podiumean geratu direnak” dira azken hauek. Asfaltoko, pistako eta erresistentzia-probetako lasterketetan lehiatzen dira, baina, batez ere, crossean jarduten dute ondoen.

Gaur egun, 60-70 gazte entrenatzen dira Atletismo eskolan, eta kopuru berdintsua da federatuen artean

Eskolan bost entrenatzaile daude, eta beste bost nagusiekin aritzen dira. Entrenamenduak oso ezberdinak dira, jakina. Nagusiek indarra, abiadura, eta oro har teknifikazioa deritzona lantzen dute. Umeekin, berriz, oso bestelako helburuak dituzte: “haiek kirolaz gozatzea, lagunak egitea, eta sozialki integratuta egotea lortu nahi dugu” Alzagaren hitzetan.

Oihane Merino (ezkerrean), Maialen Miera (goian) eta Iraia Vicente zorrotzarrek lorpen ugari izan dituzte dagoeneko Estatu mailan.

Zorrotzako gero eta ume gehiagok parte hartzen dute eskolan. Atletismo pista hemen egoteak eta entrenamenduak auzoan egiteak eragin handia duela onartu du Jon Alzagak. Zorrotzako lagunen kopurua nagusietan asko murrizten bada ere, astiro-astiro, teknifikazio taldeetan dauden gure bizilagun Maialen Mierak, Iraia Vicentek edota Oihane Merinok lorpen ugari izan dituzte dagoeneko estatu mailan. “Hirurak hasi ziren eskolan umeak izanda, gozatzen eta lagunak egiten”.

Eskolan sartu ahal izateko,  kirola eta, bereziki, korrika egiteko gogotsu joatea baino ez da behar. “Gehien ezagutzen den abiadura disziplinaz gain, atletismoan askoz gehiago badaude: erresistentzia, jauzierak, jaurtiketak, …” Eskolan sartzen den lagun orok diziplina horiek guztiak ezagutu eta probatuko ditu. Horrela,  “ia guztiek beren lekua topa lezakete atletismo barruan”. Klubaren webgunean, ordutegiak, tarifak, eta izena emateko baldintza guztiak topatu daitezke. Ikasturteko jarduera normalaz gain, klubak campus irekiak ere antolatzen ditu Aste Santuan zein udan (ekainean).

Zorrotzako gero eta ume gehiagok parte hartzen du eskolan. Atletismo pista auzoan egoteak eragin handia dauka

Belaunaldi berriak trebatzeaz eta kirolariak entrenatzeaz gain, izen handiko hainbat proba ere antolatzen ditu taldeak. Azken 15-20 urteotan Bilboko Nazioarteko Milia antolatu dute. Aurten, horren ordez, lehendabizikoz, Bilboko erdialdeko kale ezagunenak zeharkatu dituen 10K Bilbao lasterketa antolatu dute. “Lehenengo urtea izateko oso pozik gaude, lau mila pertsona baino gehiagok parte hartu zuten eta” azaldu du harro Jon Alzagak.

Era berean, testu hau idazteko momentuan oraindik ospatu gabe zegoen Euskadiko Txapelketa antolatu dute hilaren 28 eta 29an Zorrotzako pistan. Bertan euskal atleta hoberenek parte hartu dute. Ekintza honek aurreko urteetan antolatutako Bilboko Nazioarteko Meeting izenekoa ordezkatu du.

“All Iron” emakumezkoen Athletic-en lehen lagunartea, Zorrotzan sortua

Sei urte dira auzoko lagun batzuek emakumezkoen Athletic zaleen lehen taldea sortzeko ideia izan zutela. Urte eskas horietan, “All Iron” lagunarteak herriz herri lagundu du klub zuri-gorria, eta Athletic zein beste taldeetako zaleekin batera hainbat ekimenetan ibili da.

Testua: IGOR GUTIÉRREZ. Argazkiak: ALL IRON EMAKUMEZKOEN ATHLETIC ZALETUEN TALDEA

Eder Martínez de Aramayona López “All Iron” lagunartekoaren sortzaile eta lehendakaria da. Urteak zeramatzan emakumezkoen Athletic taldea jarraitzen eta berau indartzeko zer egin pentsatzean zaleen taldea eratzea bururatu zitzaion. Berehala, auzoko bi laguni bere ideia azaldu eta aurrera egitea erabaki zuten.

Ederrek bere ama Karmeleri zor dio futbolarekiko grina. “Ama Athletic zale amorratua zen. Aitak, berriz, ez zuen futbola gustoko”. Ez dauka ahazteko amak 83an Gabarra ikustera eraman zuenekoa. “Lagunartea sortzean amari omenaldi bat egin nahi izan nion”.

Hala, Athletic-ekin kontaktuan jarri ziren eta oniritzia eman zieten sartzeko, eta 2019ko apirilaren 24an “All Iron” lagunartea ofizialki erregistratu zuten. “Amaren urtebetetze egunean jaio ginen”, dio Ederrek harro. Inaugurazioa, berriz, 2023ko apirilean egin zen, Athletic-ek plaka oroigarria eman zienean.

Lagunarteak Madness tabernan du bere egoitza eta une honetan 52 bazkide dira, gehienak Zorrotzakoak. Futbolarien senide batzuk ere bazkide egin dira, lagunartea hauspotzeko. Eta kanpotik ere zenbait kide animatu zaizkie: Ingalaterra, Melilla, Madril…

Une honetan 52 bazkide dira, gehienak Zorrotzakoak

Jokalariekin harreman zuzena daukate, “beraien familiakoak bagina bezala”. Eder bere argazki-makinarekin doa partida guztietara. “Argazkiekin jakalarien kromoak egin ditugu, ez publikatzeko asmoz, beraientzako oroigarri gisa baizik”. Horrez gain, “Nekane Diez” saria sortu dute, taldeko jokalari onenari dagokiona. “Oroigarria Iñaki Garcia Ergüin Ruinek egin zigun, Athletic-en ehungarren urteurreneko ikurra diseinatu zuen artistak”. Ane Azkonak jaso zuen 2023-24 denboraldiko saria.

Hainbat bidaia egin dituzte kadete C eta B zein Lehen taldearekin: Oviedo, Tenerife, Coruña… Giroa familiartekoa da, ume asko joaten dira partidetara. Ederren hitzetan, “ez dauka zerikusirik gizonezkoen futbolarekin”. Gainera, derbia dagoenean, Eibar edo Errealeko zaleekin bazkaltzen dute, denak batera. “Giroa benetan ederra da”.

Giroak ez dauka zerikusirik gizonezkoen futbolekoarekin

Horrez gain, iaz, “All Iron”-ek Zorrotzan egindako Peñista Egunean ere parte hartu zuen, Harrapari eta Zurigorri peñekin batera.

Emakumezkoen futbolari dagokionez, Ederrek ikuspegi baikorra du. “Lehen taldea laugarren dago sailkapenean, Champions-etik oso puntu gutxira. Oso talde gaztea da, 22 urteren bueltan dabiltza, eta ondo baino hobeto jokatzen dute”. Bere ustez, zaleen aldetik etorri behar da bultzada. “Askorentat Lezama urrunegi dago, baina trenean azkar batean iristen da”.

Elkartearen ikurra

“All Iron” elkartearen logotipoari so eginez, jokalari bat zelaian eserita ageri da, lepoa emanda, elastikoan 24 zenbakia daramana. “Amaren urtebetetze eguna da, bere omenez”. Bere gainean, San Mames zaharreko arkua, egun Lezaman dagoena.

Kontrainformaziorako leiho bat

Duela hiru urtetik hona, pertsona talde bat Zorrotzako NATOren Aurkako Taldearen izenean antolatzen da, diskurtso ofizialarekiko kontzientzia kritikoa sortzeko helburuarekin. Geroztik, hainbat hitzaldi antolatu dituzte auzoan, eta bizilagun asko eta beste leku batzuetako jendea ere erakarri dute.

Testua: AITOR MARÍN. Argazkiak: ZORROTZAKO NATOren AURKAKO TALDEA

Duela hiru urte, Errusiak Ukraina inbaditu eta Ukrainako gerra deiturikoa hasi zuen. Hala ere, hainbat ahotsek aldarrikatzen dute gatazka urte batzuk lehenago hasi zela, Donbassen, Ukrainako sektore eskuindarrek 2014ko estatu-kolpea eman ondoren. Testuinguru horretan, gerra salatzeko, baina oso bestelako ikuspegi batez, NATOren politiken aurkako manifestazio bat antolatu zen Bilbon. Auzoko hainbat pertsonak bat egin zuten mobilizazioarekin eta “komunikabide konbentzionaletan nagusi den diskurtso ofizial”aren aurkako kontzientzia kritikoa sortzen saiatzeko, geratzen eta antolatzen hasi ziren.

Behin antolatuta, beren jarduerari ekin zioten, eta Zorrotzako NATOren Aurkako Taldea izena hartu zuten, “inor kontuan hartu gabe”. Izan ere, Bilbon bazegoen NATOren aurkako plataforma bat. “Gure jarduera ikustean, gurekin harremanetan jarri ziren”, eta, ordutik, materiala eta informazioa ematen diete. Hala ere, Bilboko taldearekiko beraien independentzia defendatzen dute. Talde honetako pertsona batek Bilboko plataforman parte hartzen badu ere, “informazioa eta materialak helarazten ditut, baina gure asmoa ekimenak auzoan eta auzoarentzat egitea da”.

Kartel, pankarta, elkarretaratze eta hitzaldien bidez, “kasu askotan lehen eskutik”, beste ikuspuntu bat ematen dute, urrunekoak diruditen arren, “guri ere eragiten diguten” gatazka eta gaiei buruz. Izan ere, talde honek defendatzen duenez, NATO munduko armamentu-lasterketaren bultzatzailerik handiena da, eta eskalada militar hori inflazioaren, soldata-izozteen edo murrizketa publikoen erruduna ere bada. “Onartezina da langile klaseak ondorio horiek guztiak jasaten dituen bitartean gastu militarrak gora egiten jarraitzea”.

Taldearen jarduerarik ohikoenak kartelak jartzea ala hitzaldiak antolatzea izan dira

Propaganda eta hitzaldiak

Bere jarduerarik ohikoenak kartelak jartzea edo hitzaldiak antolatzea izan dira. Gastuak ordaindu ahal izateko, gaur egun taldeko militanteek kuota txiki bat ordaintzen dute, eta geroztik, modu apalean eta zailtasun ugari gaindituz, aurrera jarraitzen dute propaganda lanarekin. “Langile klaseko pertsonak gara, eta guztiok elkartzeko egun bat aurkitzea da gainditu beharreko lehen zailtasuna”.

Orain arte, sei hitzaldi antolatu dituzte auzoan, arrakasta desberdina, baina esanguratsuarekin. Lehenengo hitzaldia Donbasseko egoerari buruzkoa izan zen, Asier Blas eta Jon Cortazar hizlari zirela. “Ez genuen diru askorik, eta ezagun batek dohainik egin zizkigun eta kalean jarri genituen berrogei kartelen gastua ordaindu genuen”. Horrekin antolatu zuten lehen solasaldia, hogeita hamar lagun inguru bildu zituena. Ondoren, beste batzuk etorri ziren, Pablo González kazetariaren egoerari buruz, emaztearen eta “Free Pablo” laguntza-plataformako beste pertsona baten parte-hartzearekin; Palestina, Siria eta Bielorrusiako egoerari buruz edo Gerrillari Heroikoaren Egunaren ospakizunari buruz, Ché Guevara pertsonalki ezagutu zuen eta bere kide izan zen Kubako Alderdi Komunistako kide baten presentziarekin.

Kasu askotan, sare sozialei esker, beren hitzaldietara joaten diren gehienak kanpotik etorritako pertsonak izaten dira. Hala ere, ia ekitaldi guztietan, gutxienez auzoko hamar bat bizilagun egon direla diote, taldetik kanpokoak. “Barakaldoko lankideek zoriondu egin gaituzte, haiek ez dutelako lortu ehun mila biztanleko Barakaldo bezalako udalerri batean hamar pertsona mugitzea. Bost edo hamar bizilagun horrelako hitzaldietara joatea oso aipagarria da”. Kontrainformazioa zabaltzen saiatzeaz gain, jarduera horiek oso aberasgarriak direla diote “hitzaldi eta eztabaidek gu geu ere elikatzen gaituztelako”.

Etorkizunean bide horretatik jarraituko dutela agindu dute, kontrainformazioari arrakala bat irekiz eta “diskurtso ofizialaz” bestelako ikuspuntuak eskainiz.