ZORROTZ MORROTZ 100 ALE: Hogeita hamaika urte, hamaika istorio.
Ehun ale. Hogeita hamaika urte. Eta hamaika protagonista. Lehen aldiz, fokua orrialdeen beste aldean jarri dugu: ZM posible egin dugunongan. Gaur egungo taldea eta urte hauetan proiektutik igaro diren hainbat lagun bildu ditugu, egindako bidea gogoratzeko. Horren emaitza, «elkarrizketak» atalean topako duzu.
TESTUA: AITOR MARÍN | ARGAZKIA: NEKANE YARTO. (FOTOGRAFIA NKN)
Duela 31 urte, hainbat laguni ideia bitxi bezain ausarta bururatu zitzaien: DINA4ra tolestutako diptiko batean aldizkari txiki bat sortzea, auzoan zehar buzoneatzeko. Inork ez zuen pentsatuko urte haietan hasitako abentura hark 100 ale eta 31 urteko ibilbidea izango zuela. Urte hauetan guztietan hamaika protagonista igaro dira Zorrotz Morrotzen orrialdeetatik: auzokideak, elkarteak, dendariak, kirolariak, artistak eta beste hainbat. Oraingoan, ordea, ohiko papera alderantzikatu nahi izan dugu eta normalean beste aldean egoten garenongan eta zirenengan jarri dugu arreta.
Hurrengo orrialdeetan gaur egungo lan-taldeko kideak ezagutuko dituzue, baina baita ZMren historian parte hartu duten hainbat lagunen oroitzapenak ere. Ez dira guztiak, noski. Ezinezkoa izango litzateke hiru hamarkadatan proiektu hau posible egin duten pertsona guztiak elkarrizketatzea. Lerro hauetatik gure aitortza eta eskerrik beroenak urte hauetan guztietan, modu batera edo bestera, hau aurrera ateratzen lagundu duten guztiei.
31 urte hauetan asko aldatu dira gauzak. Lehenengo ale haiek tinta bakarrean inprimatzen ziren. Ondoren, azala koloretan argitaratzen hasi ginen. Argazki-kamera digitalak iritsi ziren geroago. Gaur egun, berriz, argazki asko mugikorrekin ateratzen ditugu. Teknologia aldatu da, lan egiteko moduak ere bai, baina aldizkariaren funtsa bera da oraindik.
Ehun ale hauetan asko aldatu da bizitza, asko aldatu da auzoa, eta baita gu geu ere. Ni abentura honetan sartu nintzenean ia umea nintzen, eta euskalduntze-prozesuan nenbilen. Gaur, ia hogeita hamar urte geroago, lan-taldean denbora gehien daraman partaidea naiz. Agian horregatik egokitu zait lerro hauek idazteko ardura. Hala ere, lehenago sartu izanak ez du esan nahi aldizkarian lehenago idatzi nuenik. Izan ere, ni baino lehenagoko kolaboratzaileak ere badaude. Esaterako, Igor Gutiérrezen gutun bat argitaratu zen 4. alean. Eta urte batzuk geroago koordinatzaile izango zen Tais San Josék ere berea bidali zuen ale hartan, hamahiru urte besterik ez zituela. Ez dira pasarte makalak. Gaur egun, mezu bat segundo batean bidal dezakegu. Garai hartan, ordea, gutunak idazten ziren. Benetako gutunak. Paperean idatzi, gutun-azal batean sartu, zigilua jarri eta Correosen bidez bidaltzen ziren. Horrela iristen ziren erredakziora kolaborazioak, iritziak eta ekarpenak.
Eta Correos aipatu dugunez, haren zerbitzua ezinbestekoa izan zen Pablo Feo maketazio-arduraduna Leitzara joan zenean. Gaur egun fitxategi bat segundo gutxitan bidal daiteke munduko edozein txokotara. Orduan, ordea, disketak eta postaria behar ziren. Lehenengo urte haietako ale gehienak Zorrotzatik ehunka kilometrora prestatu ziren. Horrek are balio handiagoa ematen dio egindako lanari.
Musutruk egindako lana izan da gehienetan, baina beti auzoarekiko eta euskararekiko konpromisoari eutsiz
Bidean ezinbestekoa izan da iragarleen laguntza ere. Udalaren diru-laguntza jasotzen dugun arren, urtearen amaieran iristen da, eta hasierako urteetan publizitatea funtsezkoa izan zen aldizkariak bizirik jarraitzeko. Gainera, haien laguntza ez da iragarkietara mugatzen: gaur egun ere haien dendak eta tabernak dira gure banaketa-sarearen oinarrietako bat.
Ba al dago formula magikorik 31 urtez eta 100 aletan iraun ahal izateko? Seguruenik ez. Baina badaude laguntzen duten osagai batzuk: egiten dugunaz gozatzea, gustuko dugun bidean aritzea eta auzoarekin lotura estua mantentzea. Zorrotz Morrotzek aukera eman digu auzoa eta auzokideak gertutik ezagutzeko. Kasu askotan, elkarrizketa batek adiskidetasun bihurtu du harremana. Ogibidean trebatzeko eskola izan da batzuentzat, eta esperientzia pertsonal aberasgarria guztiontzat.
Gure aisialdian egindako lana izan da, eta gehienetan, musutruk. Auzolana, bai, baina auzoarekiko eta euskararekiko konpromiso sendo batean oinarritutako auzolana. Euskara sustatzea izan delako beti gure xedea, eta hau sortzeko arrazoi nagusia ere bai. Gaur egun, zaila da Zorrotzako euskal komunitatea ZM gabe ulertzea.
Eta euskara bezain garrantzitsua izan da auzoa bera. Azken finean, ZM Zorrotza ere bada. Urte hauetan guztietan auzoan gertatutakoaren lekukotasuna jaso dugu gure orrialdeetan. Hamaika bizipen, hamaika istorio eta hamaika protagonista. Protagonista horiek gabe, auzokiderik gabe, hau guztia ez zen posible izango. Horregatik, ale berezi honetan, lehen aldiz, fokua geuregan jarri dugu. Modu batera edo bestera, hau posible egin dugunon eta egiten dugunon txanda da.
Ehun ale bete ditugu. Ez dakigu zenbat gehiago etorriko diren, ezta nolakoak izango diren ere. Baina badakigu proiektu honek zergatik jarraituko duen: euskararen, auzoaren eta auzokideen istorioak kontatzen jarraitzeko.
Zorionak, Zorrotz Morrotz.
Eta urte askotarako.

