Gure Lurra, 40 urte auzoa eraikitzen
Duela lau hamarkada sortutako aisialdi elkarteak Zorrotzako belaunaldi askoren bizitzan arrastoa utzi du. Boluntariotzan, hezkuntzan eta auzo-lanean oinarrituta, Gure Lurrak maiatzaren 30ean ospatu du bere 40. urteurrena, auzo osoari irekitako festa handi batekin.
IGOR GUTIÉRREZ
Ideia xume batetik auzoko erreferente izatera
80ko hamarkadaren erdialdean, Zorrotzako gazte talde batek ideia xume baina handi bati heldu zion: haurrak eta gazteak elkartzeko, jolasteko eta auzoan parte hartzeko espazioak sortzea. Baliabide gutxi zituzten, baina ilusioa eta egiteko gogoa soberan. Horrela jaio zen Gure Lurra aisialdi elkartea.
Lehen urteetan tailerrak, topaketak eta jai herrikoiak antolatzen hasi ziren. Jarduera bakoitza auzoko harremanak sendotzeko aitzakia bihurtu zen, eta pixkanaka Zorrotzako bizitza sozial eta komunitarioan toki berezia hartu zuen elkarteak.
Denborarekin, proiektua handitzen joan da, eta gaur egun hainbat egitasmo ditu martxan. Haurgune eta Gaztegune programak gazteen parte-hartzerako erreferente bihurtu dira, eta Lurtarrak eta Pausoak aisialdi taldeek asteburuetako ekintzak eta oporretako udalekuak eskaintzen jarraitzen dute.

Baliabide handirik gabe, baina ilusioz eta auzolanerako gogoarekin jaio zen Gure Lurra
Belaunaldiak lotzen dituen elkartea
Gure Lurraren historian zehar ehunka haur, gazte eta familia igaro dira elkartetik. Udalekuak eta aisialdiko jarduerak belaunaldi askoren oroitzapen berezien parte bihurtu dira eta, gaur egun, garai batean parte-hartzaile izan ziren batzuk begirale gisa itzuli dira.
Elkartea, urteotan, beste hainbat proiektu ere garatu ditu, hala nola Jolastu Parkean edo Bilbao.Gaua ekimenak, auzoko plazak eta kiroldegia jolasez, musikaz eta bizitzaz betetzen zituztenak. Horrez gain, erakundeekin elkarlanean, Auzoka Komunitate Zentroa, Aisi Bizi programa edo Caixa Proinfancia bezalako egitasmoak jarri dituzte martxan.
Eguberrietako, Aste Santuko eta udako hiri-koloniak ere ohiko hitzordu bihurtu dira familia askorentzat, opor garaian aisialdi eta hezkuntza eskaintza uztartuz.
Elkarteko kideek nabarmendu dute 40 urte hauetan proiektuari eutsi diona ez direla soilik jarduerak izan, baizik eta auzoko jendearen inplikazioa: boluntarioak, familiak, haur eta gazteak, eta urteetan zehar parte hartu duten pertsona guztiak.
Garai batean ume izan ziren batzuk gaur egun begirale dira, belaunaldi berriei esperientzia berdina eskaintzen.
Urteurren festa handia
Maiatzaren 30ean Gure Lurrak festa berezia prestatu zuen, Zorrotza osoarentzat
irekia. Egun osoan zehar adin guztientzako jarduerak antolatu zituzten: haurrentzako jolasak, bingoa, elektrotxaranga eta elkartearen ibilbidea gogorarazteko argazki erakusketa.
Goizean, ekitaldi nagusia egin zen, liburutegiaren ondoko lorategi zatian. Leku berean, orain dela 10 urte, zuhaitz bat landatu zuten, 30. urteurrena ospatzeko egindako jaian. Hasierako dantzaren ondoren, Gure Lurrako aitzindariak omendu zituzten. Jarraian, ume txikiek margoztutako harriak belarretan hedatu zituzten. Bukatzeko, denbora-kapsula bat objektu bereziez bete eta lorategian bertan egindako zuloan lurperatu zuten, hogei urte barru elkarteko kide izango direnek atera dezaten.
Eguneko une nagusietako bat herri bazkaria izan zen, berrehundik gorako partaiderekin, garai guztietako kide eta lagunak bildu zituena. Bazkalondoa girotzeko bingo musikatua egon zen. Eta jaiari amaiera emateko, Tele Zorrotza DJarekin kalejiran ibili ziren kalerik kale.
Urte askotarako, Gure Lurra!

