Seberia Bilbaínak ez ditu ingurumen araudiak betetzen
Carlos Rodríguez
Sebería Bilbaina haragi-azpiproduktuak eraldatzen dituen enpresa kooperatiboa da; hain zuzen, sebo urtua eta haragi-irina ekoizten ditu animalien hondakinak (seboa eta hezurrak) erabiliz.
Fabrika hau, gaur egun Zubileta auzoan (Burtzeña) dagoena, 1906an jaio zen Matikon, garai hartan hiltegia zegoen lekuan. Hiltegiko instalazioak Zorrotzara ekartzearekin batera, egurra inportatzen zuen enpresa zahar baten lokaletara eraman zuen ekoizpena, Zorrotza aurrean dagoen Zubileta auzora.
Azken bizpahiru hamarkadetan, enpresak auzoan ospe txarra hartu du eta hartzen ari da, usain desatsegin eta higuingarriak sortzen baititu, eta horrek sortzen du bizilagun askok leihoak itxi behar izatea, batez ere gauez.
Hori dela eta, duela gutxi Auzo Elkarteak idatzi bat bidali dio enpresari, usain txarrak isurtzeari utz diezaion eskatzeko edo, behintzat, isurketak ahalik eta gehien gutxitzeko, horretarako beharko liratekeen hobekuntza teknologikoak edo iragazketa-sistema zorrotzago bat ezarriz. Orain arte ez dugu erantzunik jaso.
Egia esan, beren jarduera dela eta, enpresa mota horiek aldian-aldian Eusko Jaurlaritzaren ingurumen-ikuskapenak egitera behartuta daude. Zehazki, Seberia Bilbainak 2025eko maiatzean jaso zuen azken ikuskapena.
Auzo Elkartean ikuskapen horri dagokion txostena aurkitu dugu, eta ikusi dugu Seberiak ez dituela betetzen hainbat irizpide; hala nola, airearen kalitatearen eta uraren babesari dagozkionak, ezta hondakinen eta lurzoruen kudeaketari eskatzen zaizkionak ere.
Ez-betetze horiei oso garrantzitsuak iritzita, Eusko Jaurlaritzako Industria Sailera jo dugu, enpresa horri lehenbailehen zuzentzeko eska diezaion.
Industria Sailetik jakinarazi digutenez, Sebería Bilbainak ingurumena kudeatzeko bi enpresa kontratatu berri ditu, irregulartasun horiek konpontzen has daitezen.
Hala ere, Sader eta Profersarekin izandako esperientzia txarra ikusita, Zorrotzako auzo-mugimenduan ez gara fidatzen Eusko Jaurlaritzaren ikuskaritzez, eta are gutxiago, enpresa horrek ez-betetze horiek berme osoz eta azkar ebazteaz.
Era berean, susmatzen dugu Sebería enpresa zaharkituta dagoela, ez duela azpiegitura egokirik eta ez dagoela teknologikoki eguneratuta, Sader eta Profersa bezalaxe.
Beraz, erne jarraitu behar dugu, eta, era berean, gonbidatu Zorrotzako bizilagunak kexak jartzera, industria horrek haien bizi-kalitatea murrizten duela uste badute.
