2022ko Korrika, pandemiaren ondoko lehena, ikusgarria eta hunkigarria izan bazen, aurtengoa ez da makalagoa izan, argazkiek erakusten dutenez. Oso berri ona da zorrotzarrok behin eta berriz Korrikari erakusten diogun babesa. Harro herri, Zorrotza!
TESTUA: IGOR GUTIÉRREZ. ARGAZKIAK: AEK – AITOR MARÍN
Aurtengo Korrika, hogeita hirugarrena, martxoaren 14tik 24ra ibili da Euskal Herrian zehar, Irundik hasi eta Baionan bukatuta. Zorrotzatik, berriz, hilaren 21ean igaro zen, ostegun iluntzean. Berriz ere, auzokideen parte hartzea oso zabala izan da, Korrikan ez ezik, haren aurretik ere.
Ohi denez, aurreko asteburuan Korrika Kulturala antolatu zen, auzoko elkarteen lankidetzaz. Kirikoketa ikuskizuna, Askabideren eskutik. Herri Kirolak, Gure Lurrak antolaturik. Herri bazkaria, AEKk loturik. Erromeria, Ibai-Arte dantza-taldearen eskutik. Eta kantu-poteoa, Txinbotarrak konpartsak lagundurik.
Tipi-tapa, tipi-tapa, Zorrotza korrika!
Korrika egunean bertan, Zorrotzako ikasleek kaleak hartu zituzten Korrika Txikian. Zazpi Landa eskolan hasi, Fray Juan eskolatik pasatu eta Institutuan bukatu zuten, koreografia bateratu eta guzti. Arratsaldean, berriz, haurrentzako tailerrak eta txokolate jana antolatu zuen Zazpi Landa eskolako Guraso Elkarteak Jai Batzordearekin batera, ume eta helduak Korrikaren zain zeuden bitartean. Korrika atzerapenarekin sartu zen Zorrotzara, eta ziztu bizian zeharkatu zituen gure kaleak, jendetzagatik ohikoak diren erritmo aldaketak gorabehera. Zorrotzarrok lekukoa Basurturi hartu eta Burtzeñari laga genion, Barakaldoko bidea hartu zuelarik.
Bigarrenez, Sukalde Zikloa antolatu du Auzoka Komunitate Zentroak, sekulako arrakastarekin. Errezeta borobila: jatorri ezberdineko auzotarrak beraien herrietako jakiak jendaurrean prestatzen eta elkarrekin dastatzen.
TESTUA: IGOR GUTIÉRREZ | ARGAZKIAK: AUZOKA KOMUNIT. ZENTROA
Jakina da sukaldeak duen erakartzeko gaitasuna eta kultura ezberdinen artean zubiak erakitzeko duen ahalmena. Gainera, sukaldaria zure auzoko bizilaguna denean, errezeta borobila da.
Horixe bera irudikatu zuten Auzoka Komunitate Zentroko hezitzaileek iaz, Sukalde Zikloa abiatzea bururatu zitzaienean. “Auzokan egiten den hezkuntza-indartze programan jatorri ezberdinetako gazteak ditugu, eta pentsatu genuen ederra litzatekeela beraien familiak elkar ezagutzea eta, aldi berean, auzoan bizi diren kulturak erakustea”, diosku Mikelek. Hala, familia batzuk beraien herrietako jakiak jendaurrean prestatzera animatu zituzten eta horrela lehen zikloko hiru saioak antolatu zituzten, Maroko, Argentina eta Venezuelako sukaldaritzan oinarrituta. Guztira, 60 partaide izan ziren iaz.
Saioen formatua showcooking tankerakoa da. Sukaldariek zuzenean prestatzen dituzte jakiak, ikusleei azalpenak ematen dizkieten bitartean. Batzuetan, publikoak ere parte hartzen du, sukaldariei lagunduz. Amaieran, platerak elkarrekin dastatzen dituzte. Elkartrukea eta kulturarteko harremana berez sortzen da, bultzatu beharrik gabe. Azken finean, janariaren inguruan denok dugu zer galdetu, zer aipatu. Parte hartzea doakoa da, baina aurrez izena eman behar da, taldea handiegia izan ez dadin. Saioak ostiraletan egin dira, Auzokan bertan.
Senegal, Euskal Herria eta Nikaragua
Aurtengo zikloari Senegalek eman zion hasiera, Arame eta Umu sukaldarien eskutik. Erakutsitako errezeta Thiebou Dyenn izan zen, Senegaleko plater nazionaltzat hartzen dena eta, hitzez hitz, arroza eta arraina esan nahi duena. Oso ale txikiko arroza erabiltzeaz gain, gurean ikusten ez diren bestelako osagai batzuk ditu, hala nola, batata, juka, tamarindoa ala hibiskoa. Alde batetik, arraina frijitzen da, eta bestetik, barazkiz osaturiko olio errea egiten da. Arroza erdi egosita gehitzen da olio erre horretara eta, eginda dagoenean, platerera ateratzen da, barazkiak eta arraina gainean jarrita. Thiebou Dyenna laguntzeko, bissap edaria ere prestatu zuten Aramek eta Umuk, hibiskuz egina. Partaideek janaria usaintsu bezain zaporetsu deskribatu zuten.
Sukaldariak Auzokan egiten den hezkuntza- indartze programako gazteen senideak dira
Bigarren saioan, Euskal Herriak hartu zuen lekukoa, Yoli eta Edurneren eskutik. Txibiak tintan eta makailua piperradarekin prestatu zituzten. Bien bitartean, publikoa pintxoak egiten jarri zuten, makailu pikantea, gildak eta kilkerrak, hain zuzen. Azken hori askori ezezaguna suertatu zitzaion, akaso gaur egun ez delako hain ohikoa tabernetan ikustea.
Zikloa ixteko, Nikaraguako sukaldearen saioa izan zen, Paola eta Gloriaren eskutik. Vigorones, tajadas eta repochetas izan ziren prestaturiko platerak. Bigoroiak azaburu entsaladak dira, juka eta txintxortekin, dena platano-orri baten gainean zerbitzatuta. Tajadak, berriz, platano xerra frijituak dira, haragia, gazta eta abarrekin. Eta repotxetak arto-tortillak dira, gazta eta entsalada gainean daramatzatenak. Partaideak poz-pozik atera ziren, merienda koloretsuaz gozatuta.
Beste behin ere, aurtengo Sukalde Zikloaren arrakasta borobila izan da. Saio bakoitzean hogei bat partaide bildu dira. Hurrengora arte!
Abian da zorrotzmorrotz.eus. Paperean ez ezik, hemendik aurrera gure eduki guztiak sarean ere egongo dira irakurgai, eta ZMeko ale zahar guztiak ere deskargatu daitezke
TESTUA: AITOR MARÍN
1995eko irailean argitaratu zuen Zorrotzako Euskal Txokoa Kultur Elkarteak Zorrotz Morrotz aldizkariaren lehen alea. Lau orrialdeko eta tinta bakar batean inprimatutako lehen argitalpen hura, Bilbon argitaratu zen lehen herri aldizkaria izan zen. Zorrotzako postontzi guztietan banatu zen lehen ale horretatik denbora asko igaro den arren, asmoa berdina da gaur egun: Zorrotzako auzoari informazioa euskaraz emateaz gain, euskararen presentzia handitzea du helburu Zorrotz Morrotzek, egunero erabili ahal izateraino.
Eta bide horretan, Zorrotz Morrotzek beste aurrerapauso bat eman du. Hemendik aurrera, paperean ez ezik, gure albiste, erreportaje, eta elkarrizketa guztiak irakurgai egongo dira gure zorrotzmorrotz.eus webgune berrian ere. Eta ez hori bakarrik: argitalpen zaharrenak digitalizatu ditugu eta hemen deskargatu ahal izango dira gure ale guztiak PDF formatuan; harpidetza eskatu daiteke aldizkaria zuen postan jasotzeko, eta abian jarriko dugun agendan, gure auzoan programatutako jarduera guztien berri izateko aukera egongo da. Eta, gainera, indartu egingo ditugu sare sozialetan ditugun profil guztiak. Beraz, gure irakurle guztiak animatzen ditugu sare sozialetan ere gu jarraitzera.
Erronka handia bada paperezko komunikabide batentzat bizirautea, zer esanik ez tokian tokiko aldizkari bat bada 2024ko gizarte globalizatuan. Eta zailtasun hori biderkatzen da gurea bezalako inguru erdaldun batean euskara hutsean badihardugu. Beraz, bidea ez da erraza izan, jakina. Baina zorionez, harro esan dezakegu aldizkari egiturarik gabe hasi zen erronka hura gaur egun finkatuta dagoela 24 orrialdeko bihilabetekari bihurtuta. ZM Bilbon bizirauten duen paperezko proiektu bakarrenetarikoa da eta auzoko proiektu komunikatiborik sendoena ere bada, euskara hutsean, eta auzoan hizkuntza bultzatzeko helburuari eutsita.
Hasierako lehenengo ale hartatik, hazten joan ziren proiektua eta aldizkariaren orrialde kopurua. Inolako maiztasun finkorik izan gabe, 7. alerako, ZM hamabi orrialdeko argitalpen finkatua zen. 8. alean, azala koloretan inprimatu zen lehendabizikoz, eta 2001ean, 20 orrialde bazituen jada Zorrotz Morrotzek. 2005etik 2009ra 36 orrialdeko argitalpen bihurtu zen, baina urtean ale bakarra argitaratuta. Garai haietan bizitako krisialdiak asko mugatu zuen elkarteak aldizkaria kaleratzeko jasotzen zuen udal diru-laguntza, eta horrek eragin handia izan zuen proiektuan.
1995ean lehen ale hura argitaratu genuenean bezala, Zorrotza euskalduntzen jarraitzeko helburu eta grina berberei eutsita sarera egin dugu jauzi orain
2010etik bi saiakera egon ziren aldizkaria berpizteko, eta urte hauetan bi ale baino ez ziren argitaratu (2010ean eta 2013an). Harik eta 2015ean, erredakzio-taldeko kide baten kanpo-lanaren erdi-kontratazioaren bidez, proiektuak behar zuen bultzada jaso zuen arte. Hala ere, diseinu, maketazio, kudeaketa eta koordinazio lan teknikoa izan ezik, Zorrotz Morrotzeko erredakzio taldeko kide guztiek zentimo bakar bat ere kobratu gabe jarraitzen dute funtsezkoena egiten, hau da, argitalpenaren edukiak idazten. Hala izan da 1995ean argitaratu zen lehenengo egunetik, eta horrela izaten jarraitzea nahi dugu. Eta gainera, gogoratu nahi dugu gure erredakzio taldea ez dela talde itxia. Aitzitik, oso pozik hartuko genuke gure proiektuan lagundu nahiko lukeen edonor, bai edukia idazten edota proiektua bera garatzen. Gure webguneko “harpidetza” atalean gurekin harremanetan jarri besterik ez duzue.
Baztertuta izandako publizitateak eragindako diru-sarrera berriek ere garrantzi handia izan zuten hasierako gastuei aurre egin ahal izateko, eta une hartatik komunikabide honetan webgunean zerrendatuta topatu daitezkeen eta iragarri diren auzoko merkatari eta ostalari guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu.
Itzela da honaino heldu izana. Ez sinistekoa! Izan ere, proiektu xume honek Zorrotza euskalduntzeko bidean ekarpen handia egin duelakoan gaude. Baina iragana ahaztu gabe, etorkizunera begiratzeko ere garaia da. Eta proiektuaren etorkizuna bermatu nahi badugu, aro digital honetan, sarean egoteak berebiziko garrantzia dauka. Eta horregatik, eta 1995ean lehen ale hura argitaratu genuenean bezala, Zorrotza euskalduntzen jarraitzeko helburu eta grina berberei eutsita sarera egingo dugu jauzi orain. Espero dugu gustuko izatea, eta plataforma apal honek helburu horietan aurrera egiten jarraitzeko balio izatea.
https://zorrotzmorrotz.eus/wp-content/uploads/2024/05/zm.eus_.jpg13352000ZM_EDITOREAhttps://zorrotzmorrotz.eus/wp-content/uploads/2024/06/ZORROTZMORROTZ_IKONOA_2024.pngZM_EDITOREA2024-05-07 18:17:022024-05-07 18:17:04ZMeko webgunea martxan dago