Auzoko kulturak pil-pilean

Bigarrenez, Sukalde Zikloa antolatu du Auzoka Komunitate Zentroak, sekulako arrakastarekin. Errezeta borobila: jatorri ezberdineko auzotarrak beraien herrietako jakiak jendaurrean prestatzen eta elkarrekin dastatzen.

TESTUA: IGOR GUTIÉRREZ | ARGAZKIAK: AUZOKA KOMUNIT. ZENTROA

Jakina da sukaldeak duen erakartzeko gaitasuna eta kultura ezberdinen artean zubiak erakitzeko duen ahalmena. Gainera, sukaldaria zure auzoko bizilaguna denean, errezeta borobila da.

Horixe bera irudikatu zuten Auzoka Komunitate Zentroko hezitzaileek iaz, Sukalde Zikloa abiatzea bururatu zitzaienean. “Auzokan egiten den hezkuntza-indartze programan jatorri ezberdinetako gazteak ditugu, eta pentsatu genuen ederra litzatekeela beraien familiak elkar ezagutzea eta, aldi berean, auzoan bizi diren kulturak erakustea”, diosku Mikelek. Hala, familia batzuk beraien herrietako jakiak jendaurrean prestatzera animatu zituzten eta horrela lehen zikloko hiru saioak antolatu zituzten, Maroko, Argentina eta Venezuelako sukaldaritzan oinarrituta. Guztira, 60 partaide izan ziren iaz.

Saioen formatua showcooking tankerakoa da. Sukaldariek zuzenean prestatzen dituzte jakiak, ikusleei azalpenak ematen dizkieten bitartean. Batzuetan, publikoak ere parte hartzen du, sukaldariei lagunduz. Amaieran, platerak elkarrekin dastatzen dituzte. Elkartrukea eta kulturarteko harremana berez sortzen da, bultzatu beharrik gabe. Azken finean, janariaren inguruan denok dugu zer galdetu, zer aipatu. Parte hartzea doakoa da, baina aurrez izena eman behar da, taldea handiegia izan ez dadin. Saioak ostiraletan egin dira, Auzokan bertan.

Senegal, Euskal Herria eta Nikaragua

Aurtengo zikloari Senegalek eman zion hasiera, Arame eta Umu sukaldarien eskutik. Erakutsitako errezeta Thiebou Dyenn izan zen, Senegaleko plater nazionaltzat hartzen dena eta, hitzez hitz, arroza eta arraina esan nahi duena. Oso ale txikiko arroza erabiltzeaz gain, gurean ikusten ez diren bestelako osagai batzuk ditu, hala nola, batata, juka, tamarindoa ala hibiskoa. Alde batetik, arraina frijitzen da, eta bestetik, barazkiz osaturiko olio errea egiten da. Arroza erdi egosita gehitzen da olio erre horretara eta, eginda dagoenean, platerera ateratzen da, barazkiak eta arraina gainean jarrita. Thiebou Dyenna laguntzeko, bissap edaria ere prestatu zuten Aramek eta Umuk, hibiskuz egina. Partaideek janaria usaintsu bezain zaporetsu deskribatu zuten.

Sukaldariak Auzokan egiten den hezkuntza- indartze programako gazteen senideak dira

Bigarren saioan, Euskal Herriak hartu zuen lekukoa, Yoli eta Edurneren eskutik. Txibiak tintan eta makailua piperradarekin prestatu zituzten. Bien bitartean, publikoa pintxoak egiten jarri zuten, makailu pikantea, gildak eta kilkerrak, hain zuzen. Azken hori askori ezezaguna suertatu zitzaion, akaso gaur egun ez delako hain ohikoa tabernetan ikustea.

Zikloa ixteko, Nikaraguako sukaldearen saioa izan zen, Paola eta Gloriaren eskutik. Vigorones, tajadas eta repochetas izan ziren prestaturiko platerak. Bigoroiak azaburu entsaladak dira, juka eta txintxortekin, dena platano-orri baten gainean zerbitzatuta. Tajadak, berriz, platano xerra frijituak dira, haragia, gazta eta abarrekin. Eta repotxetak arto-tortillak dira, gazta eta entsalada gainean daramatzatenak. Partaideak poz-pozik atera ziren, merienda koloretsuaz gozatuta.

Beste behin ere, aurtengo Sukalde Zikloaren arrakasta borobila izan da. Saio bakoitzean hogei bat partaide bildu dira. Hurrengora arte!