ZMeko webgunea martxan dago

Abian da zorrotzmorrotz.eus. Paperean ez ezik, hemendik aurrera gure eduki guztiak sarean ere egongo dira irakurgai, eta  ZMeko ale zahar guztiak ere deskargatu daitezke

TESTUA: AITOR MARÍN

1995eko irailean argitaratu zuen Zorrotzako Euskal Txokoa Kultur Elkarteak Zorrotz Morrotz aldizkariaren lehen alea. Lau orrialdeko eta tinta bakar batean inprimatutako lehen argitalpen hura, Bilbon argitaratu zen lehen herri aldizkaria izan zen. Zorrotzako postontzi guztietan banatu zen lehen ale horretatik denbora asko igaro den arren, asmoa berdina da gaur egun: Zorrotzako auzoari informazioa euskaraz emateaz gain, euskararen presentzia handitzea du helburu Zorrotz Morrotzek, egunero erabili ahal izateraino.

Eta bide horretan, Zorrotz Morrotzek beste aurrerapauso bat eman du. Hemendik aurrera, paperean ez ezik, gure albiste, erreportaje, eta elkarrizketa guztiak irakurgai egongo dira gure zorrotzmorrotz.eus webgune berrian ere. Eta ez hori bakarrik: argitalpen zaharrenak digitalizatu ditugu eta hemen deskargatu ahal izango dira gure ale guztiak PDF formatuan; harpidetza eskatu daiteke aldizkaria zuen postan jasotzeko, eta abian jarriko dugun agendan, gure auzoan programatutako jarduera guztien berri izateko aukera egongo da. Eta, gainera, indartu egingo ditugu sare sozialetan ditugun profil guztiak. Beraz, gure irakurle guztiak animatzen ditugu sare sozialetan ere gu jarraitzera.

Erronka handia bada paperezko komunikabide batentzat bizirautea, zer esanik ez tokian tokiko aldizkari bat bada 2024ko gizarte globalizatuan. Eta zailtasun hori biderkatzen da gurea bezalako inguru erdaldun batean euskara hutsean badihardugu. Beraz, bidea ez da erraza izan, jakina. Baina zorionez, harro esan dezakegu aldizkari egiturarik gabe hasi zen erronka hura gaur egun finkatuta dagoela 24 orrialdeko bihilabetekari bihurtuta. ZM Bilbon bizirauten duen paperezko proiektu bakarrenetarikoa da eta auzoko proiektu komunikatiborik sendoena ere bada, euskara hutsean, eta auzoan hizkuntza bultzatzeko helburuari eutsita.

Hasierako lehenengo ale hartatik, hazten joan ziren proiektua eta aldizkariaren orrialde kopurua. Inolako maiztasun finkorik izan gabe, 7. alerako, ZM hamabi orrialdeko argitalpen finkatua zen. 8. alean, azala koloretan inprimatu zen lehendabizikoz, eta  2001ean, 20 orrialde bazituen jada Zorrotz Morrotzek. 2005etik 2009ra 36 orrialdeko argitalpen bihurtu zen, baina urtean ale bakarra argitaratuta. Garai haietan bizitako krisialdiak asko mugatu zuen elkarteak aldizkaria kaleratzeko jasotzen zuen udal diru-laguntza, eta horrek eragin handia izan zuen proiektuan.

1995ean lehen ale hura argitaratu genuenean bezala, Zorrotza euskalduntzen jarraitzeko helburu eta grina berberei eutsita sarera egin dugu jauzi orain

2010etik bi saiakera egon ziren aldizkaria berpizteko, eta urte hauetan bi ale baino ez ziren argitaratu (2010ean eta 2013an). Harik eta 2015ean, erredakzio-taldeko kide baten kanpo-lanaren erdi-kontratazioaren bidez, proiektuak behar zuen bultzada jaso zuen arte. Hala ere, diseinu, maketazio, kudeaketa eta koordinazio lan teknikoa izan ezik, Zorrotz Morrotzeko erredakzio taldeko kide guztiek zentimo bakar bat ere kobratu gabe jarraitzen dute funtsezkoena egiten, hau da, argitalpenaren edukiak idazten. Hala izan da 1995ean argitaratu zen lehenengo egunetik, eta horrela izaten jarraitzea nahi dugu. Eta gainera, gogoratu nahi dugu gure erredakzio taldea ez dela talde itxia. Aitzitik, oso pozik hartuko genuke gure proiektuan lagundu nahiko lukeen edonor, bai edukia idazten edota proiektua bera garatzen. Gure webguneko “harpidetza” atalean gurekin harremanetan jarri besterik ez duzue.

Baztertuta izandako publizitateak eragindako diru-sarrera berriek ere garrantzi handia izan zuten hasierako gastuei aurre egin ahal izateko, eta une hartatik komunikabide honetan webgunean zerrendatuta topatu daitezkeen eta iragarri diren auzoko merkatari eta ostalari guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu.

Itzela da honaino heldu izana. Ez sinistekoa! Izan ere, proiektu xume honek Zorrotza euskalduntzeko bidean ekarpen handia egin duelakoan gaude. Baina iragana ahaztu gabe, etorkizunera begiratzeko ere garaia da. Eta proiektuaren etorkizuna bermatu nahi badugu, aro digital honetan, sarean egoteak berebiziko garrantzia dauka. Eta horregatik, eta 1995ean lehen ale hura argitaratu genuenean bezala, Zorrotza euskalduntzen jarraitzeko helburu eta grina berberei eutsita sarera egingo dugu jauzi orain. Espero dugu gustuko izatea, eta plataforma apal honek helburu horietan aurrera egiten jarraitzeko balio izatea.