Tipi-tapa, tipi-tapa, Zorrotza korrika!
2022ko Korrika, pandemiaren ondoko lehena, ikusgarria eta hunkigarria izan bazen, aurtengoa ez da makalagoa izan, argazkiek erakusten dutenez. Oso berri ona da zorrotzarrok behin eta berriz Korrikari erakusten diogun babesa. Harro herri, Zorrotza!
TESTUA: IGOR GUTIÉRREZ. ARGAZKIAK: AEK – AITOR MARÍN
Aurtengo Korrika, hogeita hirugarrena, martxoaren 14tik 24ra ibili da Euskal Herrian zehar, Irundik hasi eta Baionan bukatuta. Zorrotzatik, berriz, hilaren 21ean igaro zen, ostegun iluntzean. Berriz ere, auzokideen parte hartzea oso zabala izan da, Korrikan ez ezik, haren aurretik ere.
Ohi denez, aurreko asteburuan Korrika Kulturala antolatu zen, auzoko elkarteen lankidetzaz. Kirikoketa ikuskizuna, Askabideren eskutik. Herri Kirolak, Gure Lurrak antolaturik. Herri bazkaria, AEKk loturik. Erromeria, Ibai-Arte dantza-taldearen eskutik. Eta kantu-poteoa, Txinbotarrak konpartsak lagundurik.

Korrika egunean bertan, Zorrotzako ikasleek kaleak hartu zituzten Korrika Txikian. Zazpi Landa eskolan hasi, Fray Juan eskolatik pasatu eta Institutuan bukatu zuten, koreografia bateratu eta guzti. Arratsaldean, berriz, haurrentzako tailerrak eta txokolate jana antolatu zuen Zazpi Landa eskolako Guraso Elkarteak Jai Batzordearekin batera, ume eta helduak Korrikaren zain zeuden bitartean. Korrika atzerapenarekin sartu zen Zorrotzara, eta ziztu bizian zeharkatu zituen gure kaleak, jendetzagatik ohikoak diren erritmo aldaketak gorabehera. Zorrotzarrok lekukoa Basurturi hartu eta Burtzeñari laga genion, Barakaldoko bidea hartu zuelarik.
