Bizitza lanbide

Asier Urkiza

Il mestiere di vivere, alegia, Bizitza lanbide – 1997an Maite Lopetegik euskarara ekarria- izenburua jarri zion Cesare Pavesek bere egunerokoari. Bizimoduaren artea, bizitzearen erronka. Ars vivendia. Ez da txorakerietarako kontua. Bizitzea da denik eta abenturarik zirraragarriena, baina ez da arnaste, egote hutsa. Aitzitik, bizimodua eraiki beharra dago, erabakiak hartuz, aktiboki; erabakirik ez hartzea, hau da, haizeak nora gu hara, hori ere erabakirik hartzea delako. Egunerokoan gauzatzen da bizimodua, horretan zehazten ditugu egin beharreko zirt edo zartak, orduen pilaketa trinko horretan funtsatzen da, ondorioz, bizitza. Aldakorra da, dinamikoa, ezegonkorra. Hori dela eta, egunero borrokatu beharra dago, egunero jokatzen baita partida. Parte-hartu behar dugu bizitzan, dadoa bota. Hordago eta enbido. Kartak ez ditugu beti aukeratzen, baina inork ez digu jokatuko guk egin ezean.

Bizitzak zentzurik duen galdera zaharrari ez diot erantzunik aurkitu, baina argi dut zentzurik izatekotan guk geuk eraiki beharrekoa dela. Eraikuntza hori egunerokoa da, tai gabekoa. Eta ederra da, garratza da, goxoa da, gogorra da. Langintzaren metaforekin jarraituz, Lavorare stanca -Lan egiteak nekatzen du– du izenburu Paveseren poema liburu batek. Bizitza nekagarria, biziminak eta ezinbiziak sarritan bizi gaituztenez. Izan ere, aspaldian jendea nekatuta antzematen dut nik, etsiak hartuta. Kopetilun samar eta inertziaz bezala aurrera egiten. Ez da joera berria, pandemia arotik arrastaka dakarguna baizik. Korronteak eramate hori da, hain zuzen, bizitza lantzearen kontrakoa. Bizitza landu beharra dago, bai, harginak harria nola, hari forma emateko, hura itxuratzeko. Eraman gaitzaten uztea -inertziak, sare sozialek, indiferentzia orokortuak, Twitterrek, gain-informazioak, Ideologiak- sistema petral honen ur sakonetan barneratzea da, bizimodu maingu bat besarkatzea. Ezerezerantz amiltzea, gero eta gutxiago gizaki, gero eta gehiago algoritmo. Alokatutako bizimodu bat bizitzearen antzeko zerbait.

Ez dago erraz eta ez dago bide bakarrik. Cesare Pavesek buruaz beste egin zuen Torinoko hotel batean, 41 urte zituela. Izan zen bere bizitzaren aztertzaile zorrotza eta akaso zorroztasun moral horrek eraman zuen galbidera. Akaso, eta paradoxikoki, bizitzarekiko gehiegizko atxikimenduak ekarri zion eguneroko errealitatea mendean hartzeko ezina, bere lagun Natalia Ginzburgi kasu egiten badiogu: “ez zion amore eman nahi eguneroko ibilbidea maitatzeari, zeina aurrera baitoa beti bat, eta itxuraz sekreturik gabe”. Bukaera tragikoa gorabehera, egunen joana maitatzeko adibide ederra ematen du piamontearrak. Hura sortzea, eraikitzea, ulertzea, besteekin batera egitea. Nork eraiki behar du berea, ordea, nork bere bidea urratu.

Zorrotzako NATOren Aurkako Taldea eratu dogu eta lehen pausoak ematen hasiak gara

Zorrotzako NATOren Aurkako Taldea

NATO erakunde armatu bat da, Mendebaldeko kapitalismoa defendatzeko eta inperialismo gordinaren estrategian, beste herrialde batzuetan eskuak sartzeko, lapurretak egiteko edo gustatzen ez zaizkien gobernuak desagerrarazteko.

1986an egin zan erreferendumean Euskal Herriak ezetz esan eutson NATOri baie naz eta hori, aurrera jarraitu dau gaur egun arte, gero eta diru gehiago sartzen armetan, naz eta beraiek eragindako krisiak egon.

Auzoko talde hau osatu zan, igaz Bilbon egin zan NATOren aurkako manian. Mani horretan, lagun batzuek ikusi gendun ikuspuntu antzekoak geneuzkala eta auzoan honen inguruen zeozer egin behar genduela.

Manirako propaganda zabaltzen hasi ginan eta gero aurrera egitea adostu gendun. Garaien Ukraniako guda egoan pilpilean eta horregaz abiatzeko puntu bet ikusi gendun. Donbasseko alkartasunako Bilboko taldeagaz kontaktuen jarri ginan eta gaiaren inguruko dokumental bat auzoan emateko ideia atera zan.

Geure artean ondo lotzeko eta Bilboko taldeagaz ondo finkatu arte, denbora joan da eta azkenean abenduan egin dogu ekitaldie, dokumental baten aurkezpena.Batera Karabana Antifaxistaren aurkezpena egin gendun eta Euskal Herria Donbass Komitearen aldizkariaren aurkezpena ere egin gendun..