ZM 100: TAIS SAN JOSÉ: Erredaktore eta koordinatzaile ohia
«ZM eskola handia izan da nire ibilbide profesionalerako»
Nola iritsi zinen Zorrotz Morrotzera, eta zer izan zen parte hartzera bultzatu zintuena?
Kazetaritza ikasten ari nintzela, unibertsitatean ikasitakoa praktikan jartzeko aukera paregabea zela iritzita hasi nintzen aldizkarian.
Zein izan zen zure eginkizuna aldizkarian?
Erredaktore moduan, gaiak bilatzea eta lantzea zen nire eginkizunetako bat eta, aurrerago, erredaktoreburu lanetan ere ibili nintzen. Niretzat eskola handia izan da, nire ibilbide profesionalak idatzizko kazetaritzatik hain justu bideratu nauelako.
Hasierako urte haietako giroa nolakoa zen?
Oso gazte ginen, gogotsu, ideia anitzekin, oso aktiboak ginen. Geure artean laguntzeko prest, eta eztabaidak egiteko leku polita sortu genuen.
Zein momentu edo pasadizo geratu zaizu bereziki grabatuta?
Atseginez gogoratzen dut auzoko txikiteroekin egindako erreportajea: eurekin egon nintzen arratsalde batean, tabernaz taberna abesten zuten bitartean, eta kristoren giroa sortu zuten.
Zein izan zen erronkarik handiena aldizkaria aurrera ateratzeko garaian?
Beharbada, jende falta edo lantalde beraren denbora eskasia. Denok ikasle ginelako, eta gutako batzuk langile ere bai, eta hori dena uztartzea zaila izan zen askotan.
Zergatik utzi zenuen proiektua, eta nola ikusten duzu gaur egunetik begiratuta etapa hura?
Bizitzan sarritan gertatzen zaigun bezala, etapa berriari ekin niolako (lana, familia…) eta lehentasunak aldatu zirelako. Aro hartaz (2002. urtean hasi nintzen eta bertan egon nintzen 2009ra arte) oso bizipen politak ditut, lagunekin, auzoarekin eta gaztetasunarekin lotutakoak.
Nola ikusten duzu aldizkariaren bilakaera?
Indargune gisa ikusten dut aldizkariak eta, oro har, aldizkariko lantaldeak beti lortu duela aurrera egitea, ez dugula kantera faltarik izan, nahiz eta batzuetan jarraitzeko geure burua estu ikusi.
Zure ustez, zer ekarpen egin dio Zorrotz Morrotzek Zorrotzari?
Aldizkaria auzoaren beraren historiaren isla da, bertoko gertakariak eta pertsonak han jasota daudelako eta horrek sekulako garrantzia du, historia bizia baita.
Zer aholku edo mezu emango zenioke gaur egun proiektuan dabilen lantaldeari edo etorkizuneko kolaboratzaileei?
Ahaleginik handiena egitea belaunaldi berriak erakartzen saiatzeko, horietan datzalako aldizkariaren etorkizuna, eta kantera horri parte hartzeko gonbita luzatuko nioke, esperientzia polita delako eta dibertsioa ez zaielako faltako.

