ZM 100 | PABLO FEO: Aldizkariaren sortzaileetarikoa eta diseinatzaile eta maketatzaile ohia

“Inozenteak ginen, baina oso ausartak. Eta hori da behar den bakarra”

Noiz hasi zinen Zorrotz Morrotzen parte hartzen?

Sortzaileetakoa izan nintzen eta ekimen ezin hobea iruditu zitzaigun gure helburuekin bat egiten zuelako: euskera aldarrikapen hutsa izatetik ezinbesteko tresna izatera pasatzea, auzoko euskaldunen lotura izatea eta Zorrotzan euskalduna izatea abantaila zela bermatzea.

Zein izan zen zure eginkizuna aldizkarian, eta zer ikasi zenuen esperientzia hartatik?

Diseinu eta maketazioa. Asko ikasi nuen, noski; lehenbizi maketatzen-edo, lan taldean aritzen, epeak errespetatzen, benetako enpresa baten praktikaldia balitz bezala.

Hasierako urte haietako giroa nolakoa zen?

Zerotik hasiak ginenez, dena genuen ikasteko eta hobetzeko… Edozein aurrerapauso motibagarria zen

Zein izan zen erronkarik handiena?

Seguruenik, finantziazioa izango zen.

Grabatuta geratu zaizun pasadizorik?

Internet oraindik ez izateak zekarren guztia: artxiboak disketetan postaz bidaltzea, argazkiak errebelatzea eta horiek ere postaz bidaltzea… Zorrotza-Leitza eta Leitza-Zorrotza etengabeko zubia erabiltzea

Leitzan bizi zara aspalditik. Horrek eraman zintuen proiektua uztera?

Kanpoan bizitzeak zaildu egiten zidan segitzea. Dena den, niretzat oso garai emankorra izan zen, ideietatik ekintza praktikoetara igarotzeko aukera paregabea. Nahiko inozenteak ginen, baina ausartak, eta hori da behar den bakarra. Ausardiak bultzatu eta denborak eskarmentua ematen dizu.

Internet bidez aldizkariaren irakurlea bazara aspalditik. Nola ikusten duzu aldizkariaren bilakaera?

Ona, profesionala, elegantea, sendoa…

Zer ekarpen egin dio Zorrotz Morrotzek auzoari?

Argi dago holako aldizkari batek hezurdura moduko bat ematen diola Zorrotzako komunitateari. Gaur egun, ezinbesteko garrantzia du tokiko prensak: gertuko gaiak, komunitate sentimendua eta bertako erakundeen erabakien gardentasuna bermatzea.

Zer esango zenioke gaur egungo lantaldeari ala etorkizunean batu ahal direnei?

Gogoz aprobetxatzeko aldizkariak ikasteko, harremanak sortzeko eta auzoa suspertzeko ematen duen aukera. Eta garaiak ematen dituen aukera eta modu berrien isla izateko aldizkariaren proiektua.