ZM 100 | NAROA PEÑA: Koordinadorea eta erredaktorea

“Hutsetik abiatu zen proiektu eder bati jarraipena eman ahal izan diogu”

Nola izan zenuen Zorrotz Morrotzekin lehen harremana?

2004an, DBHko 4. mailan nengoen institutuan. Arratsaldeetan institutuko aldizkarian parte hartzeko aukera izan genuen: testuak idazten, maketazioa egiten eta argazkiak ateratzen genituen, gero laborategi ilunean errebelatzeko. Han piztu zitzaidan komunikazio eta kazetaritzarekiko zaletasuna. Ikasturtea amaitzean, Aitor Marinek, garai hartan nire irakaslea zenak, Zorrotz Morrotzen parte hartzera gonbidatu ninduen. Hasieran onartu nuen, baina beste proiektu batzuengatik 2006an utzi behar izan nuen. 2014an itzuli nintzen.

Zein da zure lana gaur egun aldizkarian?

Artikulu batzuk idazteaz gain, koordinazio-lanak egiten ditut. Besteak beste, fakturazioa, publizitatearen kudeaketa eta aldizkariaren banaketa koordinatzen ditut.

Aldaketarik izan da azken urteotan?

Bai. Esaterako, 2024tik webgunea dugu, eta bertan aldizkariaren ale guztiak kontsulta daitezke. Horrez gain, azken zenbakietan aldizkaria koloretan argitaratzen hasi gara.

Zein da gaur egun Zorrotz Morrotzek duen erronka nagusia?

Etorkizunean proiektuari jarraipena emango dioten pertsona berriak erakartzea. Belaunaldi berrien inplikazioa funtsezkoa izango da aldizkariak aurrera jarrai dezan.

Nolakoa da irakurleen eta komunitatearen erantzuna?

Orokorrean oso ona. Gero eta irakurle gehiago ditugula iruditzen zait, eta sare sozialetan ere gero eta jende gehiagok jarraitzen gaitu.

100. alea argitaratu duzue. Zer esanahi du mugarri honek zuretzat?

Harro sentitzen naiz duela urte asko pertsona talde txiki batek abiatu zuen proiektuari jarraipena eman ahal izan diogulako. Gainera, bi hilean behin ale berri bat kaleratzen jarraitzea eta 100 aleko langa gainditu izana poz handiz bizitzen dut.