ZM 100 | JOXE MARI SARASUA:  ZM aldizkariaren sortzailetarikoa

Hastapenetan, ZM oso ezaguna egin zen Bilboko «zirkuitu” euskaltzaleetan”

Zu ere ZMren sortzaileetakoa izan zinen. Nola gogoratzen duzu ekimenaren hasiera?

Zorrotzako Mintzataldean nenbilen ni artean, auzoko AEK-ko Euskaltegian eskolak ematearekin batera. Mintzatalde horretan sortu zen euskarazko aldizkari bat egiteko ideia, auzoko gauzen berri euskaraz emateko, bertzeak bertze: gabezia hori zegoen garai hartan Zorrotzan. Udalean ongi hartu zuten ekimena, udal zerbitzuetatik hutsune hori betetzeko modurik edo interesik ez baitzegoen.

Eta urte eta talde haietako giroa?

Aktibista, euskaltzalea, optimista, idealista… Garaian-garaikoa.

Zein izan zen zure eginkizuna aldizkarian?

Lehenbiziko zenbakiak maketatu nituen Dell 486 PC batean, pirateatutako PageMaker 4.0 testu editore profesional baten bitartez. Hurrengo zenbakiak, berriz, zuzendu eta orrazten nituen. Artikuluak ere idazten nituen nola edo hala…

Zein momentu edo pasadizo geratu zaizu bereziki grabatuta? (onak zein zailak)

Atentzioa deitu zidan, aldizkaria sortu eta handik pare bat urtera, aldizkaria oso ezaguna egin zela Bilboko “zirkuitu” euskaltzaleetan. Euskaltegietako irakasle batek baino gehiagok aitortu zidaten ezagutu eta are irakurri ere egiten zutela. Sinetsi beharko!

Zergatik utzi zenuen proiektua, eta nola gogoratzen duzu etapa hura?

Gauza bakoitzak baditu bere denborak: gauza entretenigarrigoak egiten hasi nintzen… Eta handik urte batzuetara auzoa utzi eta kanpora joan nintzen bizitzera. Oroitzapen ederrak ditut garai horietaz, baina.