ZM 100 | IRATXE PÉREZ: Erredakzio taldeko kidea
“Azken urteotan ohartu naiz gero eta jende gehiagok irakurtzen duela gure aldizkaria”
Nola iritsi zinen Zorrotz Morrotzera, eta zerk erakarri zintuen proiektura?
Aldizkariaren lantaldeko kidea zen Aitor Marinen eskutik heldu nintzen, institutuan euskararen sustapenerako talde batean elkarrekin parte hartzen genuelako. Liburutegian egunkariak irakurri eta Zorrotzari buruz agertutako berrien laburpena egiten hasi nintzen eta bidean denetarik apur bat egin dut. Egun, Txoko feminista idazten dut, eta duela gutxi arte, inkestako elkarrizketak egiten nituen Naroa Peñarekin batera. Jendeak elkarrekin ikusten gintuenean, bazekien zertara gindoazen haiengana, kar, kar!
Sartu zinenetik hona, zerbait aldatu da urte hauetan?
Asko hobetu da idazten denaren kalitatea eta aldizkariak sortzen duen interesa. Gaur egungo aldizkariaren formatua izugarri gustatzen zait. Gero eta jende gehiagok ezagutzen eta estimatzen du aldizkaria. Gainera, gure auzoko istorioak eta gauza handi eta politak egiten dituen jendea aurkitzen ari gara. Horrek nire auzoaz oso harro egotea eragiten dit.
Zein da zure ustez gaur egungo erronkarik handiena?
Aldizkarian era boluntarioan idazteko prest dagoen jendea aurkitzea.
Nola ikusten duzu komunitatearen erantzuna?
Harrera ona duela eta jendeak gustuko duela uste dut. Azken urteotan, inkestak egitean gero eta jende gehiagok aldizkaria ezagutu eta irakurtzen duela ohartu egin naiz
Nola irudikatzen duzu aldizkariaren etorkizuna hurrengo urteetarako?
Gauden bezala jarraitzen badugu, ondo goazela uste dut. Baina jende berria proiektura batu dadin behar dugula uste dut
100. ale honen harira, zer esanahi du mugarri honek zuretzat pertsonalki?
Inoiz ez nukeen halakorik pentsatuko! 20 eta pikogarren alea argitaratu zenean batu nintzen ni eta urteak pasatuz doaz! Eta gauza onak bezala, urteekin hobetuz joan da gure aldizkaria ere.

