ZM 100 | IGOR GUTIÉRREZ: Erredakzio taldeko kidea eta erredaktorea

“Zorrotza etengabe deskubritzeko aukera ematen digu aldizkariak”

Nolakoa izan zen zure lehen harremana aldizkariarekin? Nola batu zinen proiektura?

Txikitatik ZM aldizkaria etxean jasotzen genuen eta noizean behin gutunak idazten nituen, irakurleen atalerako. Egun batetik bestera Aitorrek erredakzio-taldean parte hartzera gonbidatu ninduen eta geroztik horren parte naiz. Esan daiteke era naturalean gertatu zela. Koskortzearekin batera, gero eta parte gehiago hartzen joan nintzen auzoko bizitzan, Euskal Txokoak antolatutako Ipuin Leihaketan, Korrikan, Ibai-Arten… Horrez gain, beti gustuko izan dut irakurri eta idaztea eta euskaltzalea naiz, kontzientzia dudanetik behintzat. Nola ez nuen ba proiektu honetan bukatuko?

Zer ardura edo zeregin dituzu gaur egun aldizkariaren barruan?

Erredakzio-taldeko kide finkoa naiz eta, normalean, erreportajeak edo elkarrizketak egiteaz arduratzen naiz. Beste kideekin batera, aldizkariko edukiak planteatu eta erabakitzen ditugu; ondoren, elkarren artean lanak banatzen ditugu.

Urte hauetan guztietan, Zorrotz Morrotzek zer bilakaera izan duela esango zenuke?

Hogei urte baino gehiago pasa ondoren gauza asko aldatu dira; baina, finean, betiko muina mantentzen du Zorrotz Morrotzek: euskaltzale militanteak gure auzoko bizitza euskaraz kontatzen. Iraultza digitalak aise bizkortu du aldizkaria sortzeko prozesua. Bestetik, aldizkariaren formatua asko aldatu da, arinagoa eta bisualagoa da orain. Eta marka oso garrantzitsu bat dena: maiztasuna finkatu eta bi hilabetean behin ale bat argitaratzea lortu dugu.

Zein da zure ustez gaur egungo erronkarik handiena Zorrotz Morrotzentzat?

Erredakzio-taldea handitzea eta jende gaztea proiektura batzea.

Zer da gehien motibatzen zaituena proiektu honetan jarraitzeko?

Zorrotza etengabe deskubritzeko eta gure errealitatea gure ahots propioaz eta euskaraz kontatzeko ematen digun aukera.

Nola baloratzen duzu irakurleen eta auzoko komunitatearen erantzuna?

Badakit irakurle fidelak ditugula, betiko euskaltzaleak, aldizkaria kaleratu bezain pronto ale bat eskuratzen dutenak. Noizean behin, lagunartean, erreportaje edo elkarrizketaren bati buruzko iruzkinak egiten dizkidatenean ilusio handia egiten dit, ez nigatik, proiektuagatik baizik. Pentsatzen dut gaur egun auzoan norbait euskaraz irakurtzera erakarri badugu, pozik egon gaitezkeela.

Nola irudikatzen duzu aldizkariaren etorkizuna?

Asko aldatu da albisteak kontsumitzeko dugun modua, batez ere, sare sozialen eraginez. Hala ere, uste dut paperezko aldizkariak bere irakurle multzoa izaten jarraituko duela, bihilabetekearia izanik bat-batekotasunetik ihes egiten duelako, patxadaz irakurtzera gonbidatzen duelako. Dena den, gure auzoan euskararen presentzia areagotu nahi badugu eta gazteak erakarri nahi baditugu, sareetan indar handiagoa jartzeko beharra dugu. Ziur aski hortik mugituko da gure proiektuaren etorkizuna.

Zer sentiarazten dizu 100 aleko langa gainditzeak?

Batetik, harrotasuna. Zorrotza bezalako auzo erdaldun batean horrelako egitasmo bat bizirik mantentzen asmatu dugulako, Bilbon geratzen den azken tokiko aldizkaria izateraino. Pentsa, Bilbon geratzen den azken tokiko aldizkaria gara! Eta bestetik, zahartzen ari naizen beste seinale bat, baina hala bedi urte askoan!