ZM 100 | BITTOR RUEDA: ZMren sortzaileetarikoa eta lehen koordinatzailea

“ZM egun bizirik jarraitzea mirari txikia da”

Zorrotz Morrotzeko sortzaileetariko bat eta lehen koordinatzailea zara. Nola bururatu zitzaizuen proiektu hau sortzea eta zeintzuk ziren zure zereginak?

Euskaldunon komunitatea trinkotzeko, elkar ezagutza bultzatzeko eta euskara prestigiatzeko, erderaz ez zegoen auzo aldizkaria sortu behar genuela bururatu zitzaigun Euskal Txokoan. Nire lana taldea koordinatzea zen, berton geundenon artean lana banatzen genuen, batzuetan artikulu osoak, argazkiak bakarrik, kolaborazio eskaerak, iragarkiak, inprenta lanak, ISBN kudeatzea, Correosen kontratua, harpidetzaren kudeaketa,… garai horretan nik Euskal Txokoaren ardura nuen eta denaren gainean egoten nintzen.

Zer gogoratzen duzu garai hartan Zorrotz Morrotzen bizitakoaz

Oso giro gogotsua. Ez ginen asko, baina oso kontzientzia handia genuen egiten ari ginenarekin. Zorrotzan euskaraz bizi zitekeela sinesten genuen, ahalegindu behar ginela, eta hori hurbiltzen zen jendeak sumatzen zuen, gure konpromisoa handia zen.

Gogoratuko dituzun une onak zein txarrak egongo dira. Zein azpimarratuko zenuke?

Ni, pertsonalki, asko markatu ninduen gure kidea zen Pablo Leitzara bizitzen joateak, oso lan handia eta ezinbestekoa egiten baitzuen. Niretzat funtsezkoa zen eta bere hutsa nabaritu nuen, nahiz eta urruntasunean lanean jarraitu zuen. Aldizkaria Leitzan maketatzen zen, eta posta arruntaz bidaltzen ziren argazkiak, testuak eta guztia, ez dakit zelan ginen kapaz hori egiteko!

Zein izan zen erronkarik handiena aldizkaria aurrera ateratzeko garaian?

Erronka txiki pila ziren: gaiak proposatu, testuak edo laguntzaileak topatu, epeak bete, eta behin diseinua atera ostean, lan zikina: inprenta, Correos… oztopo lasterketa bat zen, baina ilusio handiz bizi genuenez, pozik.

Zergatik utzi zenuen proiektua?

Denbora asko zen Zorrotzan jada ez nintzela bizi, beraz ez zuen zentzurik urruntasunetik horrekin lotuta egoteak. Gainera, bazeuden ni baino askoz be hobeak ziren kideak, benetan profesionaltasunetik planteatzen ari zirenak; beraz, esku onean uzteko unea heldu zen argi eta garbi.

Nola ikusten duzu aldizkariaren bilakaera?

Nik uste dut Zorrotz Morrotz mirari txikia dela, Bilboko euskarazko lehen aldizkaria, eta egun irauten duen bakarra. Baina ez da hori bakarrik, erderaz ez dago holakorik, kalitate handiko aldizkaria da, auzo aldizkaria baina askoz be gehiago, euskarari benetan merezi duen prestigioa emateko tresna ezin hobea  deritzot, euskal komunitatea trinkotzeko izugarria da. Lehen zenbakia prestatu genuenean ezin genuen amestu ere egin hau gertatuko zenik. hau bezalako gauzak gure herrian askotan gertatzen dira, Herritik Herriarentzat sortuak dira, euskal komunitatea ikusarazten dutenetakoak, harro izateko modukoak.

Zure ustez, zer ekarpen egin dio Zorrotz Morrotzek Zorrotzari?

Zorrotzak azken urteotan auzo identitatea indartu du: Txinbotarrak, Zorrotza eguna… Eta horren barruan, euskal komunitatetik sortutako komunikabide bakarra dago. Gure aldizkariak Zorrotzaren errealitatea islatzeko lan handia egin du, web gunean dauden 100 aldizkariak begiratuz gero, Zorrotzaren historia ikusi daiteke, Txoko Historikoarekin adibidez, eta nola aldatu den azken urteotan ere sumatu daiteke, kanpora bizitzen joan diren auzotarrak, eta etorri diren auzotar berriak… Benetan eredugarria da, bere jarrera kritiko eta zabalarekin, Zorrotzaren oso irudi polita islatu du.

Zer aholku edo mezu emango zenioke gaur egun proiektuan dabilen lantaldeari?

Jo ta ke jarraitzeko, lan izugarria egiten ari direlako; emaitza agerian dago. Zaila ikusten dudana da orain arte egindakoa gainditzea, beste urrats bat harantzago joatea. Beharbada, helburua sare sozialak izan daitezke, nahiz eta funtsezkoa jada egiten ari den: errealitatea aztertu eta islatu. Sorkuntza lana da garrantzitsuena, eta horretan orain dagoen maila gainditzea oso zaila izango da.