Sader Zierbenara lekualdatuko dela berretsi du Jaurlaritzak
Mikel Jauregi Industria sailburuak esan du lekualdaketa izapidetzen ari dela, eta urte honen hasieran ebatziko dela aurreikusi du.
«Sader enpresa Zierbenako portu-instalazioetara lekualdatzea izapidetzen ari da, eta 2026. urtearen hasieran ebaztea aurreikusten da». Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak Eusko Legebiltzarraren abenduaren 19ko bilkuran esandako hitzak dira. Sailburua horrela mintzo zen Jon Hernández Sumarreko legebiltzarkideak erregistratutako interpelazio bati erantzuteko. Bertan, Eusko Jaurlaritzak Sader eta Profersarekin duen «permisibitate onartezina» salatu zuen Sumar taldeko kideak, eta bi enpresa horien jarduera Zorrotzan eta inguruko auzoetan bizi diren milaka pertsonaren «osasun publikorako eta segurtasunerako arrisku nabarmena» dela ohartarazi zuen. Hernandezek, bere hitzaldian, Sader Profersa Kanpora! plataformaren bidez auzo-mugimenduak adierazitako ondoeza jaso zuen, Eusko Jaurlaritzak Sader enpresan Ingurumen Baimen Integratua aldatzeko baimena eman ondoren. Baimen horri esker, hondakin arriskutsuen % 38 gehiago tratatzeko aukera dauka enpresak.
Ez du hala uste, ordea, sailburuak: Jauregik ziurtatu zuenez, tratatu beharreko materialaren kopurua hazi arren, «horrek ez du esan nahi ingurumenari eragiten dion kaltea edo biztanle egoiliarrentzako arriskua handituko denik». Jauregiren arabera, hazkunde horrek «batez ere lohi-lerroari eragiten dio, eta bertako hondakin-urak behar bezala tratatzen dira». Gainera, sailburuak lasaitasuna helarazi nahi izan zion lekualdaketa horrekin kezkatuta dagoen jendeari, eta ziurtatu du «instalazio berria modernoagoa eta eraginkorragoa» izango dela, «eskura dauden hobekuntza tekniko guztiak txertatuta, bizilagunentzat eta ingurune hurbilean ingurumen-inpaktua ahalik eta txikiena izateko».

