Peñista Egunak giro zurigorriz bete zuen auzoa
Gizonezkoen taldeak egindako denboraldi bikainaren ostean, eta gabarra itsadarretik nabigatu eta hilabete eta erdi eskasera, Peñen Elkarteak azken hamarkadetako Peñista Egunarik goxoena ospatu zuen Zorrotzan
TESTUA: AINARA GARCÍA. ARGAZKIAK: ZURIGORRI ZORROTZA
Urtero bezala, Athleticeko zaletuen elkarteak biltzen dituen Athletic Cluben Peñen Elkarteak Peñista eguna antolatu zuen ligako txapelketa bukatu eta hurrengo asteburuan. Aurten, ekimen hau antolatzearen ardura Zurigorri Zorrotza, All Iron Emakumezkoen Athletic eta Harrapari Taldearen zaletu taldeen esku egon zen, eta ekainaren 1ean, Zorrotzan ekimen ugari izan zituen jardunaldi zurigorri sutsua bizi ahal izan genuen zaletuek eta zaletuak ez direnek ere.
Aurtengo gizonezkoen lehenengo taldearen denboraldi izugarriaren ondoren, (koparen titulua eta gabarraren itsadarretik egindako ibilbidearen oroitzapena oso gertu ditugu guztiok oraindik), urteroko ohiko jai giroa biderkatu zen. Lurralde ugari eta ezberdinetatik etorritako Athleticzale eta elkarte ugari batu ziren ospakizun honetaz gozatzeko. Guztira, egun hartan 500 bazkide inguru batu zirela adierazi zuten antolatzaileek.
Goizeko lehen ordutik, Zurigorri taldearen egoitza den Venecia tabernan akreditazioak jasotzen hasi ziren bertaratutakoak. Bitartean, Azoka parkean txikientzako festa hasi zen Txikigunearekin, nahiz eta eguraldi kaxkarra zela kausa, gutxi iraun zuten montatutako ekintza batzuek. Ibai Artek euskal dantzen ikuskizun ederra ere eskaini zuen, eta aldi berean, Kolpeka Trikitixa eta Guretzat Fanfarrea taldeek musikaz alaitu zuten auzoa kalerik kale.
Eguerdian, Kiroldegiko Hockey pistan, bazkari herrikoian mahaia partekatu zuten zaletu guztiek. Postreekin batera, mus eta tute txapelketetako finaletan kartetan aritu ziren elkarren kontra Lepeko Peña Gabarra eta Peña Bosko eta Peña Valverde eta Peña Casco Viejo hurrenez hurren.
Ondoren, Peñen Elkarteak urtero ematen dituen sariak banatzeari ekin zion. Peñakideek denboraldiko proiekzio handiena duen Bilbao Athleticeko eta emakumezkoen jokalaririk onenak jotzen dituzten jokalariei eman zizkien ‘Bihar lehoia izango da’ eta ‘Urteko lehoia’ sariak hurrenez hurren. Sarituak Aingeru Olabarrieta eta Adriana Nanclares izan ziren.
Gainera, ostean, Azoka plazan jardunaldiko unerik hunkigarriena bizi izan zen iaz zendutako Sendoa Blasco, Iparraldeko Taldeen Elkartearen bazkideari egindako omenaldiarekin. Hau guztia, Lowe Band taldearen kontzertuarekin familia zurigorriak ospatzeko eta gozatzeko antolatutako egunari itxiera bikaina eman aurretik.
Kiroldegiko hockey pistan egindako bazkariak 500 zale inguru bildu zituen