NAGORE UGARTE: 2024ko Aste Nagusiko txupinera

Aurtengo Aste Nagusia ahaztezina izan da zorrotzarrontzat, gure auzokide batek txupinera izateko ohorea izan du-eta. Nagore Ugarte, Itziar Ituño pregoilariarekin batera, Bilboko kaleak alaitzen ibili da egun eta gau, paregabeko bikotea osatuta. Lan handi horrek utzitako biharamunetik apenas berreskuratuta, bere azken elkarrizketa eskaini digu Nagorek.

Testua: IGOR GUTIÉRREZ

Zergatik erabaki zenuen zure burua aurkeztea Txinboko txupinera izateko?

Txiki-txikitatik Aste Nagusia bizi izan dut, gure etxean sakratua zen. Oporrak Aste Nagusiaren aurreko ostiralean bukatzen ziren eta aste osoa Bilbon ematen genuen. Egunero aitarekin jaisten ginen erraldoiak, kilikiak, Gargantua eta abarretara. Gero etxera buelta, amarekin bazkaldu eta ondoren hirurok Bilbora, lagunekin batu… Beraz, txikitatik ezagutu eta mirestu izan dut txupineraren figura.

Orain dela 14 urte ere Txinbori egokitu zitzaion txupinera jartzea eta orduan ere nire burua aurkeztu nuen baina Pira izan zen hautatua. Sorte handia izan dugu Txinbon hain denbora laburrean bi txupinera izateagatik.

Zer sentitu zenuen Txinbotarrak konpartsak aukeratu zintuenean?

Momentu gazi-gozoa izan zen, beste konpartsakide batzuek ere bere burua aurkeztu zutelako eta nik bezainbeste merezi zutelako txupinera izatea. Baina, noski, asko poztu nintzen, oso hunkigarria izan zen. Egun horretan, Gilenekin [bikotekidearekin] batera bazkaltzera joatea erabaki genuen, umerik gabe!

Noiz hasi zen zure txupinera agenda?

Uztailean, oporretan geundela umeekin. Bagenekien abuztuan lan gehiago izango nuela eta horregatik uztaila aprobetxatu genuen oporretan joateko. Bada, hondartzan geundela Bilbao Egunkaritik deitu zidaten elkarrizketa egiteko. Galderak idatziz pasatzeko eskatu behar izan nien eta idatziz erantzun! Hura izan zen nire lehenengo elkarrizketa.

Elkarrizketa asko egin dituzu?

Bai, pilo bat! Aste Nagusian egunero 2 edo 3 eta Aste Nagusiaren aurretik ere beste batzuk. Okerren eraman dudan lana izan da, oso urduri jartzen naiz. Momentu horietan nahi duzu komunikatu nahi duzuna ondo ulertzea eta batzuetan ez dakizu lortzen ari zaren ala ez. Ni beti plazaratzen saiatu izan naiz konpartsetan egiten den lana. Esaterako, Txinbon lortzen den dirua Zorrotzan musika tailerrak egiteko erabiltzen dela, garai batean euskaltegietan konpartsakideen matrikulak ordaintzeko, auzoko jaietan jarduerak egiteko… Horrez gain, Zorrotzako arazoak ere aipatu izan ditut, Sader-Profersarena adibidez. Bestetik, TicketBAI auziarekin ere konpartsen errealitatea islatzen saiatu naiz: ez garela profesionalak, bolondresak garela, ezin gaituztela tabernen pare jarri.

Galdera konprometitu asko egin dizkizute?

Ez hainbeste, izan ere Itziar Ituño da biotan famatua eta galderak batez ere berari zuzenduta zihoazen. Eskerrak Itziarrek eskarmentua duela prentsarekin eta elkarrizketak bideratzen jakin izan duela, nik ere parte har nezan.

“Bederatzi egun izan dira leku batetik bestera. Nahiz eta egunero nire etxera lotara etorri, apenas hartu dudan atseden”

Baztertuta sentitu zara pregoilariaren ondoan?

Ez, batere ez, oso gustura sentitu naiz leku guztietan. Baina normala denez, Itziar hain famatua izanik, kaletik jendea bere bila joaten zen bereziki.  Zorionez, Itziar oso abila izan da, argazkiak eskatzen zizkiotenean berehala nigana zetorren biok argazkian agertzeko [protokoloagatik txupinera eta pregoilaria ezin dira banatuta azaldu argazkietan]. Oso pozik egon naiz, bikoterik onena izan da, ez nuke aldatuko Itziar pregoilari bezala baina aldi berean gogorra izan da, batez ere berarentzat. Mundu osotik etorri da jendea Itziar ikustera, Bilbotik ibiliko zela jakinda: Alemaniatik, Belgikatik, Greziatik, Mexikotik…

Itziarren eta zure artean konplizitate handia egon dela argi geratu da, nola suertatu da hori?

Aurkezpen ofizialetik sortu zen bion arteko txispa, alegia, aurrez aurre ezagutu genuen lehen egunetik. Hori baino lehen, Whatsapp talde batean baino ez genuen berba egin. Itziar oso emakume arrunta da, nire modukoa da, zaletasunak ere oso antzekoak ditugu. Begirada batekin bagenekin elkarrizketetan noiz jarraitu eta noiz moztu behar genuen, argazkiekin ere bagenekien noiz bai eta noiz ez esan… Oso bitxia iruditzen zait jendeak aipatzea oso ondo transmititu dugula zer den ahizpatasuna, emakume ahaldunak izatea… Baina horrelakoak gara, ez dugu ahalegin berezirik egin ezer transmititzeko!

Mantentzen duzue harremana oraindik?

Orain ez dugu hainbeste hitz egiten, astean bitan edo, baina uste dut gure harremana mantendu egingo dela. Nork bere bizitza dauka, noski, bera Basauritik Madrilera ibiltzen da eta ni hemen seme-alabekin. Baina, pentsa, orain bere lagun batzuk nire lagunak ere badira!

Txupinera eta pregoilariaren agenda dirudien bezain luzea da?

Bai, leku batetik bestera ia korrika joaten ginen: orain jarduera baten irekieran egon, gero sari batzuk eman, ondoren elkarrizketa bat… Egia da atseden hartzeko tartetxoak ere izan ditugula eta Jaibako [Bilboko Konpartsakeko talde dinamizatzaileko] kideak han izan ditugula Itziar eta biok zaintzen, batzuetan gehiegi! Oso talde potentea dago Jaibaren atzean, benetan. Gero tarte libreak ere izan ditugu txosnetatik ibiltzeko eta zenbait jardueratan ere parte hartzera animatu gara, noski! Adibidez, Kraban castellers tailer batean murgildu ginen eta oso ondo pasatu genuen.

“Itziar bikoterik onena izan da, baina aldi berean gogorra…  Mundu osotik etorri da jendea Itziar ikustera Bilbotik ibiliko zela jakinda”

Zelan uztartu dituzu txupinera eta amaren paperak?

Gilen umeez arduratu da eta laguntzaileak ere izan ditugu: ahizpak, amama… Ni gauez iristen nintzenean Gilen nire zain egoten zen eguna komentatzeko eta Anartz [hiru urteko umea] lo. Mirari [bost urteko umea], ordea, egunaren arabera nire bila etortzen zen atera: “ama, joango gara ohera hitz egitera?”. Anartzek goizetan, berriz, “ama, gaur ere txupina botatzera joan behar duzu? Ba kontuz ibili, e?”.

Nekatuta amaituko zenuen Aste Nagusia…

Hurrengo egunean, astelehenean, etxean eman nuen egun osoa, ezin nintzen mugitu! Kristoren eguraldi ona egiten zuen eta ni etxean, umeekin. Apurka-apurka hasi naiz berreskuratzen baina eztarria urratuta izan dut aste osoan. Baina hori bai, astelehenean txupina bota behar izan banu, poz-pozik botako nukeen. Oraindik batzuetan gauez esnatzen naiz ez dakidala non nagoen. Bederatzi egun izan dira leku batetik bestera, jende oso desberdinarekin. Nahiz eta egunero nire etxera lotara etorri, apenas hartu dudan atseden. Neke fisikoaz aparte, emozionala ere badaukat. Oso polita izan da, baina oso intentsoa.

Berba egiguzu apur bat trajea egiteko prozesuaz.

Uste nuen luzeagoa izango zela! Egun batean geratu ginen neurriak hartzeko Itziar eta biok. Bertan jaka eta txapela egiteko neurriak hartu zizkidaten. Handik egun batzuetara, proba egitera joan ginen eta listo! Hori bai, aurkezpen ofizialera modista etorri zen, zer edo zer konpondu behar bazen.

Jantziak ere bere protokoloa dauka?

Bai, noski! Aste Nagusiko jarduera guztietan errespetatu beharrekoa da, gainera. Ezin duzu ez jaka ez txapela kendu, berdin du 20 zein 40 gradutan egon. Gonak edo prakek luzera jakin batekoak izan behar dute ere eta barrutik beti alkandora zuria eraman behar duzu. Oinetakoei dagokienez behintzat, eredu ezberdinen artean aukera dezakezu baina beltz-beltzak izan behar dira. Neuk aukeratutakoek, kasu, lore txiki-txiki bat zeukaten, laranja kolorekoa; bada, hori errotulki beltzez margotu behar izan nuen! Eta azkazalak, belarritakoak eta abar ezin dituzu nolanahi eraman, ezin da txupineraren irudia desitxuratu. Hasi aurretik gehiegizkoa iruditzen zitzaidan baina orain argazkiak ikusten hasi naizela hobeto ulertzen dut. Azken batean jantzia da, ez da mozorroa eta zaindu behar dugu. Edonola ere, egunean zehar beti izaten dira tartetxoak jaka kendu eta pixkat freskatzeko.

Aste Nagusiko lehen eguna bereziki maitatua da konpartsakideontzat. Aurten, txupinaren aurreko kalejira Txinbotarrak konpartsak ireki zuen. Nola bizi izan zenuen momentu hori?

Negarrez hasiko naiz [hunkitzen da]. Oso polita izan zen. Atera ginen Zabalbideko lokaletik [Bilboko Konpartsaken egoitzatik], lehenik Aiora [iazko pregoilaria] eta Izaskun [iazko txupinera] eta euren atzetik Itziar eta biok. Eta malda jaisten hasi orduko konpartsa ikusi nuen, San Antongo zubian nire zain. Konpartsakideen artean sartu nintzen, denak animatzen ari zirela, oso-oso hunkigarria izan zen. Itziar gixajoa bakarrik utzi nuen momentu batez, artean inor ez zuen ezagutzen! Gero Aste Nagusian aldrebes gertatu zait niri, bietan ospetsua bera delako. Beraz, hura nire momentua izan zen.

Ondoren kalejira, txupina… Zelan ikusten dira txupineraren tokitik?

Izugarria da jendearen aurpegiak ikustea, denak zuri begira, denak irribarrez, alai, zu animatzen, parrandarako gogoekin… Arriagako harrera eta trasteen aldaketa [aurreko txupinerak eta pregoilariak aurtengoei makila eta txupin-ohola emateko momentua] ere oso politak izan ziren. Hain urduri nengoen, non ez nuen ezta Marijaia ikusi ere egin! Gero, balkoira irtetzean utzi nion negar egiteari, egun osoa malkotan eman ondoren. Handik aurpegi guztiak ikusten nituen, gora begira, aho zabalik.

Zer arazo gertatu zen txupina botatzerako orduan?

Lehenik eta behin, pregoia ez zen batere ondo entzuten, soinu arazoak zeuden. Urtasunek [jaietako zinegotziak] zeinu hizkuntza interpreteari Itziar Ituñoren hitzak errepikatzen joan behar zuen. Gero, txupina jaurtitzeko momentua ailegatu zenean, ez nuen metxa ikusten, tutuaren atzean izkutatuta zegoen. Gorputza asko atera behar nuen balkoira sua emateko eta ez nuen metxa harrapatzen baina azkenean lortu egin nuen. Hortik aurrera botatako txupin guztietan metxa aurrera begira jarrita zegoenez, arazorik ez!

“Lehenengo eguna oso polita eta hunkigarria izan zen.  Arriagan hain urduri nengoen, non ez nuen ezta Marijaia ikusi ere egin!  Balkoira irtetzean utzi nion negar egiteari, egun osoa malkotan eman ondoren”

Marijaiaren agurra ere oso berezia izaten da baina aurten zapuzteko zorian egon da poliziarekin izandako istilu batengatik, zer gertatu zen?

Udaltzainak jai eremura sartu ziren eta mantero bat identifikatu nahi izan zuten, baina manteroak berak eta jendeak aurre egin zieten. Orduan, manteroa eta beste pertsona bat atxilo eraman zituzten eta jendea poliziaren kontra oldartu zen, jai eremutik atera nahian. Gero eta jende gehiago bildu zen, tartean mantero eta konpartsakide asko eta asko, eta poliziak atzera egin behar izan zuen, Areatzako zubiaren bururaino. Han patruila gehiago zegoen baina jendea bertan tinko geratu zen, zubia blokeatzen. Ertzaintza ere etorri zen, udaltzainei laguntzera. Momentu horretan Itziar eta biok Txinboko terrazan geunden, Jaibako kideak ere gurekin zeuden, eta zubirantz joan behar izan zuten, egoera kontrolatzeko. Guk han egon nahi genuen, jendearekin, babesa ematen, baina aldi berean ezin genuen, Marijaiaren agurrerantz joan behar genuelako. Bazirudien Ertzaintzak kargatu egingo zuela baina jendea tinko mantendu zen zubian eta azkenean polizia erretiratu egin zen. Oso momentu desatsegina izan zen, horrelakoak guztiz lekuz kanpo daude beti, baina jaietako azken arratsaldean gertatzea ere… Beraz, Jaibako kideak poliziarekin negoziatzen ari zirenez, ezin izan gintuzten Marijaiaren agurrera eraman, eta haien ordez, Txinboko konpartsakide batzuek lagundu ziguten. Jaibakoak oso pozik geratu dira Txinboko konpartsakideek Aste Nagusian zehar erakutsitako inplikazioarekin.

Marijaiaren agurrean ere pregoilariak hitz ederrak bota zituen zure alde, konpartsaren alde…

Bai, oso polita izan zen. Itziarrek hasieran ez zuen inor ezagutzen Aste Nagusian eta oso babestuta sentitu da konpartsen aldetik, batez ere Txinborenetik, noski. Txinboko txosna bere etxea izan da! Jaibako kideekin ere oso eskertuta egon da eta azken pregoi horretan banan-banan aipatu zituen beraien izenak!

Nola deskribatuko zenuke azken momentu hori?

Txupina eta agurra txanpon baten bi aldeak bezala ikusten ditut. Txupinean zu goian zaude eta herria behean, jaia piztera doa eta handi-handi sentitzen zara. Agurrean berriz, herria goian eta zu behean, batelean. Dena amatatzen ari da eta txiki-txiki sentitzen zara.  Itziarren pregoietan ere dualitate hori islatzen da. Txupineko pregoia bertso batzuekin hasi zuen, eta agurreko pregoia, berriz, bertso batzuekin bukatu, Mauriziaren kopletan inspiraturik.

Elkarrizketaren amaierara heldu gara, Nagore. Zer esan nahi zenuke bukatzeko?

Eskertu nahi diot Txinbori aukera hau eman izana [hunkitzen da], lan bikaina egin duzue. Oso babestuta sentitu naiz, benetan.

LABURREAN

“Harritu nau jendeak duen prestutasuna ondo pasatzeko edozein jardueratan” 

Zer da zuretzat txupinera izatea?

Ohore bat. Azken finean, herriaren ordezkaria zara Aste Nagusian. Eta ardura handia ere bai, aldi berean zarelako Bilboko Konpartsa guztien ordezkari.

Zaila da txupinak botatzea?

Zaila ez, baina txinpartekin erre egiten zara batzuetan eta eskua beltz geratzen zaizu bolbora dela-eta! Kea ere arnasten duzu, eta kontuz ibili behar duzu jaka ez zikintzeko.

Deskubritu duzu Aste Nagusi berri bat txupinera izanda?

Zerbait berria deskubritu badut da jendeak zer nolako prestutasuna duen ondo pasatzeko edozein jardueratan.

Aurtengo Aste Nagusiko momentu batekin geratu beharko bazenu, zein izango litzateke?

Batetik, txosnen irekieran neska batek Kaixarranka dantzatu zuenekoa, “Libre Palestina” kantaz lagunduta. Oraindik oilo-ipurdia jartzen zait. Bigarrena, nire amaren egoitzara egindako bisita. Aiton-amonak dantzan jarri genituen eta amak nirekin batera txupina jaurti zuen!