MARINA DE LA FUENTE: Forró dantzako irakaslea

«Hemen ezezaguna zenez, forró dantzatzen jarraitzeko klaseak antolatzen hasi nintzen»

Alemanian bizi zen bitartean, forró dantza eta musikarekin nahigabe maitemindu zen Marina saltsa klaseak hartu nahi zituenean. Bilbora itzultzean, hemen dantza hau inork ez zuela ezagutzen ikusi zuen, eta dantzatzen jarraitu nahi bazuen saioak berak antolatu beharko zituela konturatu zen. Esan eta egin: egun Forró Bilbaoko irakaslea izatea eta automobilgintzan programatzaile ogibidea bateratzen ditu. Forró munduan gehiago sakontzeko asmoz, eta jaietan egingo duen tailerra eta kontzertua aitzakiatzat hartuta, berarekin solasaldian egon gara.

TESTUA:AITOR MARÍN | ARGAZKIAK:  MARINA DE LA FUENTE

Lehenik eta behin, forró dantza zer den eta nondik datorren jakin nahiko nuke…

Forróa dantza bat baino gehiago da, Brasilgo ipar-ekialdeko musika tradizionala da. Musika horren inguruan hainbat festa antolatzen dira eskualde horietan eta bikoteka dantzatzen da.  50eko eta 60ko hamarkadetan forró-a Brasil osoan zabaldu zen Luiz Gonzaga eta beste musikari garrantzitsu batzuei esker eta hego-ekialdeko hiri handietan dantza gero eta sofistikazio gehiago hartu zuen beste bikote-dantzen eraginagatik. Azkenengo urteetan, atzerrian dauden brasildarrak forróa irakasten hasi dira beste herrialdet batzuetan.

Nola piztu zen zure interesa forró dantzarekiko?

Alemanian bizi izan naiz 2012tik 2022ra eta han ikusi nuen lehenengo aldiz. Brasiletik kanpoko lehenego forró eskoletako batzuk Alemanian sortu ziren eta, horregatik, han hemen baino askoz zabalduago dago gaur egun. 2017an saltsa klaseen bila nenbilen eta nahi gabe forró klase ireki batean agertu nintzen. Hasieran ez zitzaidan bereziki interesatu eta saltsa ikasteko planarekin jarraitu nuen. Urte erdi bat geroago, bikote-dantzan ezagutza gehiago nituela jada, berriz, forró festa batera joan nintzen eta forróarekin maitemindu nintzen.

Forró-klaseak emateaz gain, beste zerbaitetan aritzen zara, ezta?

Bai, forróa nire zaletasuna da, baina nik ingeniaria ikasi nuen eta programatzaile lanetan aritzen naiz auto industrian. Horretaz aparte psikologia gradua amaitzen ari naiz unibertsitate online batean. 

Zaletasun oso handia. Izan ere, Forró Bilbaoko irakaslea zara… Zergatik erabaki zenuen forró irakasle izatea?

Alemanian forróa astero dantzatzen nuen. Bilbora itzultzean konturatu nintzen hemen inork ez zuela dantza hau ezagutzen eta dantzatzen jarraitu nahi banuen nik klaseak antolatu beharko nituela. Eta horri ekin nion.

«Alemanian klaseak hartu ondoren,  oso gogotsu ibili naiz Europan antolatzen diren forró jaialdietan»

Nortzuk izan ziren zure maisu-maistrak?

Egia esan, hasieran ez nuen forró klase askorik jaso… Saltsa, bachata eta kizombako klaseetara joaten nintzen eta horrek bikote-dantzarekin konfiantza apur bat eman zidan. Orduan, forró festetara joaten hasi nintzen astean behin eta bertako jendearekin dantzatuz ikasi nuen.  Geroago, Bilbora bueltatu baino lehen, klaseak hartzea erabaki nuen, nire dantza hobetzeko asmoz, eta hiru hilabetez ikasten eman nituen Forró Haus dantza eskolan Stuttgarten. Horren ostean, oso gogotsu ibili naiz Europan antolatzen diren forró jaialdietan. Horrelakoetan, munduko irakaslerik ospetsuenak biltzen dituzte dantza tailerrak emateko eta haiekin klase partikularrak ere jaso izan ditut. Horien artean, nire gogokoenetarikoak Camila Alves eta Yse Góes izan dira.

Non ematen dituzu eskolak?

Orain arte Galeon pubean eman ditut klaseak, Mazarredo kalean, baina hurrengo ikasturterako lekua aldatuko dugu eta bi dantza eskolatan irakasten hasiko naiz: Ostiraletan La Tribu Dantza espazioan  (San Frantziskon) eta ostegunetan Inicia dantza eskolan (Indautxun).

Elkarrizketa honetarako dokumentazio lanetan ibili ondoren, badirudi forróa modan dagoen dantza bat dela eta gero eta jarraitzaile gehiago dituela. Hala dela uste duzu?

Duela 30 urte forróa Brasilen baino ez zen ezaguna. Gaur egun, pixkanaka, handik kanpo zabaltzen ari da. Gero eta jarraitzaile gehiago ditu, bai, baina leku gehienetan komunitate txikiak dira, gurean bezala.

Zenbat ikasle dituzu?

Egia esan, ikasle gutxi ditut oraindik… Pasa den ikasturtean 5 ikasle baino ez. Hala ere, forró komunitatea Bilbon 50 pertsona inguruk osatzen dugu. Batzuek ez dute denborarik klaseetara etortzeko eta bakarrik tailer bat  edo besten parte hartzen dute ahal dutenean. Beste batzuk bazekiten dantzatzen Bilbora etorri baino lehen, brasildarrak direlako edo beste hiri batean ikasi zutelako.  Eta hori ere bada eraikitzen ari garena, gure forró komunitatea. Klaseez aparte, dantza ekitaldiak antolatzen ditugu eta bertan elkartzen gara batera dantzatzeko.

Bateragarria da adin guztiekin? Ba al dago maila desberdinik?

Ikasle gutxi izateagatik, oraindik ez da maila desberdinik eskaintzen. Ikasle guztiak batera daude, baina oso ondo funtzionatzen ari da formatu hau. Eskarmentu handiagoa  dutenek ikasle berriei languntzen diete, eta horri esker, etorri berriak azkarrago integratzen dira. Oso adin desberdinetako pertsonak ikusten dira forró dantzatzen. 20 urtetik 70raino…

«Bilbon osatzen ari garen forró komunitatea 50 bat pertsonaz osatua da»

Beharrezkoa al da aurretik dantza egiten jakitea zure klasetara joatera animatzeko?

Ez da beharrezkoa dantzan esperientzia izatea nire klaseetara etortzeko, oso erraza delako hastea. Hori da alderdi interesgarrienetariko bat. Normalean, klase bakar batekin bada posible abesti osoak dantzatzen hastea.

Zure ustez, zer balio transmititzen ditu forróak?

Batez ere, errespetua sustatzen du. Alde batetik,  bikotekidearengandik oso gertu dantzatzen da;  eta, bestetik, bikote-dantzetan ohikoa den bezala, oso normala da forró festetan ezezagunak diren pertsonak aurkitzea eta dantzatzera gonbidatzea. Horregatik, oso garrantzitsua da parte hartzaileei arau batzuk jakinaraztea. Oso argi uzten da gure espazioetan ez dela onartzen edozein motatako diskriminaziorik edo erasorik. Gainera, an gero eta gehiago ikuspegi feminista eraikitzen ari da. Hasieran, oso positiboki harritu ninduen bi gizon elkarrekin dantzatzen ikusteak. Normalean, bikote dantzetan gizonak gidatzen du eta emakumeak jarraitu behar dio… Forróan, gaur egun, edonork gidatu edo jarraitu dezake eta emakumeek elkarrekin dantzatu dezakete.  

Aste Nagusian hainbat erakustaldi antolatu dituzue Forró Bilbaon… Nola joan dira?

Bai, txosnetan tailer bat egin genuen, eta horren ostean, ikasitakoa praktikan ipini genuen. Publiko gehienarentzat ezezaguna izan arren, partaide nahikotxo etorri ziren, eta inguruan zebilen jende asko hurbildu zen zertan ari ginen galdetzera. Beraz, oso positiboa izan da bertan parte hartzea.

Jaietako lehen igandean tailer bat egingo duzula jakin dugu. Horretaz gain, forró kontzertu bat ere egongo da. Zer ikusi ahal izango dugu? Aurreratuko diguzu zerbait?

Hasieran azaldu bezala, forróa dantza izateaz gain, musika eta festa ere bada, eta oso ohikoa da musika zuzenean izatea forró ekitaldietan. Klaseak ematen hasi nintzenean zorte handia izan nuen hemen, Euskal Herrian, forró jotzeko nahia zuten brasildar musikariak aurkitu bainituen. Iaz hainbat ekitaldi antolatu genituen batera eta Zorrotzako jaietan gauza bera egingo dugu: dantza tailer batekin hasiko gara, interes duen jende guztiak kontzertuan dantzatzeko prestatu ahal izateko. Tailerraren ostean, Forró Goxua taldeak bere musika joko du, beraz, giroa bermatuta izango dugu.

LABURREAN

«Bikote-dantzak gustatzen zaizkit, baina rocka edota flamenkoa ere maite ditut»

Forróaz gain, zer beste musika mota gozatzen duzu dantzatzeko?

Beste bikote-dantza batzuk gustatzen zaizkit. Adibidez saltsa, bachata, merengue…  Rock musika edota flamenkoa ere maite ditut. 

Aholkuren bat forroan hasi nahi duenarentzat?

Beldurrik ez izatea eta probatzera etortzea. Oso giro erosoa dugu eta ez da beharrezkoa bikote batekin etortzea ,ezta dantzatzen jakitea ere. Edonork ikasi dezake; pertsona batzuek beste batzuek baino denbora gehiago behar izango dute ikasteko, baina azkenean gogoa duenak ikasi ahal izango du.

Ba al dago dantza egin ahal izateak ilusio berezia egingo lizukeen eszenatokirik? Gure ekitaldien helburua gure artean dantzatzeko espazioa eskaintzea da. Ez gaude eszenatoki baten bila, ez dugulako emanaldirik ematen. Behar dugun bakarra espazio handia eta zoru leuna da.