MARI ÁNGELES GAYUBAS BRAVO. Olerkaria

“Txikitatik idazten dut, ez diot inoiz idazteari utzi”

Zorrotzako auzokidea eta olerkaria dugu Mari Angeles. Irailean, bere bigarren liburua aurkeztu zuenAuzokan, “Imagina al alba”, bere sorterriari, familia zein lagunei eta bizitzako une gazi-gozoei buruzko bertso-bilduma. Bere jatorriaz, bizipenez eta idazlanez solasaldi interesgarria izan dugu.

TESTUA: IGOR GUTIÉRREZ | ARGAZKIAK: AITOR MARÍN

Noiztik idazten duzu?

Txikitatik. 11-12 urte nituen nire lehen olerkia idatzi nuenean, horrelaxe zioen:  “Yo me fui a bañar al río cuando el sol más calentaba, vinieron dos cazadores que a los pajarillos mataban y mi pobre corazón de sangre se derramaba”.Horrez gain, eskolako lagunenei karpetan poemak idazten nizkien eta, batzuetan, laguntza eskatzen zidaten beraien senideentzako bertsoren bat osatzeko, urtebetetzeetan-edo.

Nondik datorkizu idazteko zaletasun hori?

Gure amak, txikitatik, herri-erromantzeak errezitatzen zizkigun, buruz. Haren eraginez ziur aski, ondo errezitatzen nuen nik ere, eta oso memoria ona neukan neskato bat izateko. Baina nigan oso eragin handia izan zuen eskolan izandako irakasle batek: Rafaela Conde Alonso. Ez daukat ahazteko haren izena. Hark nire idazmahaiaren aldamenean Becquerren “Volverán las oscuras golondrinas” olerkiko poster bat itsasi zuen eta egunero-egunero irakurtzen nuen, ez ninduen nekatzen. Irakasle horrek irakurtzera eta idaztera bultzatzen ninduen etengabe eta horixe da egin dudana.

Nolakoa izan zen zure haurtzaroa?

Burgoseko herrixka batean jaio nintzen, Arauzo de Torren, Aranda de Duerotik gertu. Zazpi neba-arrebatatik erdikoa naiz ni, familian asko borrokatu behar izan dugu aurrera egiteko. Hala ere ,oso haurtzaro zoriontsua izan nuen herrian, naturaz inguratuta, lagun eta senideen artean. Txikitan, neskato xelebre samarra nintzen, gustuko nuen bakarrik paseatzea, ibai ertzera hurbiltzea nire pentsamenduetan galtzera, txorien kantua entzutera…

Noiz atera zinen herritik?

Eskola amaituta, hamabost urte nituela, etxe batean neskame sartu nintzen Madrilen, 1980an. Alde batetik, lan egiteko beharra nuen, etxeko ekonomiari laguntzeko; baina, bestetik, mundua ezagutzeko gosea ere banuen. Nire herria, Aranda eta Burgos, horiek baitziren ordura arte nire mugak.

“Inoiz ez dut nire lanak argitaratzeko asmorik izan, animatu ninduten”

Zer suposatu zuen Madril bezalako hiri batera mugitzeak?

Hasieran gogorra izan zen, asteazken arratsaldeetan baino ezin nintzen atera, eta gaueko hamarretarako bueltan egon behar nuen. Gerora, herriko lagun bat ere etxean lanera sartu zen eta, denborarekin, nagusien konfiantza geureganatu genuen. Igandeetan libratzea lortu genuen eta, geroago, larunbat arratsaldeetan ere bai. Diskoteka batean lagun batzuk egin genituen, gu baino nagusiagoak, eta kuadrillara batu ginen. Kotxea zeukatenez, asteburuetan hara-hona ibiltzen hasi ginen.

Madrilgo “mobida” bizi izan duzu?

Ez oso biziki baina ezagutu genuen, bai. San Isidroko festak izugarriak ziren. Kontzertu askotara joaten ginen; gogoan daukat La Polla Recordsen bat. Arguelleseko behealdeetara ere joaten ginen, garai hartan euskaldun andana ibiltzen ziren tabernetara. Horrez gain, museoak, antzerkia, zinema… Denetarik egiten genuen!

Nola bukatu zenuen Zorrotzan?

Nire senarra Zorrotzakoa da eta uda batean Arandan elkar ezagutu genuen, bere gurasoen herria niretik gertu dago-eta. Maitemindu ginen eta harekin Bilbora bizitzera etorri nintzen, Madrilen sei urte lanean eman ondoren. Jadanik batxilergoa ikasteko izena emanda neukan Madrilgo institutu batean! Hona 1986an heldu nintzen eta lanean hasi orduko Unamuno institutuan matrikulatu nintzen, gaueko batxilergoan. Geroago, helduentzako unibertsitateko sarbide proba egin eta gainditu nuen, Geografia eta Historia ikasteko asmoz; baina haurdun geratu nintzen eta, azkenean, ez nintzen matrikulatu.

“Idaztea terapia modukoa da niretzat”

Zenbat liburu argitaratu dituzu?

Orain arte bi poema-liburu argitaratu ditut: “Pasaderas” (2017) eta irailean aurkeztutako “Imagina al alba” (2025). Bertan, nire bizitzan zehar idatzi ditudan olerkiak biltzen ditut. Baina beste batzuen liburuetarako poema solteak ere idatzi izan ditut.

Zerk bultzatu zintuen zure olerkiak argitaratzera?

Inoiz ez dut nire lanak argitaratzeko asmorik izan, nire lagunentzat eta senideentzat idazten nuen. Baina lagunek eta irakasleek beti animatzen ninduten zerbait argitaratzera. Azkenean, institutuko lagun baten arrebaren bidez, argitaletxe batekin harremanetan jarri nintzen. Bera ere Zorrotzakoa zen eta liburu bat argitaratuta zeukan haiekin.

Errentagarria da norbere liburuak argitaratzea?

Liburua mugitzea lortzen baduzu, inbertitutakoa berreskuratzen da. Argitaletxeak salmenta prezio bat finkatzen du eta horren zati batekin geratzen da; gainerakoa egilearentzat da. Esaterako, nire azken liburuaren 200 ale inguru saldu ditut eta diru apur bat biltzea lortu dut, bidaiatxo bat egiteko-edo.

Idazten duzun ia dena poesia da, baina tarteka alegiak edo ipuinak ere topa daitezke zure liburuetan, zer dela eta?

Ipuin batzuk nire seme-alaben eskolan egindako tailerretarako sortu nituen. Txikitatik ikasgelan kontatzen zuten ama poeta zeukatela eta irakasleek askotan gonbidatu izan naute eskolara: umeei edo umeekin irakurtzeko,  haiekin batera olerkiak edo ipuinak sortzeko…

Jende aurrean aritzea gustuko duzu?

Bada zerbait bolondresa eta asko asetzen nauena. Nire amaren egoitzan errezitala eman dut, eta berriki Zorrotzakoan ere egon  naiz nagusiei errezitatzen. Horretaz aparte, Bizkaiko Elkarte Artistikoko tertulia poetikoetan ere parte hartu izan dut.

“Nire lehen eleberria idazten hasteko asmoa daukat”

Auzoko irakurketa-klubaren dinamizatzailea ere bazara, nola funtzionatzen duzue?

Hilabetero elkartzen gara Auzokan, azken asteartean. 10-11 lagun gara. Bakoitzak zer liburu irakurri nahiko lukeen proposatzen du eta, azkenean, bozkaz erabakitzen da denok batera irakurriko duguna. Hurrengo hilabetean, liburuari buruzko tertulia egiten dugu eta ondorengoa aukeratzen dugu.

Zer duzu buruan hurrengo urteetarako?

Olerkiak idazten jarraitzen dut eta nire lehen eleberria idazten hasteko asmoa daukat. Jadanik koadernoa erosia daukat, Lapices liburu-dendan!

LABURREAN

«Nire olerki triste askok amaiera itxaropentsua dute»

Zure poemetan zure herria, uda, natura… sarritan aipatzen dituzu.

Nire herria nire haurtzaroa da, zoriontasuna, askatasuna, natura, bakea… Udan, ahal dudan guztietan joaten naiz eta urte osorako pilak kargatzen ditut bertan.

Zure gurasoak ere maiz agertzen dira.

Aita eta ama paregabeak izan ditut, borrokalariak eta seme-alabez beti arduratuta. Amak, 92 urterekin, sekulako memoria du oraindik. Zoragarria da, zer esango dizut ba!

Istripu batean galdutako nebari bertso asko eskaintzen dizkiozu.

Nire nebarena orain dela 20 urte gertatu zen, oso kolpe latza. Urtero olerki bat idatzi izan dut bere omenez, idaztea terapia modukoa da niretzat.

Seme-alabak, lagunak… ere oso presente dituzu zure bertsoetan.

Maite ditudanentzat idazten dut, opari gisa. Nire alaba eta semearen urtebetetzeetarako olerki asko daude liburuotan.

Amodioa eta desamodioa jorratzen dituzu, bizitzaren momentu gozo eta gaziak…

Horrelakoa da bizitza, triste egoteko momentuak eta alai egotekoak, bietatik daude. Horregatik, nire olerki triste askok amaiera itxaropentsua dute.

Zorrotzari buruzko poema bat ere baduzu, “Me gusta mi barrio”.

Alde txarrak aipatzen ditut: FEVEko barrerak, kutsadura…; baina alde onak ere bai: parkea, auzoko bizitza…

Gizarte gaiak ere hizpide dituzu, hala nola pobrezia, gerrak, arrazakeria… 

Aitona karlista nuen eta gerraren ostean Francok bizkarra eman zien, aldizkari klandestino bat zeukaten… Etxean asko hitz egiten zen gai politiko zein sozialez. Uste dut horrek eragina izan zuela nigan.