LUIS MUÑOZ “PIRU”: Herri-mugimenduko kide historikoa

“Auzoa baino, herria izatearen sentimendua ez genuke inoiz galdu behar”

16 edo 17 urterekin hasi zen Piru Zorrotza auzoaren aldeko mugimenduan, eta ordutik ez da konpromisotik aldendu. Auzo elkartean ez ezik, borroka sindikaletan, pentsionisten mugimenduan, ekologismoan eta beste hainbat esparrutan garaipenak zein porrotak ezagutu ditu. Auzoa eta herri mugimendua nola aldatu diren gertutik ezagutu du. Aldarrikapenaren, auzolanaren eta komunitatearen garrantzia azpimarratzen du. Izan ere, argi du hobetzeko zer edo zer egin behar dela.

TESTUA: AINARA GARCÍA | ARGAZKIAK: AITOR MARÍN

Zorrotzako herri mugimenduaren aurpegi ezagunenetakoa zara. Nola eta noiz hasi zen zure konpromisoa?

Gaztetan, istorio hauen inguruan nenbilen. Elizako parrokian Danok Lagunak izeneko Gazte Klubean. Bertan, auzoa hobetzeko interesa zuen jende multzo bat zegoen  eta bizi-kalitatea, hirigintza, gizarte eta kultura aldetik hobetzeko mugitzen hasi zen. Horrela hasi eta, pixkanaka, gero eta gehiago sartu nintzen.

Nola aldatu da auzoa urte hauetan?

Hirigintza-mailan asko irabazi da, hori delako Auzo Elkarteek lehenengo planteatzen dutena: oinarrizko gaiak, hala nola argiztapena, espaloiak… Aurrera egin ahala, berriz,  bestelakoak ere planteatzen dira, kultura, kirola edota aisialdiarekin lotutakoak. Hobeto egon gintezke? Ziurrenik, baina egon garena baino hobeto gaude.

Eta nola aldatu da auzo mugimendua?

Franco hil ondoren, herri mugimendu asko indartu ziren. Auzo-elkarteetako militante askok politika instituzionalera egin zuten salto, erakunde berriek aldaketak ekarriko zituztelakoan. Baina denborarekin ikusi zen erakunde politikoek ez zutela auzo-elkarteen lana ordezkatuko, eta lehengora itzuli behar izan zen.

Gaur egun, erakundeek parte-hartzea legitimatu egiten dute, baina euren agendek markatzen dute erritmoa. Gauza txikiak lortzen dira, baina gai garrantzitsuetarako urte asko behar dira. Bestalde, gizartea gero eta indibidualistagoa da. Jende asko kexatzen da, baina gutxi dira deialdietara joaten direnak. Hala ere, ez dut uste kopurua garrantzitsuena denik; talde iraunkor eta konprometitua izatea ezinbestekoa da.

«Parte hartzen dudan borroka guztiek gizartea aldatzea eta guztiontzat hobea izango den zerbait lortzea dute helburu»

Tartean, asko dira lortu diren aldarrikapenak. Zertaz sentitzen zara bereziki harro?

Azokako parkeak mugarri garbia ezarri zuen. Abereen azoka eta kamioien aparkalekua izatetik auzoko herritarrentzako espazio publiko erabilgarri batera igarotzeak aldaketa nabarmena ekarri zuen. Beste mugarri itzela Jon Urzelai parkean auzolanean egindako lana izan zen; izugarrizko simaurtegia baitzen eremu hura. Baina, oro har, urteetan lortu den guztia: institutua, osasun zentroa, kiroldegia… Eta baita auzoa lagunkoiagoa egiten lagundu duten xehetasun txiki guztiak ere.

Zorrotzako zer arazo daude oraindik konpontzeke, eta zein izan beharko lirateke auzoaren lehentasun nagusiak?

Batez ere, Sader eta Profesaren lekualdatzea eta FEVEren bi trenbide-pasaguneen lurperatzea lortzea. Garraioaren gaia ere garrantzitsua da. Ez gaude gaizki komunikatuta, baina metrorik gabe gaudenez, garraio-enpresek planteatutako ardatz berria kontuan hartuta, ikusi beharko da nola geratzen den eta zein baldintza diren interesgarriak auzoarentzat.

Punta Zorrotza ere lehenago edo geroago abiarazi beharko da. Elkartean urte asko daramatzagu aurkeztu dizkiguten plan ezberdinetan auzoari interesatzen zaiona azpimarratzen, proiektu horrek ia-ia auzo berri bat egitea ekarriko baitu. Osasun zentroa handitzea zein Zazpilanda eta erdigunea gehiago kohesionatzea ere garrantzitsua da.

Zure konpromisoa ez da auzo mugimendura mugatzen. Borroka sindikaletan ere parte hartzen duzu, pentsionistenetan, bazterketa sozialaren aurkakoetan, ekologistetan, suberanistetan… Zer dute komunean borroka horiek guztiek?

Gizarte ezberdin baten aldeko borroka bakar gisa ulertzen ditut militantzia guztiak. Batak bestera eramaten duela oso argi daukat. Borroka hauek guztiek gizartea aldatzea eta guztiontzat hobea izango den zerbait lortzea dute helburu.

«Aldarrikapenak jarraitzen du funtsezkoa izaten edozein hobekuntza lortzeko»

Nondik ateratzen duzu energia konpromiso maila horri eusteko?

Egoteko beharraren uste sakona dugunean, indarra berez dator eta mugitzera eramaten gaitu. Niretzat funtsezko oinarria gizatasuna edo humanismoa da. Hobetzeko zer edo zer egin behar da, utopia handirik gabe.

Zer eman dizu zuri herri mugimenduak?

Pozgarria da guztion onerako, jendearen bizi-kalitaterako, ekarpena egiten saiatzea. Garaipen txikien poza eta, besterik gabe, eztabaida proposatzea, elkarrizketa lortzea eta mota guztietako jendearekin konektatzea ere eman dit. Hau oso garrantzitsua da lubakien eta bandoen herri honetan. Guztioi eragiten diguten aferetan elkarguneak bilatu behar ditugu, batez ere ia denok elkar ezagutzen dugun auzo edo komunitate batean.

Militantziak maila pertsonalean hainbat konturi uko egitea dakar. Zer kostatu zaizu zuri konpromiso hau?

Buruhausteak. Baina alde onak eta txarrak begiratzen hasten banaiz, azkenean, negatiboa ahaztu eta norberak markatutako helburuez oroitzen naiz. Ugariak izan dira tentsio-uneak, une desatseginak eta etsipenak, baina bizitzako alderdi guztietan bezala.

Hainbeste urtez herri mugimenduaren aurpegi agerikoenetakoa izan ondoren, erreleboak kezkatzen zaitu? Ikusten al duzu gazterik lekukoa hartzeko prest?

Kezkatzen gaitu, bai. Ez bakarrik auzo elkartean, oro har. Badago gazteria lanean eta gauza piloaz arduratzen ari dena, baina errebelde faltaren pertzepzio hori badaukagu. Edozein gauza lortzea asko kostatzen da, eta azkenean jendea desanimatu egiten da. «Zertarako balio digu hemen egoteak, azkenean ez badugu ezer lortuko?» pentsatzera eramaten du horrek. Erosotasuna ere beste arrazoi bat izan daiteke. Askotan entzun behar dugu hemen gaudenok oso ondo egiten dugula; baina jende gehiagoren artean errazagoa litzateke. Eta sare sozialen itxurakeria ere badago. «Like»a emanda edo «ados nago» sofatik adierazita dena eginda dagoela ematen du, baina hori ez da nahikoa.

Nola aldatu da auzo mugimenduaren eta erakundeen arteko harremana? Posible da aurrerapausoak lortzea horien aurrean jarrera aldarrikatzaile eta kritikoa mantendu gabe?

Zerbait ireki da eta gauzatxoak lortzen joan gara, baina hainbeste goraipatu den parte-hartzea paradoxa bat da. Teorian onartzen dute, baina praktikan beste kontu bat da. Prozesu parte-hartzaileak egon badauden arren, benetan garrantzitsuak diren gaietan erakundeek «entzun» egiten dizute, baina haiek nahi dutena egiten jarraitzen dute. Haien agendaren araberakoa da, eta azken hitza haiek baino ez daukate. Hala eta guztiz ere, gauzak lortzeko aldarrikapena funtsezkoa da. Horrela gauzak lortzea kosta egiten bada, hori gabe pentsa gaur egun nola egongo ginatekeen.

Zer Zorrotza aurkitu nahiko zenuke hamar edo hogei urte barru?

Inoiz ez genuke galdu behar auzoa baino herria garen sentimendua. Etorkizunera begira, komunitatearen alde lan egin behar dela uste dut: sare bat sortu, auzoa eta bere alderdi ezberdinak nolabait saretu. Bere garaian horretarako aurkeztu zen Taldeon Koordinakundea, baina gustatuko litzaidake zerbait egonkorragoa izatea.


“Zorrotza? Bizitzeko munduko lekurik onena” 

Zorrotzako txoko gogokoena?

Antzinako Landa, existitzen zenean. Gaur egun, auzotik Kastrexanarako irteera, El Chorrillo izenez ezagututakoa.

Bereziki gogoan duzun mobilizazioa?

Izan zuen intentsitateagatik, Landako Escudero Perez familiarekin izandako gatazkari lotutakoa. Maila pertsonalean arriskutsua izan zen hainbat auzokiderentzat. Elkarbizitzarako inflexio puntu garrantzitsua izan zen.

“Merezi izan du” pentsarazi dizun une bat?

Modu batean edo bestean, lortutako guztia.

Barruan iltzatuta geratu zaizun zerbait?

Sader/Profesaren lekualdatzea eta FEVEren trenbidearen lurperatzea, auzoa erabat hobetuko luketelako.

Zer da Zorrotza zuretzat?

Niretzat, bizitzeko munduko lekurik onena.