LIHER URKIZA eta JULEN AGUADO
Liher Urkiza eta Julen Aguado 2023ko Bizkaiko Trail (mendi-lasterketak) Ligako txapeldunak dira. Liherrek aitarengandik jaso du zaletasuna, eta 16 urterekin Bizkaiko junior kategoriako (16-18 urte) txapela lortu du. Julen, (43) asfaltoz korrika egiteaz aspertuta mendian korrika hasi zen, eta urte gutxitan Bizkaiko Trail txapela irabazi du, bere benetako pasioa eta lehenesten duen kirola euli-arrantza izan arren; izan ere kirol honetako munduko txapelketan lehiatzear zen elkarrizketa hau egin zenean.
Testua eta Argazkiak: AITOR MARÍN
Bizkaiko Trail txapeldunak zarete. Zertan datza Bizkaiko Trail txapelketa?
Julen: Lasterketen egutegi bat aurkezten du Bizkaiko Mendi Federazioak urte hasieran, eta lasterketa horietatik guztietatik, gutxienez hamarretan parte hartu behar da sailkapen nagusian lehiatu ahal izateko. Lasterketa bakoitzean, puntuak eskuratzen dira sailkapenaren arabera. Parte hartutako lasterketa guztietatik, hamar puntuazio onenak hartzen dira sailkapen nagusiaren marka osatzeko. Denboraldi amaieran puntu gehien eskuratu dituen kirolaria da txapelduna.
Nola hasi zineten kirol honetan? Nondik datorkizue trailekiko zaletasuna?
Liher: Aitarekin hasi nintzen, berak urte asko eman baititu kirol honetan. Lehenengo aldiz, Agate Deunan hasi nintzen, Sasiburu menditik gora. Gustatu zitzaidan eta futbolari utzi nion, eta trail entrenatzen hasi nintzen.
Julen: Taekwondo egiten nuen. Kirol hori utzi nuenean, gimnasioan mantentze-ariketak egiten hasi nintzen. Korrika egiten hasi nintzen geroago, edozein tokitan eta edozein momentutan egin daitekeelako korrika. Korrika egiten nuen errepidetik, eta antza, nahiko azkar, baina ez nuen gustuko. Lagun baten gomendioari kasu egin nion, eta mendian hasi nintzen. Probatu egin nuen eta askoz gustukoago daukat. Azken finean, kirola oso gustukoa dut eta naturan egiten diren ekintzak ere bai. Trailak bi gauza horiek uztartzen ditu.
Zenbat km dira lasterketa bakoitza? Antzekoak dira?
Julen: Ez, mota askotakoak izan daitezke. Kilometro bertikalak, edo 10 edota 30, 35 kilometroko lasterketak.
Zer lasterketa mota dituzue gustukoen?
Liher: Nik kilometro bertikalak ditut gustukoenak, azkar igotzen naizelako.
Julen: Nik aldiz nahiago ditut 30 – 40 kilometro bitarteko lasterketak. Trebetasun handiagoa daukat jaisteko igotzeko baino, eta beraz, tarte horretako lasterketak dira nire ezaugarrietarako hobeto datozkidanak.

“Aitarekin hasi nintzen, berak urte asko eman baititu trail entrenatzen. Gustatu zitzaidan eta futbola utzi nuen”
Zenbat denbora ematen duzue astean entrenatzen?
Liher: Astean sei egunetan ateratzen naiz. Gehienetan asfaltotik, eta igandero mendira noa trail luze bat egitera.
Julen: Astean bost egunetan, eta guztira astean 70-100 km. eginda. Asfaltoan behin edo. Berdin da gaua edo negua izan.
Zein izan da zuen momenturik onena lasterketa batean?
Liher: Aurtengo txapelketako lehenengo lasterketan, Artxandako funikularreko igoeran. Nire anaia zegoen goian animatzen, eta uste dut bere animoei esker irabazi nuela lasterketa. Oso lehia estua izan zen eta 9 segundoko aldea izan nuen bigarren sailkatuarekiko.
Julen: Nahiz eta ez irabazi, lasterketa gogorrak ondo bukatzea. Adibidez, gogoratzen dut orain dela bi urte 42 kmko lasterketa bat Pirinioetan. Oso teknikoa zen, zazpi ordu eta erdi lehiatzen… Eta tripako arazoak ere izan nituen. Kirol honetan, hainbeste ordu direnez, lasterketan jan behar da… Eta lasterketa hartan janariarekin pasatu nintzela uste dut. Ordubeteko arazoak izan nituen, baina hala ere, bukatzea lortu nuen.
Forma fisiko ona duen edonork mendiko botak jantzi eta trailean lehiatu dezake, ala prestakuntza espezifikoa behar du?
Julen: Edonork egin dezake, baina pixkanaka-pixkanaka… 42 urte ditut eta 36rekin hasi nintzen ni. Baina hasieran pilo bat kostatu zitzaidan, mendia oso gogorra baita, eta gorputza, muskuluak, artikulazioak, … ohitu behar dira kirol berrira. Ez da gauza bera mendian ala kalean korrika egitea.
Eta trailez gain, zertan aritzen zarete egunero? Zaila al da zuen egunerokotasuna entrenamenduarekin uztartzea?
Liher: Ni ikaslea naiz, eta egia da denbora eskatzen duela, baina pozik uztartzen dut.
Julen: Ni irakaslea naiz Burtzeñako ikastetxe batean. Alaba bat daukat eta emazteak ere lan egiten du ordutegi berezi batekin, eta kostatzen da… Batzuetan ez dut gogo handirik lanetik nekatuta heltzen banaiz, baina gertatu izan zait neke hori mentala izatea, eta entrenamenduaren ostean askoz hobeto egotea. Eta kirol honetan, behintzat, edozein egunetan eta ordutan irten naiteke, eta horrek errazten du apurtxo bat.
“Munduko Euli arrantza Txapelketan parte hartuko dut gutxi barru. Nahiz eta Trail txapelduna izan, arrantzak lehentasun osoa du”
Uztartzen al duzue traila beste kirolen batekin?
Liher: Futbolean jokatzen nuen, baina utzi nuen.
Julen: Bai, nik euli arrantza txapelketetan parte hartzen dut duela 20 urtetik hona, eta horrek lehentasuna du trailarekiko. Orain munduko txapelketa prestatzen ari naizenez, mendira joaten naiz, baina mantentzeko entrenamenduak soilik egiten ditut; ez dut lehiatzen balizko lesioak ekiditeko. Munduko txapelketa batean hirugarren geratu ginen, Europako beste txapelketa pare batean bigarren postua lortu nuen… Eta Espainiako txapelduna ere izan naiz. Aurten, gutxi barru, Frantziako Munduko Txapelketan parte hartuko dut. 15 urterekin hasi nintzen horretan. Ibaira joaten gara arrantzan, eta arrain guztiak, amuarrainak batez ere, ibaira bueltatzen ditugu berriro.
Harrigarria! Eta zertan datza lehiaketak?
Julen: Ibaiko eremu konkretu batean, bi orduan ahalik eta arrain gehien arrantzatzean datza. Arraina handiagoa bada, puntu gehiago eskuratzen dira.
Honek ere entrenamendua eskatzen du? Non egiten duzu?
Julen: Bai, jakina. Hemen, Kadaguan, Balmaseda aldean. Baina Gipuzkoan, Kantabrian, Asturiasen, Errioxan edo Palentzian ere egona naiz… Inguruan ditudan eremu guztietan, batez ere hemen leku gutxi dagoelako.
Bizkaiko txapeldunak izan ondoren, zein da zuen hurrengo erronka?
Liher: Euskadiko Kopa. Bizkaiko Txapelketaren antzekoa da, baina Euskadi mailan.
Julen: Ez dut helburu finkorik. Sasoi onean egotea, eta lasterketetan gozatzea baino ez.

Kirolari erreferenteren bat aukeratu behar bazenute?
Liher: Manuel Merillas.
Julen: Killian Journet.
Egin nahiko zenukete eta igo gabeko gailur bat?
Liher: Urte batzuk barru, Mont Blanc.
Julen: Aneto adibidez.
Egin gabeko eta egin nahiko zenukete lasterketa?
Liher: Zegama – Aizkorri.
Julen: Berdin. Zozketa egiten da izen-emate ugari guztien artean, eta ez zait inoiz tokatu.
Gehien gozatzen duzuen gure inguruko mendia?
Julen: Barakaldoko Arroletza eta Sasiburu mendilerroa. Etxetik ateratzen naiz zuzenean entrenatzera eta gure moduko kirolari gutxik egin dezake hori.
Liher: Julen esan bezala, inguruko mendiak oso aproposak dira entrenatzeko, baina nik nahiago dut Pagasarri eta Ganekogortako ingurua.
Zer aholku emango zenioke trailean hasi nahi duenarentzat?
Liher: Poliki-poliki hastea.
Julen: Bai, berdin. Eta ahal bada, kontrolatzen duen norbaitekin hastea.
