“Landa” parke berria inauguratu dute
ZORROTZ MORROTZ
Pasa den uztailaren 10ean, Zorrotzako Muturrean, Artsenalbidean, Renfe Aldiriko trenbidea eta itsasadarraren artean definitutako espazioan dagoen “Landa” parke berria inauguratu zuen Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, korporazioko beste kide batzuekin batera. Guztira 11.022 metro koadro dauzka parkeak, eta berdeguneak, egoteko guneak, jolaserako guneak eta kirol-guneak ditu. Udalak 2 milioi eta seiehun mila euro baino gehiago inbertitu ditu hamar hilabete gutxi gorabehera luzatu diren lanetan.
Nautikan girotutako jolasgune bi jarri dira haurrentzat, parkea itsasadarretik eta kaitik gertu dagoela kontuan hartuta. Lehenengoa, hiru urte arteko haurrentzat; bigarrena, hiru eta hamabi urte bitartekoentzat. Eremu biek jolas inklusiboak, irisgarriak eta egokituak dauzkate. Halaber, kirol-eremu bi sortu dira: parkour motako kirol-eremua, hainbat formatako blokeekin, ad hoc diseinatutako zirkuitua sortuz; eta kalistenia-eremua, hainbat barra-multzorekin.
Parke berriak, gainera, 2.800 metro koadro belardi eta zuhaixka-eremu dauzka. Bertan 64 zuhaitz berri landatuko dira (lizarrak, haltzak, urkiak eta altzifreak). Proiektatutako horietatik 46 landatu dira, eta udazkenean landatuko dira gainerakoak.
Halaber, aurreko fasean egindako bidegorriari jarraipena eman zaio, lehenik trenbideen ondoan, eta kaian zehar ondoren. Horretaz gain, inguruan ibilgailuak aparkatzeko bi gune sortu dira, 63 plazarekin. Hasierako proiektuan, Sader enpresako kamioiak aparkatzeko lekua aurreikusten bazen ere, azkenean, eremu hori erabilera publikorako bideratu da.
Hasieratik kritikak eragin dituen proiektua

Landa parkearen proiektuak auzokideen kritikak eragin zituen obren lizitazioa onartu zenetik. Auzo Elkartea oso kritiko agertu zen proiektuarekin, ekarpenik jasotzeko aukerarik ez zelako egon. Gainera, aparkalekurik eza auzokiden arteko kexa nagusienetakoa izanda, Jabonerako orube zeneko aparkaleku guztiak kendu ziren.
Auzokide batzuk kexu agertu dira, landatutako zuhaitzak oso txikiak direlako eta egun eguzkitsuetan ez dagoelako itzal-eremurik. Baina batez ere, bizilagunen artean ezinegon handiena sortzen duena da ekipamendu publiko berri hori Sader eta Profersa lantegien ondoan dagoela; horren ondorioz, egun askotan ezinezkoa baita instalazioez gozatzea, enpresa horiek sortzen dituzten isurketek eragindako usain txarrengatik. Hainbat herritarrek parkea inauguratzera etorri zen alkatearen bisita baliatu zuten banderolekin eta kartelekin bi enpresa kutsatzaile horien lekualdaketa berriro eskatzeko, bitan banatu behar izan zuten kontzentrazio batean. Izan ere, Ertzaintzak isunak jartzeko mehatxua egin zuen, elkarretaratze hura jakinarazita ez zegoelako eta baimenik gabe kontzentratu daitekeen pertsonen kopurua gainditu zutelako.

