Danba-danbaka, Hots Morea zabalduz
Emakumeentzako perkusio tailer moduan hasi eta gutxira bere lehenengo kalejira egin zuen Hots Moreak. Geroztik, taldeak egonkortzen eta trebetasuna hartzen jarraitu du, aldarri feminista gure auzoko kaleetara zabaltzearekin batera.
Testua: AINARA GARCÍA eta IGOR GUTIÉRREZ. Argazkiak: HOTS MOREA
Hots Moreak Zorrotzako EISEn, alegia, gizarte- eta hezkuntza-arloko esku-hartze taldean, du jatorria. Bilboko Udaleko zerbitzu horretan ume txikidun familiekin lan egiten da komunitatearekin batera, eta beste elkarte eta plataforma ezbedinekin proiektu eta ekintzak antolatzen dira. Besteak beste, Zorroztuz plataformarekin elkarlanean, emakumearen inguruko ekintzak burutzen dituzte aspalditik, A-25a eta M-8a, batik bat.
2023. urtean, adiskide duten Otxarkoagoako beste talde baten esperientzia ezagutu eta gure auzoan martxan jartzera animatu ziren: emakume-batukada, alegia. Horretarako, kalean, sare sozialetan eta institutuan iragarri zuten kartelen bidez. Institutuan egindako kanpainari esker, hiru neska animatu ziren haien amekin batera, oraindaino mantentzen direnak. Urte horretan bertan lehen perkusio tailerra antolatu zuten.

Jarraipena eta finantziazioa
Esperientzia hain ona izan zen non proiektuarekin jarraitu ahal izateko hiru ama dirua batzen saiatu ziren, eta Txinbotarrak konpartsaren eta Jai Batzordearen laguntza lortu zuten. Geroago beste dirulaguntza batzuk ere lortu dituzte. Bestalde ACCP (Asamblea de Cooperación por la Paz) elkartearen inguruan Otxarkoaga-Zorrotza proiektu bateratua eratu zen, eta horren ondorioz entsegu eta emanaldi ugari izan dituzte.
Dagoeneko M-8, A-25, Zorrotza Eguna eta auzoko jaietan jo dute.
A-25 eta M-8az gain, Zorrotza Egunean eta auzoko jaietan ere parte hartu dute. Esaterako, M8an nagusien egoitzan egon ziren eta, ondoren, Bilborocken ere emanaldia egin zuten, eurentzat oso berezia izan zena.
Horrela, tailer puntual bat izango zena denboran mantentzea lortzen ari dira. Lortutako finantziazioarekin irakaslea ordaintzen da. Irakasleak berak musika tresnak ekartzen ditu. Txinbotarrak konpartsak aspaldi izandako batukadako musika tresnak laga dizkie, baina gutxi batzuk erabili ahal izan dituzte (errepikea, platerak…), oso pisutsuak egiten zaizkielako.
Kideak, entseguak eta errepertorioa
Entsegu garaian, astean behin ordu eta erdi batzen dira Auzo Etxean. Gaur egun, bost abestiko errepertorioa daukate, kalejirak egiteko nahikoa. Batzuetan, entseatzen dituzten abestiak kanpoan utzi behar izaten dituzte zailtasun mailagatik; eta, beste batzuetan, berriz, azkenengo momentuan abesti berri bat ateratzeko gai dira. Noizean behin kalean jotzen ari direla zeozer asmatu edo emozioak eramanda inprobisatu egiten dute.
Taldean 14 emakume aritzen dira, gutxi gora-behera. Oso giro polita daukate eta adin guztietako auzoko emakumeak batera ibiltzen dira. Gazteenak 13 urte ditu eta, hasiera batean lotsa handia izan arren, musika tresna bat hartu, entsegu bakarrean abesti guztiak ikasi eta hurrengo ekitaldian jotzen atera zen.

Helburua eta motibazioa
Auzoko emakumeei ikusgarritasuna ematea da haien helburuetako bat eta, horretarako, batukada aproposa eta interesgrarria iruditzen zaie. Izan ere, gaur egun, manifestazio eta kale agerraldietan ohikoa da batukadaren batek parte hartzea.
Gainera, musika jakin gabe lehen egunetik jotzeko gai ziren. Horrek asko ahaldundu dituela esaten dute, hasiera batean oso zaila izango zelako ideia baitzuten. Entseguetan oso ondo pasatzen dutela diote, barre, negar eta denetarik egiten dute, etxetik irten eta lagun artean egoteko askatasun momentua da beraientzat. Baina motibazioak gora-behera, denek bat egiten dute momenturik ederrena kalean jotzea dela.
Aurtengo asmoei buruz galdetuta, M-8, Zorrotza Eguna eta auzoko jaiak aipatu dizkigute. Era berean, Ahots Morea zabalik dagoela gogorarazi dute eta auzoko emakumeak parte hartzera gonbidatu nahi dituzte. EISEko lokaletik pasata edo deituta nahikoa da.