Bilboko Udalak hasiera eman die Zirgarien parke berriko obrei

AITOR MARÍN

Parke hori auzoko erreferentziazko espazio berrietako bat izatea nahi du Udalak, eta 2.653.620,19 euroko inbertsioa jasoko du. Pasa den irailaren 16an hasi ziren lanak hamar hilabetean amaituko direla kalkulatzen da.

Guztira, 11.022 metro koadro izango ditu parkeak, eta berdeguneak, egoteko guneak, jolaserako guneak eta kirol-guneak izango ditu.  Horrela, alboko lurzatian aurreko fase batean egindako pump trackaren ondoko espazioaren kirol-eskaintza zabalduko da. Gainera, bidegorriari jarraipena emango zaio eremu atseginagoan, eta oinezkoen ibilbideak bultzatuko dira espazio berriaren barruan.

Auzokideen kritikak

Proiektuak auzokideen kritikak eragin zituen obren lizitazioa onartu zenean, ekarpenik jasotzeko aukerarik ez zelako egon. Gainera, Auzo Elkarteak gogoratu du aparkalekurik eza auzokiden arteko kexa nagusienetakoa dela, «eta Jabonerako orubeko aparkaleku guztiak kentzen diren aldi berean, Udalak eremu publikoa oparitzen dio Sader enpresari 4 metroko altuera duen horma baten atzean aparkaleku pribatua izan dezan.

Bestalde, Sader Profersa kanpora! plataformak sareetan saslatu duenez, Sader eta Profersa «Udalaren proiektu honen parte dira» eta «EAJk hainbeste aipatzen zuen borondate politikoa non dagoen» galdetu dute.