Bidea egiten kolpez kolpe

Ekainetik, MT Boxing klubak boxeo klaseak ematen ditu kiroldegian. Gero eta jarraitzaile gehiago ditu “publiko guztientzako” jarduera honek, klubeko arduradunak eta Zorrotzako eskoletako begiraleak azaldu digutenez, azken honek luma pisuko Espainiako txapela lortu eta egun gutxi batzuetara.

Kiroldegian egindako lanak eta instalazioen handitzeak aukera eman du gure auzoan kirol berriak egiteko. Boxeoa da aukera berri horietako bat, MT Boxing klubak antolatutako klaseei esker. Lehen Sestaoraino joan behar zuten zorrotzarrei etxetik gertuago zerbitzua eman ahal izatea nahi zuen klubak. Izan ere, pixkanaka, boxeoa gero eta jende gehiagorengana zabaltzen ari da. Txerra Dehesa klubeko arduradunak azaldu duenez, hazkunde handia izan dute azken urteetan, baita haurren artean ere. Kluba 2006an Sestaon sortu zenetik, Zorrotzara iritsi aurretik, beste zentro bat ireki zuten Santurtzin: “Lehen boxeolarientzat zen boxeoa; ringera igo eta boxeatu nahi zuten gazteentzat baino ez. Baina joera hori aldatu egin da, eta gaur egun, adin guztietako gizon eta emakumeak aritzen dira boxeoan”. Eta horren froga da ikasleen adina 14 urtetik 60 urtera bitartekoa dela. Txerrak aitortu duenez, historikoki boxeoak izan duen estigma negatiboa, zorionez, desagertuz doa. Agian, “ boxeoak muskulu-tonurako dituen onura fisiko bikainak pixkanaka-pixkanaka deskubritzen dituelako jendeak”. Eta onura fisikoaz gain, boxeoa desestresatzeko eta zama pertsonalak ahazteko aproposa dela azpimarratu du klubeko arduradunak, “tentsio eta adrenalina handia askatzen duen kirol zorrotza” baita.

Gaur egun, adin guztietako gizon eta emakumeak aritzen dira boxeoan

Klaseak taldekakoak dira eta hainbat ordutegi dituzte, goizez zein arratsaldez. Entrenamendu saio bakoitzak ordubete irauten du, eta ia ez dago kirolarien arteko kontaktu fisikorik, errendimendu handia bilatzen dutenentzat izan ezik. “Oso entrenamendu ludikoak dira, sasoian jartzekoak”. Gainera, erabiltzaileak aukeratzen du zenbat ordu eta egun entrenatu nahi dituen, ordutegi malguekin, klaseak erreserbatzeko baliatzen dituen app bati esker; “horrela talde txikiak eta kalitatezko irakaskuntza bermatzeko edukiera bermatu ahal da”.

Zorrotzan 30 pertsona inguru daude izena emanda. Txerrak pozik kontatu digu klubak egokitzapen ona izan duela eta gero eta jende gehiago hurbiltzen dela galdetzera eta probatzera. Jaietan erakustaldi publiko bat egin zuten non klubak ohiko boxeo entrenamendu bat nolakoa den eta kirol honen onura fisikoak erakutsi ahal izan zituen. Oraingoz, hemen ez dago entrenamendu “zehatzagoa eta zorrotzagoa” eskatzen duen boxeo tradizionala praktikatu nahi duen erabiltzailerik, nahiz eta klubak aukera hori ere eskaini. Baina badira MT Boxing taldean lehiatzen diren kirolariak. Horietako bat Johan Gonzalez da, eta Zorrotzako kiroldegian klaseak ematen dituen irakaslea izateaz gain, duela gutxi 2024ko Espainiako luma pisuko urrezko domina lortu du, Palentzian izandako txapelketan. Johanek harro azaldu du domina hori ez lortzeagatik geratzen zitzaion arantza kendu ahal izan duela azkenean, Bizkaiko eta Euskadiko txapeldun izan ondoren, sei eta bost aldiz, hurrenez hurren.

Oso entrenamendu ludikoak dira, sasoian jartzekoak

Eskolez gain, Boxing MT klubak beste jarduera batzuk ere antolatzen ditu urtean zehar, hala nola emakumeen aurkako indarkeriaren aurkako tailerrak, haurrentzako lehiaketak eta boxeo federatuko lehiaketak. Jarduera horiek Zorrotzan ere antolatu ahal izatea espero dute, kluba auzoan finkatuago egotean eta ideia horiek guztiak Bilbao Kirolakeko zuzendaritzarekin aztertu ostean.