Auzo Elkarteak TAO ezartzeko eskatu dio Udalari

Eskaera ekaineko Barrutiko Osoko Bilkuran egin zuten, auzo batzar ireki batean egindako bozketaren aginduaren ondoren. Batzar horretan, bizilagunen ibilgailuak auzoan lur gainean aparkatutako autoen erdia baino gutxiago direla adierazten duen udal-azterlan baten emaitzak aurkeztu ziren.

AITOR MARÍN

Zorrotzako Auzo Elkarteak TAO zerbitzua ezartzeko eskatu zion Bilboko Udalari joan den ekainaren 17an egindako Barrutiko Osoko Bilkuran. Eskaerak maiatzaren 27an egindako auzo-batzarraren babesa du. Batzar horretan, Bilboko Udalak lur gaineko aparkalekuari buruz egindako azterlan baten emaitzak aurkeztu ziren.

Batez ere pandemia ostean, auzoan aparkatzeko zailtasunak zirela eta, Auzo elkarteak kexa ugari jasotzen hasi zen. Egoera horren aurrean, elkarteak bere kezka helarazi zion Barruti Kontseiluari, eta azterketa bat egiteko eskatu zion, aparkalekuen okupazio-maila eta aparkatutako ibilgailuen jatorria aztertzeko.

Txostenaren emaitzek adierazten dute presio handia dagoela lur gaineko aparkalekuan. Azterlanaren arabera, okupazioa ez da inoiz % 92tik jaisten, eta ia % 100era iristen da ordu-tarte jakin batzuetan. Hala ere, garajeetan eta bide publikoan dauden plazak eta auzoan erroldatutako ibilgailu kopurua kontuan hartuta, 355 aparkaleku-plazako saldo positiboa dagoela ere ondorioztatzen da analisian.

Datu garrantzitsuenetako bat aparkatutako ibilgailuen jatorria da. Azterlanaren arabera, kalean aparkatutako autoen % 42 baino ez daude erroldatuta Zorrotzan; % 14, berriz, Bilboko beste auzo batzuetatik datoz, eta % 43 baino gehiago udalerritik kanpokoa da.

Emaitza horiek ikusita, auzo-batzarrak ia aho batez babestu zuen TAO ezartzeko eskaera. Olabeaga bezalako beste auzo batzuetako azken esperientziak erreferentziatzat hartuta, zerbitzua behin betiko onartu eta zazpi hilabetera martxan egongo litzateke, eta, beraz, 2027aren hasieran abiaraziko litzateke, ziurrenik.

TAOa indarrean sartzearekin batera, egoiliarrentzako leku gehiago izatea espero da, eta ibilgailuen txandakatze handiagoa bultzatzea ere bai. Horrek eremuko merkataritza-jarduerari mesede egin diezaioke. Egoiliar-bereizgarria lortzeko, udal-araudian ezarritako baldintzak bete beharko dira, besteak beste, auzoan erroldatuta egotea, etxebizitza bakoitzeko bi bereizgarri baino gehiago ez izatea, udal-betebeharrak egunean izatea eta ibilgailuak eskatutako neurriak eta tipologiak betetzea. Halaber, sistemak baldintza espezifikoak aurreikusten ditu merkatari, langile eta profesional autonomo ez-egoiliarrentzat, baimen mugatuak eta aparkatzeko gehieneko denbora izango dituztenak.