Markeliñe antzerki taldeak ‘Artilusio’ eramango du Zorrotzako frontoira irailaren 29an
Emanaldia “Eszena Kalera” udal programaren barruan dago
ZORROTZ MORROTZ
Kale-antzerkiak hitzordua izango du berriro Zorrotzan. Irailaren 29an, goizeko 11:00etan, Markeliñe konpainiak “Artilusio” ikuskizuna eskainiko du auzoan, Bilboko Udalaren “Eszena Kalera” programaren barruan. Emanaldiak, azken urteotan ohikoa den bezala, auzoko ikastetxeetako ikasleak bilduko ditu. Umeak eskolatik aterako dira frontoiko harmailak betetzeko eta antzezlana ikusteko.
Zorrotzakoa “Eszena Kalera” programaren azken-aurreko ekitaldia izango da. Irailean zehar, Bilboko hainbat auzotan 17 euskal konpainiak 32 emanaldi eskaini dituzte, askotariko diziplinak oinarri hartuta: zirkua, magia, musika, kale-antzerkia, clowna, dantza eta txotxongiloak, besteak beste.
Programazioak publiko guztiei zuzendutako ikuskizunak bildu ditu, euskaraz, gaztelaniaz, elebitan eta testurik gabeko formatuetan. Horrela, kaleko arteak auzotarren egunerokotasunera hurbiltzea eta adin desberdinetako publikoaren parte-hartzea sustatzea du xede.

