Udalak Txinbo parkea egokitzeko lanak esleitu ditu, Bilbon kontrolpean urez bete ahal izango den lehenengo parkea egiteko

ZORROTZ MORROTZ

Bilboko Udalak Txinbo parkeko paisaia egokitzeko eta birnaturalizatzeko obrak esleitu ditu Zorrotzako muturrean, Kadagua ibaiaren ondoan. 301.000 euroko aurrekontua duen jarduketak hiru hilabete iraungo du, eta irailetik azarora bitartean egingo da.

2.840 m²-ko eta 130 metro inguruko eremua berrantolatuko da, zurezko sei plataforma eta bankuak jarriz eta ibaiaren erriberara hurbiltzeko aukera emanez. Parkean urez bete daitekeen eremuaren zabalera handitu egingo du, espazio hori gainezkabide gisa baliatu ahal izateko eta ur-goraldietan Kadagua ibaiaren eta itsasadarraren emari-soberakinaren zati bat hartzeko.

Eremua birnaturalizatzeko, bertako zuhaixkak, erriberako landaredia eta bertoko zuhaitzak landatuko dira, biodibertsitatea eta erosotasun termikoa hobetzeko. Horrela, espazioa babesleku klimatiko bihurtu ahal izango da egun beroetan.