ALISON ZÁRATE ÁLVAREZ
“Euskara hizkuntza polita iruditzen zait. Adibidez, Goazen telesaila ulertzea gustatuko litzaidake”
Jaioterria: Peru
Noiztik: 2012
Adina: 25 urte ditut
Lanbidea: Erizaina
11 urterekin Perutik Euskal Herrira etorri zen etorkizun hobe baten bila. Urteak igaro ondoren, Zorrotzan aurkitu du bere lekua: auzoko bizimodua eta gertutasuna gustuko ditu, nahiz eta bere familia eta Peruko bizimodua faltan izan. Orain, euskaraz ikasten ari da hizkuntza oso polita iruditzen zaiolako.
TESTUA: NAROA PEÑA | ARGAZKIAK: AITOR MARÍN
Nolatan eta zergatik heldu zinen gurera, Zorrotzara?
11 urterekin etorri nintzen, nire gurasoek etorkizun hobea lortu nahi zutelako.
Gogorra egin zitzaizun lan eta bizi ohituretara moldatzea?
Egokitzapena ez zitzaidan gogorra egin, seguruenik, nahiko txiki etorri nintzelako.
Zure herrian zein lanbide zeneukan?
Ikasten ari nintzen, Lehen Hezkuntzako seigarren mailan nengoen. Hona etortzean seigarren maila errepikatu behar izan nuen bukatuta ez neukalako.
Oso gazte etorri zinen, baina gogoratzen duzu hango bizimodua? Zorrotzakoaren antzekoa dela esango zenuke?
Hemengo bizimodua errutinazkoagoa da. Perun guztia familiarragoa eta hurbilagoa dela esango nuke. Hemen jendea bere kasa doa eta, batzuetan, ez dute elkar agurtzen ezta atarian topatzen diren bizilagunak ere.
Zer da Zorrotzako gehien gustatzen zaizuna? Eta gutxien?
Auzoan dagoen merkataritza eskaintza zabala eta dena gertu daukagula da gehien gustatzen zaidana. Bilboko erdigunearen ondoan dagoela ere bai, jakina. Eta gutxien gustatzen zaidana, batzuetan, gauetan sentitzen dudan segurtasun falta, zaintza gehiago egon beharko litzatekeela uste dut…

«Auzoan dagoen merkataritza eskaintza eta dena gertu daukagula da gehien gustatzen zaidana»
Zeren falta sumatzen duzu gehien?
Amaren, osaba-izeben eta lehengusuen falta dut batez ere. Hango bizimoduarena ere bai. Gazte etorri banintz ere, oroitzapen onak ditut bertan bizitakoaz.
Zure herrira askotan bueltatzen zara?
Bueltatu nintzen azken aldian 15 urte nituen. Nire guraso eta ahizparekin joan nintzen, baina orain dela denbora asko izan zen.
Nolakoa da zure eguneroko bizimodua?
Ba oso frenetikoa da: gimnasiora joaten naiz, gero euskaltegira eta gero lanera, eta horrela egunero astelehenetik ostiralera. Asteburuetan lagunekin irtetea gustatzen zait. Izugarri gustatzen zait hondartzara joatea eta ilunabarra ikustea izozki bat jaten dudan bitartean.
Euskaltegian klaseak hartzen dituzula aipatu duzu. Euskararekin zelan moldatzen zara?
Euskara hizkuntza polita iruditzen zait. Elkarrizketak menperatzera heldu nahi dut. Hitz egitea da gehien kostatzen zaidana. Adibidez, liburuak irakurtzen ditudanean dena ulertzen dut, baina elkarrizketak edota adibidez, Goazen! bezalako telesail bat ulertzera iritsi nahiko nuke.
Eta bukatzeko, Zure herrira berriro bizitzera bueltatzeko asmoa duzu ala Zorrotzan betiko geratzea erabakita duzu? Egia esanez… ez dut itzultzeko batere asmorik… Oporretan baino ez. Hemen oso pozik nago, eta ikaragarri gustatzen zait daukadan bizimodua.

