Adio
Asier Urkiza
Ingurura begiratu eta halaxe ikusten dut jendea, desgogara. Etsipen puntu batekin, ipurterre, deseroso. Gutxi dira libre eta arin dabiltzanak, bizitza aukerez betetako abentura gisa dakusatenak. Aitzitik, estu eta larri ari dira gehienak. Aurreikuspenen eta errealitatearen arteko amildegiak irentsiak asko, ametsek hondoratuta besteak. Gozakaitz dabilela jendea, gozakaitz. Laketu ezinda, ipurdia non kokatu ez dakiela, haratago begiratzeko gai ez dela. Larrienaz kezkatuta garrantzitsuenari erreparatu gabe, kezken antologia oso batek begiak estalita eta barrenak janda. Ilusio txikiei oratzen batzuk, utopia handiei helduz besteak. Galeanoren horizontearena, Walter Benjaminen erara. Ilusioei begiratu bizitzaren oldarraren pean, baina atzeraka bultzatzen gaituela hark ezerezerantz.
Egunen gurpil nekatuan zaila da etenak marraztea. Egunerokotasunak irentsiak baikaude ia beti, denborari neurria hartu gabe. Konturatu gabean kateatzen dira aroak, etapa bat beste bati darraio igarotakoari antzemateke. Etapa berrian jadanik denboratxoa daramagunean baino ez gara pasatakoaz ohartzen. Bukatu egin dela barneratzen. Sistema honek lapurtu digun beste gauzetako bat, denbora. Nola neurtzen da denbora egun? Scroll etengabeak eta ordutara luzatzen diren segundotako bideoek desitxuratu dute berau.
Tonu profetikoak alde batera utzita, denboraren kontzientzia handiagoa izan nahi nukeela darabilt aspaldian. Etenak egin nahi dizkiot denborari, markak. Markatu nahi dut denbora. Garaiak, aroak, etapak eta boladak bereizi nahi ditut. Iragana deritzogun leize zulorantz kuku bat egin, frontala kopetan daramadala. Horretarako, hainbat gauzez askatu eta beste batzuk jantzi nahi ditut. Erantzi arropa zaharrak, erantsi berriak. Lehengoak hobeto ulertzeko, ihes egindako denborari atzemateko, azalez mudatu. Azken lerrootan, eraiki nauenari omen egitea dagokit. Emandakoa itzultzeko garaia da. Ilusio berrien xerka abiatzekoa, zantzu gaiztoen eta profeta ustelen gainetik. Ustekabeko edozein lerroartetan egingo dugu topo, irakurle. Biba Zorrotz-Morrotz eta Zorrotzako animo oneko euskaldun guztiak. Adiorik ez.
