ZM 100 | AITOR MARÍN:  Diseinu eta maketazio arduraduna eta erredaktorea

“Aldizkariak nire ogibidea bideratu duela uste dut, eta profesionalki ere hazi egin naiz ZM hobetu den heinean”

Nola iritsi zinen Zorrotz Morrotzera?

Oso gazte hasi nintzen, 13 urte ingururekin. Lehenengo kontaktua komiki-lehiaketa baten bidez izan zen. Ez dakit irabazi nuen ala ez, baina hurrengo alean beste komiki bat egiteko eskaria jaso nuen. Bittor ezagutzen nuen, eta berak animatu ninduen taldean parte hartzera. Ni euskaltzalea nintzen, baina ez euskalduna. A ereduan ikasten nuen, eta nire euskara hobetzeko asmoz sartu nintzen lan-taldean. Dena den, oso aktiboa nintzen garai hartan, eta ahalik eta mugimendu gehienetan parte hartzen saiatzen nintzen.

Nolakoak izan ziren zure lehen urteak aldizkarian?

Hasieran, komikiak egiten nituen. Geroago, nire lehenengo erreportajeak idazten hasi nintzen; neurri batean, euskaltegirako idazlanak ere baziren. Horrek aukera eman zidan euskara praktikatzeko eta kazetaritzaren munduan lehen urratsak emateko. 18 urterekin koordinazio-lanak ere hartu nituen hainbat urtez, diseinuaren ardura hartu nuen arte.

Noiz hasi zinen diseinuaren arduradun gisa?

Goi-mailako Diseinu Grafikoko ikasketak egin nituenean, karrerako azken proiekturako Euskal Txokoaren ikus-identitatea eta aldizkariaren maketazioa aukeratu nituen. Horren ondorioz, diseinuaren ardura hartzen hasi nintzen. Garai hartan diseinuaren arduraduna, Pablo, Leitzan bizi zen, eta horrek koordinazioan zenbait zailtasun sortzen zituen. Berarentzat ere neketsua zen horrela ibiltzea, eta pozik hartu zuen nik ardura hori hartzeko proposamena… Horrela, hainbat urtez Tais arduratu zen koordinazioaz, eta ni diseinuaz.

Zorrotz Morrotzek etenaldi bat izan zuen arte. Zer gertatu zen?

Taldeko kideok oso gazteak ginen. Pentsa, ni beteranoena nintzen! Gehienok ikasketak bukatu eta lanean hasi ginen. Aldi berean, Udalaren diru-laguntza nabarmen murriztu zen. Horren ondorioz, proiektua hainbat urtez geldirik egon zen. 2015ean, berriz, langabezian hilabete batzuk eman ondoren eta freelance moduan lanean hastear nengoela, Zorrotz Morrotz berpizteko proposamena jaso nuen.

Orduan sortu zen gaur egungo formatua?

Bai. Ordurako urte asko neramatzan proiektuan modu boluntarioan lanean. Gainera, freelance gisa hasi berria nintzen eta oraindik ez nuen bezero askorik; horregatik, aldizkariak eskatzen zuen lan guztia nire gain hartzeko aukera izan nuen, nahiz eta ez jakin diru-sarrerarik egongo zen ala ez.

Nolakoa izan zen berpizkunde hura?

Ez zen batere erraza izan. Alde batetik, argi nuen aldizkariaren formatua berritu behar genuela. Gure helburuak eta filosofia berak ziren, eta euskara hutsezko aldizkaria izaten jarraitu behar zuen, baina diseinua, atalak eta edukiak birpentsatu behar ziren. Ordura arteko irudiari buelta eman nahi genion. Euskaltzale haserreen panfletoa utzi, eta irakurlearentzat erakargarriagoa izango zen produktu bat sortu behar genuen.  Bestetik, finantzaketaren inguruko ziurgabetasun handia zegoen. Ez genekien urte amaieran udalaren diru-laguntza jasoko genuen ala ez, baina aldizkaria inprimatzeko gastuei aurre egin behar genien. Horregatik, publizitate bila irten nintzen. Zorionez, eta iragarleei eskerrak eman behar dizkiegu, emaitza bikaina izan zen: hainbeste iragarki lortu genituen, non hasieran aurreikusitakoa baino lau orrialde gehiago gehitu behar izan genizkion aldizkariari.

Aldaketa nabaria izan zen.

Bai, baina edukietan edo itxuran sartu gabe, aldaketa nagusia maiztasuna izan zen.  Lehen ahal zenean ateratzen zen aldizkaria;  ordutik aurrera, ordea, bi hilabetean behin garaiz argitaratu beharko zen, iragarleek horregatik ordaintzen baitzuten. Horrek profesionaltasun zein konpromiso handiagoa eskatzen zuen.

Zein momentu edo pasadizo geratu zaizu bereziki grabatuta?

Zaila egiten zait bakarra aukeratzea. Gaur egungo formatuarekin hasi ginenean, adibidez, beldur nintzen bi hilabetean behin elkarrizketa nagusirako auzoko pertsona interesgarri bat aurkitzea ezinezkoa izango ote zen. Denborak kontrakoa erakutsi du. Hemeroteka begiratzea besterik ez dago. Ez ditut elkarrizketa guztiak nik egin, baina elkarrizketa nagusietan ez bazen ere, erreportajeetarako eta albisteetarako jende askorekin hitz egiteko aukera izan dut. Bidean ezagutu dudan jende guztia da, seguruenik, proiektu honek eman didan altxorrik handiena.

Zer ekarri dizu Zorrotz Morrotzek maila pertsonal eta profesionalean?

Aldizkariak asko lagundu dit profesionalki hazten. Esango nuke, neurri batean, nire lanbidea ere markatu duela. Goi-mailako ikasketak aukeratu behar izan nituenean, kazetaritza eta diseinu grafikoaren artean zalantzan ibili nintzen. Bi aukerak lotuta zeuden aldizkarian egiten nuen lanarekin. Ez dut uste kasualitatea denik. Aldizkaria hobetzen joan den neurrian, nire gaitasun profesionalak ere hobetu egin dira.

Zein da gaur egun Zorrotz Morrotzen erronka nagusia?

Bi erronka nagusi ikusten ditut: mundu digitala eta belaunaldien arteko erreleboa. Nik ardura hartu nuenean, hobekuntzarako tarte handia zegoen diseinuan eta edukietan. Gaur egun, aldizkariak itxura profesionala du, eta zaila da norbait erakartzea dagoena hobetzeko asmoz… Webgunea sortzea jauzi handia izan zen, eta ale guztiak Interneten eskuragarri egotea oso garrantzitsua da. Hala ere, webgunea eta sare sozialak ez dira behar bezainbeste eguneratzen. Hori izan daiteke gure ahulgune eta erronka nagusia. Horregatik, gazte gehiago behar ditugu proiektuan, batez ere, gure adinekook jada menperatzen ez dugun arlo digitala indartzeko.

Zer esanahi du zuretzat 100. ale honek?

Ia bizitza osoa eman dut proiektu honetan. Eguneroko lanak, familiak eta alez aleko errutinak ez digute askotan gelditzen uzten egin dugun bideari begiratzeko, baina hemen jarraitzen dugu: bizirik. Gainera, 2025eko abenduan Deustualdeko Prest! desagertu ondoren, Zorrotz Morrotz Bilbon bizirik dirauen herri-aldizkari bakarra da. Gurearen antzeko proiektuak sortzen saiatu dira auzoan eta gaztelaniaz, baina ezin izan dute aurrera egin. Horregatik, uste dut ez dugula behar bezala baloratzen Zorrotza bezalako auzo erdaldun batean euskarazko komunikazio-proiektu bati eustea zer den. 100. alera iristea eta auzoan komunikazio-proiektu sendo eta errotu bat izatea benetan ospatzeko moduko lorpena da.