ZM 100 | IBAI BARRIOS: Erredakzio taldeko kidea
“Oso zaila da edukiak ez errepikatzea”
Nola iritsi zinen Zorrotz Morrotzera, eta zerk erakarri zintuen proiektura?
Erraza da esatea 20 urte baino gehiago pasa direla. Hartara, kazetaritza ikasten nenbilen eta momentu horretan klasekidea eta aldizkariko kidea zen Laurak ideia komentatu eta, Aitorren laguntzarekin ziurrenik, proiektura batzera animatu nintzen. Idaztea gustuko dut eta aukera bikaina iruditu zitzaidan.
Zein da gaur egun zure eginkizuna ZMen?
Euskal musikaren eszena oparoak ematen dituen fruituak irakurleekin elkarbanatzea.
Sartu zinenetik hona, zerbait aldatu da urte hauetan?
Hemerotekan murgildu eta erraz sumatzen da gauza asko aldatu direla urte hauetan. Pasada bat da aldizkariak izandako garapena zentzu guztietan.
Zein da zure ustez gaur egungo erronkarrik handiena Zorrotz Morrotzentzat?
Onerako eta txarrerako auzoan gauza asko daude oraindik esateko eta, batez ere, edukiak ez errepikatzea oso zaila da.
Nola irudikatzen duzu aldizkariaren etorkizuna hurrengo urteetarako?
Lehen esan dudan moduan, zorionez eta zoritxarrez gertatuko diren gauza asko daude oraindik kontatzeko.
100. ale honen harira, zer esanahi du mugarri honek zuretzat pertsonalki?
Ale berri bat kaleratzea betiere pozgarria da; baina 100. alearen harira, nire kasuan, hemerotekan barrena murgildu eta jada ahaztuta edo aspaldi ikusitako gauza asko ekarri nituen gogora, beraz ilusio handiz hartzen dut.

