ZM 100 | AINARA GARCÍA: Erredakzio taldeko kidea
“Urteak pasa dira, baina aldatu ez dena auzoarekiko eta euskararekiko konpromisoa da”
Nola hasi zen zure ibilbidea Zorrotz Morrotzen?
Gezurra badirudi ere, ia 20 urte igaro dira! Ez daukat lehenengo topaketaren edo lekuaren oroitzapen zehatzik. Atzera begiratuta, Aitor, Bittor, Igor eta Tais datozkit burura batez ere. Litekeena da haien bidez iritsi izana proposamena. Euskararen inguruko proiektu batean parte hartu nahi nuen, eta zer hobe gure auzoa eta bertako jendea ardatz dituen aldizkari batean aritzea baino. Gainera, niretzat aukera paregabea izan zen euskara erabiltzeko eta bizirik mantentzeko, familiako eta inguruko egunerokoan hori egitea zaila baitzen.
Zer ekarpen egiten diozu gaur egun aldizkariari?
Gustatuko litzaidakeena baino gutxiago parte hartzen dut. Hala ere, urte hauetan hainbat zereginetan ibili naiz: banaketan, erreportajeak idazten, elkarrizketak egiten, inkestak prestatzen edo testuak euskaratzen, besteak beste.
Zeri esker iraun du proiektuak hainbeste urtez bizirik?
Faktore asko aldatu dira urte hauetan: taldekideak, aldizkariaren formatua, atalak, bileren maiztasuna eta zabalkunderako bideak. Lehen papera zen ia bide bakarra; gaur egun, sare sozialek aukera handiak eskaintzen dituzte. Hala ere, aldatu ez dena auzoarekiko eta euskararekiko konpromisoa da.
Zein dira gaur egun Zorrotz Morrotzek dituen erronka nagusiak?
Oro har, erronka handiena proiektuaren pultsua mantentzea da. Taldekide berriak erakartzea ezinbestekoa dela uste dut. Eduki berriak aurkitzea ere funtsezkoa da. Batzuetan ez da erraza gai berriak topatzea. Eta azkenik, iraunkortasuna bermatzea: euskarazko tokiko komunikabide askok bidea utzi dute agur esan dute azken urteotan, eta horrek erakusten du zein zaila den horrelako proiektuak bizirik mantentzea.
Zerk ematen dizu indarra proiektu honetan jarraitzeko?
Euskarak eta auzoak. Baina ezin ditut ahaztu urte hauetan ezagutu ditudan taldekideak eta kolaboratzaileak ere. Haien konpromisoa eta egindako lana mirestekoak dira.
Zer desio duzu aldizkariaren etorkizunerako?
Ez da erraza iragartzea zer etorriko den. Belaunaldi-erreleboak garrantzi handia izango du. Hala ere, uste dut talde txiki batek ere gauza handiak egin ditzakeela ilusioa mantentzen badu eta bakoitzak bere harri-koskorra jartzen badu. Horregatik, espero dut Zorrotz Morrotzek urte askotan jarraitzea auzoaren eta euskararen bozgorailu izaten.
100. alea kaleratu berri dugu. Zer sentiarazten dizu mugarri honek?
Hitz bakarrean esateko: izugarria. Zaila da sentitzen dudana hitzetan azaltzea. Alde batetik, nostalgia sorrarazten dit, urte hauetan bizitako une eta pertsona guztiak gogora ekartzen baitizkit. Bestetik, harrotasuna ere sentitzen dut; ez baita erraza honelako proiektu xume baina konprometitu batek ehun ale kaleratzea. Eta, batez ere, aurrera jarraitzeko gogoa pizten dit.

