ZM 100 | MANU COBO: ZMen sortzaileetarikoa eta egungo laguntzailea
«Auzoan euskara zabaltzeagatik sortu ginen, eta horretan jarraitzen dugu«
Nondik sortu zen Zorrotz Morrotzen aritzeko aukera, eta zerk animatu zintuen proiektuan murgiltzera?
Euskal Txokoan aldizkari bat ateratzeko aukera ikusi eta aurrera egin genuen. Parte hartzearena horrekin batera etorri zen.
Zein lan egin dituzu urte hauetan aldizkariaren barruan, eta nola aldatu da zure parte-hartzea denborarekin?
Buff…. Hainbeste denbora pasa denez, ez naiz ondo gogoratzen: banaketan lagundu eta diru iturriak bilatu ziur aski… Geroago ale gehienetan ataltxo bat betetzen lagundu dut: txoko historikoa, batez ere, argazki zaharrekin: auzoko kaleak hasieran, lantegiak gero eta azkenean mendiko ibilaldiekin.
Nola gogoratzen dituzu lehen urte haiek, bai lanari dagokionez bai talde giroari dagokionez?
Alaitsu eta kementsu, lan handia eskatzen zuen, baina talde sendoa ginen. Gainera Euskal Txokoaren koordinazioan lan egiteko liberatu bat lortu genuen eta horrek erraztu zuen dena.
Zein izan da proiektuak aurre egin behar izan dion unerik korapilatsuena?
Bilboko udalak dirulaguntza murriztu zigunean asko zaildu zen guztia. Guggenheim museoa eraikitzearekin batera etorri zen. Kasualitatea ote?
Zer aldaketa nabarmenduko zenituzke Zorrotz Morrotzen ibilbidean?
Esango nuke hasierako formatua garestiagoa zela; oraingoari erabilgarriagoa deritzot. Gainera, gaur egun Interneti esker, zabaltzeko aukera gehiago daude.
Zerk mantentzen du bizirik zure konpromisoa aldizkariarekin urte hauen ondoren ere?
Sortu genueneko arrazoi berberak, auzoan euskara zabaldu zein indartzeko aukerak eta argitalpen bat euskara hutsean ikusteak alegia.
Zer esanahi edo balio izan du aldizkariak auzoarentzat zure ustez?
Lehen esan dudan bezala, nahiko handia. Auzoko denda, taberna edo eraikin publikoetan herri aldizkari bat euskaraz ikusten dugu: gainera aurpegi ezagunak agertzen direnez, errazagoa da auzoan zabaltzea jendearen artean, eta badaude euskaraz ez dakiten ala oso gutxi dakitenak aldizkaria hartzen dutenak… Gainera, kanpoan bizi diren auzokide ohientzat, auzoarekiko harremanari eusteko bidea ere bada…

