ZM 100 | TOMÁS ÁNGEL GONZÁLEZ: Erredaktore ohia
“Ale bakoitzean beharrezkoak ziren lanak biltzea zen zailena”
Nola iritsi zinen Zorrotz Morrotzera, eta zer izan zen aldizkarian parte hartzera bultzatu zintuena?
Izenbarik Mintzataldea (aurrerago Zorrotzako Euskal Txokoa Kultur Elkartea bilakatuko zena) ezagutzen nuen eta bertan parte hartzen hasi nintzen. Hortik ezagutu nuen aldizkaria. Aldizkari euskaldun baten premia genuen Zorrotzan euskara bizi zedin, eta horrek bultzatu ninduen ZMn parte hartzera.
Esperientzia hartatik bizitakoaz eta ikasitakoaz, zer nabarmenduko zenuke?
Gure eginkizuna mezu euskaldunak banatzea eta euskara bera jorratzea zela ikasi nuen.
Hasierako urte haietako giroa nolakoa zen?
Adore eta kemenarekin euskal munduan zerbait burutzeko gogoz aritzen zen gazte taldea ginen.
Zein momentu edo pasadizo geratu zaizu bereziki grabatuta?
Euskal Txokoan emandako urte guztietako une bereziena aldizkarian parte hartu ahal izatearena da.
Zein izan zen erronkarik handiena aldizkaria aurrera ateratzeko garaian?
Ale bakoitzean beharrezkoak ziren lanak biltzea zen zailena nire ustez.
Zergatik utzi zenuen proiektua?
Beste leku batera bizitzera joan nintzelako, eta orduan zailagoa zen jarraitzea.
Zer aholku edo mezu emango zenioke gaur egun proiektuan dabilen lantaldeari edo etorkizuneko kolaboratzaileei?
Aldizkariarekin jarraitzea eskatuko nieke, behintzat erreleboa lortu arte, euskara gu baikara.

