ZM 100 | DAVID TIJERO: Erredaktore ohia

“Talde txikia ginen, baina konpromiso handia geneukan”

Nola sartu zen Zorrotz Morrotzeko lantaldean auzotik kanpo bizi zen eta Zorrotzarra ez zen pertsona bat?

1999an izan zen. Euskal Txokoak antolatutako literatura-lehiaketa irabazi nuen, eta aste batzuk geroago galdetu zidaten ea proiektuaren parte izan nahi nuen.

Zein izan zen zure eginkizuna aldizkarian?

Batez ere, elkarrizketak egin eta liburuen zein diskoen erreseinak idazten nituen.

Nolakoa zen urte haietako giroa?

Talde txikia ginen, baina konpromiso handia zegoen gauzak egiteko.

Egongo da bereziki gogoratuko duzun pasadizoren bat…

Bat esatearren, Zorrotzan zegoen zinemaren arduradun ohiari egin nion elkarrizketa. Zinema 1961ean inauguratu zuten, eta 1974ra arte egon zen irekita. Ez dut haren izena gogoratzen, baina auzoan denek “el del cine” deitzen zioten. Gogoratzen dut oso solasaldi luzea izan zela, zinemari eta garai hartako auzoko bizimoduari buruzko pasadizo interesgarri ugarirekin. Elkarrizketa hartatik ikasi nuen zein baliotsua den adinekoei entzutea, esateko eta irakasteko asko baitute.

Noiz eta zergatik utzi zenuen proiektua?

Sei urte eman nituen, 2005era arte. Lan berri bateko ordutegiak zirela eta, utzi egin behar izan nuen. Gainera, ordurako auzoko kolaboratzaile berri batzuk sartuak ziren eta une aproposa zen. Dena den, hainbat urtez literatura-erreseinak bidaltzen jarraitu nuen.

Garai hartan zein izan zen erronkarik handiena aldizkaria aurrera ateratzeko?

Gutxi ginen, eta aldizkaria argitaratzeko prozesua nahiko luzea izaten zen. Hilabeteak behar ziren aldizkaria kalean ikusteko.

Nola ikusten duzu aldizkariaren bilakaera?

Ondo. Proiektu honek indarrean jarraitzea benetan pozteko eta harro egoteko modukoa da.

Zure ustez, zer ekarpen egin dio Zorrotz Morrotzek Zorrotzari?

Auzoari ahots propioa ematea, eta gainera, euskaraz.

Zer aholku edo mezu emango zenioke gaur egun proiektuan dabilen lantaldeari edo etorkizuneko kolaboratzaileei?

Elkarri entzutea, batez ere. Eta ez ahaztea borondatezko lanean oinarritzen den iraupen luzeko proiektua dela.