ITZIAR ORTIZ DUYOS: “Lápices” liburu-dendako saltzailea

“Pertsonalizazioengatik ez balitz, liburu-denda aspalditik itxita legoke”

Itziar Ortiz Duyos (35 urte) auzoko “Lápices” liburudendaren arima da. Amak sortutako negozioa hartu behar izan zuen ustekabean, hura gaixotzean, eta ordutik berrasmatzen jakin du: liburu-denda izatetik harago, sormen eta gertutasun gune bihurtu du, auzoari lotuta eta etorkizunari begira.

TESTUA: IGOR GUTIÉRREZ | ARGAZKIAK: AITOR MARÍN

Liburu-denda

Noiztik dabil martxan “Lápices” liburu-denda?

Liburudenda 2001eko urriaren 21ean ireki zen. Aurten 25 urte beteko ditu eta, dena ondo bidean, zerbait berezia antolatuko dugu ospatzeko.

Zerk bultzatu zuen zure ama denda irekitzera?

Amaren betiko ametsa liburu-denda bat edo lurrindegi bat irekitzea zen. Irakurzale eta lurrinzale amorratua zen, eta argi zeukan bere kontura lan egin nahi zuela, auzoan bertan. Hasieran alokairuan egon zen beste lokal batean, eta geroago gaur egungo denda ireki zuen. Auzoak besoak zabalik hartu gintuen.

Zuk txikitatik bizi izan duzu denda barrutik, ezta?

Bai. Eskolatik irtetean dendara etortzen ginen, amarekin egoteko. Guretzat jolas modukoa zen: kanbioak eman, fotokopiak egin… Ondoren, etxera joaten ginen eskola partikularrak hartzera eta gauean ama lanetik heldu arte itxaroten genuen, berarekin beste tartetxo batez egoteko. Izan ere, lan honen atzean ordu asko daude; ez da bukatzen atea ixtean.

Noiz egin zenuen jauzia dendara?

Ez nuen nik erabaki, amaren gaixotasunak baizik. Karrerako azken mailan nengoen eta dena utzi behar izan nuen lanean hasteko. Uztailaren 31n amari ezgaitasun osoa eman zioten eta biharamunean ni hemen nengoen lanean. Ez zegoen beste aukerarik, nire arreba txikia eskolan zegoen eta aurrera egin behar genuen.

Hasiera erraza izan zen?

Ez pentsa. Ama okerrago jarri arte nirekin zegoen dendan, eta horrek asko laguntzen zidan, noski. Baina ama nirekin egoteak eztabaida asko ere sortzen zituen, berak gauzak bere moduan nahi zituelako eta nik nirean… Ulertzekoa zen, liburu-denda bere haurtxoa zen-eta!

Garai batean, egunero negar-malkotan gosaltzen nuen lanera etorri nahi ez nuelako. Denda salgai jartzera ere iritsi ginen. Baina apurka-apurka negozioa neure esku uzten joan zen.

Zerk eman zion buelta egoerari?

Txipa aldatzea erabaki nuenean hobera egin zuen egoerak. Motibatzen ninduten gauzak sartzen hasi nintzen: jostailu desberdinak, gazteagoentzako produktuak… eta hortik etorri zen aldaketa.

“Ez nuen nik erabaki dendan sartzea, egoerak bultzatu ninduen”

Berrikuntza eta egokitzapena

Zein izan da aldaketa nagusia?

Bezeroen batez besteko adina jaistea zen nire helburua. Horretarako, Playmobil, Lego edo Funko Pop bezalako produktuak ekarri ditut, auzoan ohikoak ez zirenak.

Eta hortik harago ere jo duzu…

Bai, duela lau urte pertsonalizazio-lanak egiten hasi nintzen: kamisetak, poltsoak, boligrafoak… Orain zura ere lantzen dut, belarritakoak egiten ditut… Horretarako makineria berria sartu behar izan dut eta denda apur bat berrantolatu.

Zure amak ez zuen aldaketa hori ikusi…

Ez, eta pena handia da. Ziur nago liluratuta geratuko litzatekeela. Erabakia hartu aurretik, bere lagunak eta nire ahizpa elkartu nituen aholku eske, eta haiek animatu ninduten arriskatzera.

Ekonomikoki, ezinbestekoa izan da berrikuntza?

Erabat. Pertsonalizazioengatik ez balitz, liburu-denda aspalditik itxita legoke. Eskola liburuak gutxiago saltzen dira, besteak beste, mailegu solidarioa eta liburu digitalaren eraginez.  Papertegiaren salmenta ere jaitsi da, jendeak bazarretan erosteko joera duelako.

Online salmentak ere eragingo du, ezta?

Asko. Bezeroen ohiturak aldatu egin dira: dena berehala nahi dugu. Batzuetan, liburu bat eskatu eta bi egun itxaron beharrean, beste leku batera joaten dira.

Zer eskaintzen du tokiko dendak plataforma handiek ematen ez dutena?

Gertutasuna. Nik opari-paperarekin biltzen dut liburua, bezeroari egun on esaten diot, auzoko ekintzak (futbol-taldeak, jaiak…) babesten ditut… Hori ez du plataforma handi batek egiten.

“Tokiko dendek gertutasuna eskaintzen dute, hori ezin da ordezkatu”

Auzoa eta etorkizuna

Nolakoa da zure bezero-profila gaur egun?

Jende nagusia mantentzen dut, baina gero eta gazte gehiago sartzen dira, batez ere nire belaunaldikoak, seme-alabak dituztenak eta auzoko dendetan erostearen aldekoak.

Ekitaldiak ere antolatu izan dituzu…

Bai, liburu-aurkezpenak eta sinaketak, besteak beste. Idazle ezagunak etorri dira eta arrakasta handia izan dugu. Toti Martínez de Lezea etorri zenean 45 minutuko ilara sortu zen!  Azkenaldian, ordea, egiteari utzi diot, jendea pixka bat nekatu dela iruditzen zait.

Eta etorkizunari begira?

Ni orainaldian bizi naiz, baina gustatuko litzaidake denda luzaroan mantentzea, nire amagatik ere bai. Euromilioia tokatuz gero, ez nuke utziko: alboko lokala erosiko nuke negozioa handitzeko.


GERTUTIK

«Denda honetan lanaren balioa ikasi dut»

Zer esan nahi du zuretzat denda honek?

Nire bizitzaren zati handi bat da. Hemen hazi naiz eta hemen ikasi dut lanaren balioa.

Anekdota bitxiren bat?

Denetarik eskatu didate: bonbillak, buzeorako hegatsak… Batzuetan, jendeak pentsatzen du denetarik dugula!

Zer eskertzen diozu auzoari?

Hasieratik eman digun babesa. Nire ama dendan ez zegoenean ere, jendea berataz galdezka etortzen zen. Orain, nire ordez ahizpa dagoenean, berdin egiten dute baina nirekin. Horrek asko esan nahi du.

Zer duzu buruan urteurrena ospatzeko?

Urrirako zerbait berezia antolatzen ari naiz, baina ezin dut ezer aurreratu! Bakarrik auzoari irekia izango dela.