Zorrotzako muturreko plato berria 2027an egongo da martxan
Bilbao-Bizkaia ikus-entzunezkoen industriaren egoitza nagusia izango da
ZORROTZ MORROTZ
Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak iragarri dute Punta Zorrotzan eta Urduñako Maria Konpainia ikastetxe zaharrean eraikiko direla Bilbao-Bizkaia ikus-entzunezkoen industriaren egoitza nagusiak. Iaz Bizkaian 138 milioi euro sortu zituen sektorearen gorakada indartzeko estrategia aurkeztu dute bi erakundeek.
Bilboko Udalak prest dauka egungo instalazioak urbanizatu eta berritzeko lanak martxan jartzeko lizitazioa. Lan horien bidez, eremua Bilbao-Bizkaia ikus-entzunezko hub-aren egoitza nagusi bihurtuko da. Hala adierazi zuen Juan Mari Aburto alkateak martxoaren 5ean egindako prentsaurrekoan. Proiektuak lau milioi euroko aurrekontua izango du, Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatua. Aurreikuspenen arabera, lanak urrian hasiko dira.
Lehen fasean, eremua itxi egingo da eta lau pabiloi zein bertako txalet zaharra egokituko dira. Horrez gain, azpiegitura eta zerbitzu-sareak berritu eta eguneratuko dira, espazioa filmaketetarako plato eta errodaje-gune gisa erabiltzeko beharretara moldatzeko.
2018tik hona, Punta Zorrotzak 30 ekoizpen baino gehiago hartu ditu. Denbora horretan, hainbat proiektuk plato, ekoizpen-bulego, arte-biltegi edo backlot gisa erabili dute espazioa; besteak beste, El Hoyo, Interrail, La mala Rodriguez, Intimidad, Detective Touré, Inurri Itsuak, El silencio, eta Zeru ahoak lanek.

