TXEMA GARCÍA: 72 maratoi munduan zehar
«Ehun maratoi egitera heltzea gustatuko litzaidake, eta azkena Atenasen egitea»
53 urte eta 72 maratoi atzean dituela, Txemak kirol bat baino askoz gehiago bihurtu du running-a: bidaiatzeko, bere buruaren mugak gainditzeko eta bizitza ulertzeko duen modua da. Ez du markarik nahi, esperientziak bizitzea baizik; eta 60 urte bete baino lehen 100 maratoi bukatzea du amets, baita bere ibilbidearen zirkulua Atenasen ixtea ere
TESTUA eta ARGAZKIAK: AITOR MARÍN
Gogoratzen noiz eta zergatik hasi zinen korrika egiten?
Betidanik gustatu izan zait kirola. Asko jokatzen nuen areto-futbolean eta futbolean. Korrika egitera irtetea kirola egiten jarraitzeko modurik azkarrena eta praktikoena izan zen, inoren mende egon gabe. Zapatilak jantzi eta hasi nintzen.
Noiz egin zenuen maratoirako jauzia?
24 edo 25 urterekin egin nuen lehen maratoia. Garai hartan ia ez zegoen herri lasterketarik: Santurtzitik Bilbora eta Herri Krosa ziren ia bakarrak. Proba horiek egin ondoren, maratoi erdi bat egitera animatu nintzen… eta hurrengo pauso logikoa maratoia zen.
Nolakoa izan zen lehen esperientzia hura?
Katastrofikoa. Kilometroz oso justu eta ezjakintasun osoz joan nintzen. Ez zegoen egungoak bezalako entrenamendu-plan espezifikorik. Bukaeran, karranpak izan nituen bi hanketan. Harrotasun hutsagatik iritsi nintzen helmugara… eta poltsa jaso behar nuelako.
Eta hala ere, errepikatu egin zenuen.
Bai, baina ez berehala. Bi urte behar izan nituen berriro saiatzeko.
Zenbat maratoi amaitu dituzu gaur arte?
Guztira, 72 bukatu ditut. Baina kopurua baino garrantzitsuagoa da maratoia baliabide ezin hobea bihurtu dela nire bi zaletasun handiak lotzeko: kirola eta bidaiak alegia. Gehiago egiten jarraitzeko asmoa daukat, baina beti ezagutzen ez ditudan lekuetan.

«Nire bi pasio nagusiak batu ditut: kirola eta bidaiatzea.»
Nongo maratoietan egon zara orain arte?
Leku asko eta askotakoetan. Europan Maltan, Bruselan, Budapesten, Krakovian… Europatik kanpo, Estatu Batuetan, Buenos Airesen, Jamaikan, Marrakechen, Kyoton… Hiri bakoitzak badu zerbait berezia.
Hurrengoa aukeratzerakoan, zerk du garrantzi handiagoa?
Nire bidaia guztiak ez dira kirol asuntuengatik, baina herrialde batean nagoela bertan maratoi bat egiten bada, animatu egiten naiz. Adibidez, hiru egun eman nituen Kanputxean eta bazen bat… ba, noski, korrika egin nuen. Eragozpen nagusia da gehienak hil beretan pilatzen direla: apirilean, urrian eta azaroan.
Nongo giroak harritu zaitu bereziki?
Krakoviakoak txundituta utzi ninduen. Nahiz eta kanpoan korrika egiten duzunean dena desberdina izan. Jamaikan, adibidez, «reggae-maratoia» izan zen. Hiri guztiek egiten dute bat probarekin eta bakoitzak bere nortasuna eta xarma berezia du.
Bat bakarrik gomendatu beharko bazenu, zein litzateke?
Niretzat, benetakoena Bostonekoa da. 2002an korritu nuen, Dorre Bikien atentatua gertatu eta urtebetera, eta bereziki hunkigarria izan zen. Enblematikoena da. New Yorkekoa ere korritu dut, “sei majors”-etako bat hau ere, baina turistikoagoa eta komertzialagoa da.

Egondako guztietatik, maratoi autentikoena Bostonekoa da; oso hunkigarria izan zen
Nola prestatzen zara?
Diesel korrikalaria naiz, herri lasterketetakoa, ez pentsa! Zorrotzan Josu Fernandez edo Montse Vazquez bezalako crackak baditugu; ni ez nago maila horretan. Urte asko daramatzat entrenatzen, baina ez dut oso saio zorrotzik egiten eta ez dut erritmo handirik bilatzen. Nire helburua ez da markak hobetzea, duintasunez amaitzea baizik. Mugitzen naizen denboretarako, ez dut entrenamendu espezifikorik behar.
Nire oinarria fondoa da: eguraldia ona bada, kalean entrenatzen dut; bestela, bi orduko zinta-saioa gimnasioan. Batzuetan hiru spinning saio lotzen ditut jarraian…
Lesio handirik izan duzu?
Korrika egiteagatik, ez. Hain zuzen ere, ez dudalako karga handirik egiten, ezta entrenamendu zorrotzik ere. Adinean aurrera egin ahala, eragozpenak ohikoak izaten dira, eta haiekin bizitzera ohitu behar gara. Lasterketa txandakatzen dut bizikleta estatikoa eta spinning-arekin.
Hori bai, lesio larri bat izan nuen… baina ez korrika egiteagatik. Lagun batzuekin oporretan pinua egiteagatik izan zen. Aldaka hautsi nuen, bi iltze jarri zizkidaten eta astebete egon nintzen ospitalean. Mediku batzuek esan zidaten ez nuela berriro lehen bezala korrika egingo… Hilabete eta erdian, ordea, trostan nenbilen. Kirolak errekuperatzeko eta hobetzeko gaitasun hori ematen du. Martxoan operatu ninduten eta urte bereko azaroan Lanzaroteko maratoia korritu nuen.
Zer pasatzen zaizu burutik 30. kilometroko «horma» ospetsuan?
Batzuetan horma hori 20.ean jasan dut (barre egiten du). Baina aurreikus ezin daitezkeen gauza horiek dira lasterketa hau hain erakargarri egiten dutena. Edozein xehetasun txikik geldiaraz zaitzake… Nire ibilbidean arazo dezente izan ditut, batez ere deshidratazioak.
Inoiz abandonatu duzu lasterketaren bat?
Inoiz ez. Nahiz eta onartzen dudan noizbait egin beharko nukeela.
Zorrotzatik entrenatzen duzu? Baduzu ibilbide gogokoenik?
Nire nukleo gogorra gimnasioa da, baina irteten naizenean, Erandio aldera edo Portu Zaharrera jotzen dut. Lehen sarri joaten nintzen Errekatxorantz.

«Nire markarik onena etxean izan zen: 3 ordu eta 18 minutu Bilbon»
Zer sentitzen duzu helmuga zeharkatzean?
Lortutako helburu bat gehiago da, koska bat gehiago. Maratoia erdi mentala eta erdi fisikoa da. Azken bizpahiru kilometroetan, iritsiko zarela ikusten duzunean eta jendea animatzen entzuten duzunean, dena errazagoa eta politagoa bihurtzen da.
Oroitzapenak gordetzen dituzu? Baduzu erritualik?
Dortsal eta domina guztiak etxean gordetzen ditut, denbora markekin batera, horretarako propio erosi nuen esekitoki batean. Eta huts egiten ez duen errituala amaierako garagardo hotza da.
Baduzu hiriren bat egiteke?
Asko. Baina burutik ezin kendu Rio de Janeiro daukat. Prestatuta izan dut eta oraindik ezin izan naiz joan. Errespetua ematen dit hau esateak, beti sor daitekeelako arazo edo lesioren bat, baina nire helburua 100 maratoitara iristea da. Helburua lortzen badut, azkena Atenasen izango da.
Noiz arte ikusten duzu zeure burua korrika egiten?
53 urte ditut. 60ak bete baino lehen 100 maratoi egitera iristea gustatuko litzaidake, eta argi daukat ehungarren eta azken horrek Atenasen izan behar duela, ibilbidea nolabait borobiltzeko. Lortzen badut, ez dut kirola utziko, baina ziurrenik hori izango da nire azken maratoia.
LABURREAN
«Kanpoan, markak hobetzea baino, hiriaz gozatzea lehenesten dut
Zer da runninga zure egungo bizitzan?
Bizimodu bat.
Amaitu esaldia: «Korrika egiteak eman dit…»
Lagun handiak, osasuna, indarra… gauza asko.
Zure markarik onena?
3 ordu eta 18 minutu. Etxean, Bilbon, 2022an. Kanpora joaten naizenean, hiriaz gozatzea lehenesten dut markak hobetzea baino.
Zure oroitzapenik onena?
Krakovian. Min hartuta nindoan, korrika egiteko asmorik ez zuen eta jada hilda dagoen lagun batekin. Ebakuntza bat egin berri zeukan arren, nirekin joateko konbentzitu nuen. Kantuan atera ginen, marka ona egin genuen eta jendeak eskertu egin zigun sortu genuen giroa. Oso berezia izan zen.
Eta esperientziarik txarrena?
Edinburgon. Ez genuen dortsala hartzeko tokia aurkitzen. Lasterketa abiatu zen, eta dortsalaren bila jarraitzen genuen… Bero handia… Anabasa, baina bukatzea lortu nuen.
Beste pasadizoren bat?
Athleticen Kopako finala galdu nuen 2024an, sarrera izan arren, Erroman korritzeagatik. Nire txartela lagun bati oparitu nion. Finala hotelean ikusi genuen, oso berandu oheratu ginen… eta maratoia korritu nuen Athleticen kamisetarekin. Ospakizunak helmugan jarraitu zuen.

