Izarrak, nondik diz-diz?

Asier Urkiza

Egunotako albiste izugarri eta irudi zitalen artean bideo bat harrapatu dut scroll saio nahi baino luzeago horietan. Izenik ezagutzen ez diodan influencer –eragintzaile proposatu beharko gure akademia txit gorenari, ala?- bat mintzo Malagako zinema festibaleko alfonbra gorrian. Kazetariak galdetu zera, ea azkenaldiko film espainiarren bat gomendatu dezakeen -gogora bedi azkenaldiko- eta eragintzale delakoak, aurpegia talo gelditu ostean -pero… peli, qué rollo?-, horrelaxe bota du: Bai, ochoapellidoseko berria, aurrekoan ikusi nuen eta bai gustatu!

Erantzun ona eragintzaileak, eragin irismen handikoa, alegia; ezin gutxiago espero Instagramen 568.000 jarraitzailetik gora dituen eragintzaile peto honengandik. Ona bai, ez onena. Izan ere, espainiar errefrau bilduma oparoak dioskun bezala, edozein santuri otoitz egiten dio Jainkoa ezagutzen ez duenak. Nola ahaztu, bada, Dani Güiza futbolari ohiak elkarrizketa batean erantzun zuena, hurrenez hurren, film eta aktore gustukoengatik galdetu ziotenean. Torrente (filma), Torrente (aktorea -Santiago Segura esan gura zukeen, baina tira-) eta emakumezko aktorea… bai, zera, Torrenten azaltzen den hori…

Jakina denez, ezin da sekula gutxietsi espainiar intelligentsia, hiru buruko herensugea baino beldurgarriagoa berau. Kontua da, konturik badago behintzat, biralizatu egin dela zinema festibaleko sarkinaren bideoa eta, horrekin batera, lehendik ere bazebilen eztabaida ostera ere piztu. Zer egiten dute influencerrek zinema festibaletan? Kexa azaldu dute dagoeneko zenbait aktorek, eurek -zera, zinemak- izan behar dutelakoan horrelako sari banaketen erdigune eta ez jarraitzaile ugari izan beste meriturik ez duen influencer saldoak. Koma bat ere ez diogu kenduko aktoreen adierazpen txit errespetagarriari. Hori bai, galde diezaiotela beren buruari -edo tira, galdetuko diegu guk- ea zenbateraino den haiateko askoren distira gaitasun dramatiko eta jardun artistikoaren ondorio, ala, zer dakit nik -ideia zoro bat- ikusleen artean izan dezaketen balizko jarraitzaileen araberakoa. Ez ote dira, haiek ere, influencer?