Aurtengo Bilboko Zirkuitoaren programako bi antzezlan jasoko ditu Zorrotzako Udaltegiak
ZORROTZ MORROTZ
Udalak “Bilboko Zirkuitua” programaren beste edizio bat jarri du martxan, eta urtarriletik maiatzera, herriko eszena bultzatzeko, hainbat auzotan banatutako hamabost antzerki proposamen eskainiko dira. Horietatik bakarra izango da euskaraz, otsailaren 26an Begoña Udaltegian.
Zorrotzan jasoko ditugun bi proposamenetako lehena, Pasmi Teatro taldearen “Pareja abierta” izango da, urtarrilaren 29an. Obra honek, tonu satirikoan, zalantzan jartzen du gaur egun generoen eta bikote-harremanen inguruan nagusi den moral bikoitza. Iván Iparraguirrek zuzendutako pieza hau, pasarte komikoz eta egoera zoroz beteta dago.
Maiatzaren 7an, berriz, Companya del Bac taldearen txanda izango da, “El recital: La palabra contra el olvido” proposamenarekin. Musikaz lagundutako poesia-errezitaldi honetan, bizia emango zaie hainbat poetaren obrari, hala nola Lorca, Aresti, edota Blanca Sarasua. Bizia eta emozioa ahanzturari aurre egiteko.
Saioetan sartzeko ordubete lehenago jaso behar dira sarrerak, emanaldi bakoitzaren egunean bertan (18:00etan), antzezpenaren leku berean.

