Hiltegi zaharrean izandako sute batek kalte handiak eragin ditu eraikineaneta bertako hainbat enpresatan

Abenduaren 1ean izandako sutean eraikinak eta bertako hainbat enpresak kalte larriak jasan zituzten. Azken asteotako euriteek eta haizeteek egoera are gehiago okertu dute, teilatuaren hainbat zati kolapsatu eta erori ondoren.

ZORROTZ MORROTZ

Sute handia piztu zen Zorrotzako hiltegi zaharrean joan den abenduaren 1ean, goizaldeko hirurak inguruan. Suak ke eta su zutabe handiak eragin zituen, eta horrek inguruko bizilagunen artean kezka sortu zuen. Larrialdi zerbitzuak berehala bertaratu ziren eta suhiltzaileek hainbat ordu behar izan zituzten sutea mendean hartzeko.

Sutea piztu zen eraikinean lau pertsona zeuden lo, gaur egun erabilerarik gabe dagoen pabiloi batean. Segurtasun-indarrek eta suhiltzaileek pertsona horiek garaiz ebakuatu zituzten, eta ez zen zauriturik izan. Hala ere, eraikinak kalte handiak jasan zituen eta bertan zeuden hainbat enpresaren jarduera ere kaltetuak izan ziren. Iturri ofizialen arabera, pabiloiaren barruan eta inguruan kokatutako tailer eta biltegi batzuek kalte material handiak izan zituzten, batez ere keak, suak eta urak eraginda. Zenbait enpresatan makineria, materiala eta ibilgailuak hondatuta geratu ziren.

Uneko lehen balorazioen arabera, kalte ekonomikoak handiak izan daitezke, zenbaki zehatzik eman ez arren. Enpresa batzuek hilabeteak beharko dituzte jarduera berriz martxan jartzeko. Iturri enpresarial batzuen arabera, galerak ehunka mila eurokoak izan daitezke, batez ere, ekipamendu espezializatua galdu dutenen  kasuan.

Momentuz, ez da argitu sutea zerk eragin zuen. Iturri ofizialek adierazi zutenez, ezin da baztertu hainbat hipotesi, kausa zehatzik baieztatu gabe.

Azken asteotako euriteek eta haize-boladek teilatua erortzea eragin dute eraikineko hainbat gunetan

Azken asteotan, gainera, gurean izandako eurite handiek eta haizeteek are gehiago okertu dute eraikinaren egoera. Eguraldi txarraren ondorioz, argazkian ikus daitekeenez, teilatuaren hainbat zati kolapsatu eta erori egin dira, suteak jada oso ahulduta utzitako egituretan.