ALEJANDRA MARÍA SAAVEDRA
“Hazi nintzen Caliko auzoa gogorarazten dit Zorrotzak, hemen ere jendeak elkar ezagutzen duelako”
Jaiotokia: Cali (Kolonbia)
Noiztik hemen: Zorrotzan 2024tik. Kolonbiatik kanpo 2022tik.
Adina: 27 urte
Lanbidea: Administrari laguntzailea.
Alejandra haurdun atera zen Kolonbiatik duela 4 urte, eta Castro Urdialesera iritsi zen, baina laneko gorabeherek Zorrotzara ekarri zuten azkenean. Gaur egun, hiru urteko semearekin bizitza eraikitzen jarraitzen du hemen. Elkarrizketa honetan migrazio-esperientzia, kultura-talka eta Zorrotzan integratuta eta seguru sentiarazten duten auzo-bizitzaren xehetasunak partekatu ditu.
Testua eta Argazkiak: Aitor Marín
Nolatan heldu zinen gurera bizitzera?
Nire semearen aitak bere amarekin hona etortzeko aukera izan zuelako iritsi nintzen. Ni haurdun nengoen eta haiekin emigratzea erabaki nuen.
Zorrotzara zuzenean etorri zinen ala Colombiatik atera ondoren beste lekuren batean egona zara?
Ez. Hasiera batean, Castro Urdialesera iritsi ginen. Baina lana Bilbon geneukan, eta Castro Urdialesen bizita joan-etorrietan denbora asko galtzen genuen. Zorrotzan pisu bat aurkitu nuen 2024an, eta hemen geratzea erabaki nuen.
Jatorrian zein zen zure lanbidea?
Banketxe batean lan egiten nuen.
Gogorra egin al zitzaizun hemengo bizimodura eta lan-ohituretara egokitzea?
Bai, aldaketa zaila izan zen, batez ere ez dudalako familiarik hemen, eta iristea eta guztiz berria den leku batean bakarrik sentitzea zaila egiten da. Horretaz gain, eguraldia oso bestelakoa da: neguak oso luzeak egin zitzaizkidan, eta denbora behar izan dut aldaketa horretara egokitzeko. Kolonbian ez gaude hotz honetara ohituta… Hasierako oztopo horiek gainditu ondoren, hemengo kultura eta jendeari ondo egokitu natzaiela esango nuke.

Zerk harritu zintuen gehien hona iristean?
Asko gustatu zitzaidan hemengo jendearen izaera. Oso atseginak eta lagunkoiak dira.
Gurea herri abegikorra dela esango zenuke?
Bai. Esan bezala, jendea oso atsegina iruditu zitzaidan. Jendeak ezagutzen zaituenean, bat gehiago sentiarazten zaituzte, horretarako Kolonbian baino denbora gehiago behar den arren.
Oso ezberdina al da hemengo bizimodua zure jatorrian zeneukanaren aldean?
Bai. Lehenik eta behin, segurtasuna nabarmenduko nuke. Kolonbian askoz ere segurtasun gutxiago dago. Eta desberdintasun kulturalak oso nabarmenak direla ere gehituko nuke. Kolonbian konfiantza oso azkar bereganatzen da pertsona ezberdinen artean, eta denek hitz egiten dute elkarrekin kalean.
“Eguraldia oso desberdina da, eta hemen neguak oso luzeak egin zitzaizkidan hasieran”
Zer da Zorrotzan gehien gustatzen zaizuna?
Caliko nire haurtzaroko auzoa gogorarazten dit. Oso auzo handia ez denez, jendeak elkar ezagutzen du. Denbora gutxian okina ezagutzen duzu, supermerkatuko saltzaileak… Horrelakoa zen Calin bizi nintzen auzoa, denok elkar ezagutzen genuen eta jendearen berotasuna eta laguntza izaten genuen behar zen edozertarako.
Eta gutxien?
Beharbada, beti jendea topatzen den erdiguneko eremuaren eta erdialdetik urrunago dauden eremu batzuen arteko alde handia. Askoz bizitza urriagoa duten eremu hauen egoera okerragoa da, eta eraikinen edota beste zerbitzu batzuen egoeretan nabaria da. Eta gauza txar gisa azpimarratuko nuke auzoak metroarekin loturarik ez izatea.
Semea eskola publikoan duzu, euskaraz ikasten. Zu zelan moldatzen zara euskaraz?
Hitz batzuk ikasi ditut, oinarrizkoenak, baina ezer gutxi gehiago. Ez nuen ezagutzen eta ez nekien ezta existitzen zenik; baina izugarri gustatzen zait, eta oso interesgarria eta garrantzitsua deritzot hemen jaiotako nire semeak ikasi eta ezagutzeari.
Kolonbiara itzuli zara inoiz? Bueltatzea gustatuko litzaizuke ala hemen jarraitzeko asmoa duzu?
Ez. Oraingoz, ez. Lau urte igaro dira irten nintzenetik eta oraindik ez naiz itzuli. Bueltatu nahi nuke, noski, baina bisitan. Izan ere, nire plana hemen jarraitzea da.

