Zorrotzan erratz artean hazten den kirola
Iaztik La Base futbol-zelaian entrenatzen dute Bizkaia Boggarts quadball taldeak eta kirol honetako euskal selekzioak.
Kirol ezezagun eta berri hau, Harry Potter sagako quidditch jokoan oinarritutako dago, ikuspegi inklusibo eta misto batetik.
TESTUA ETA ARGAZKIAK: AITOR MARÍN
Azken urtean, ohikoak ez diren entrenamenduak ikus daitezke La Base futbol zelaietan: baloi ugari, plakatzeak eta jokalariak erratz moduko batekin korrika. Bizkaia Boggarts quadball taldeak entrenatzen du bertan, Euskal Herrian aktibo dagoen quadball klub bakarrak. Fantasiatik sortutako kirola izan arren, gaur egun balioetan, inklusibitatean eta lehiakortasunean oinarritutako proiektu sendoa bihurtu da.
Bizkaia Boggarts 2014an sortu zen, Harry Potter sagako quidditch jokoan oinarritutako quadball kirola Euskal Herrira ekartzeko asmoz. Yeray Espinosak, klubaren sortzaileak, gaur egungo presidenteak, eta garai hartan Harry Potterren zale sutsuak taldea sortzeko lehen urratsak eman zituen. “Sare sozialetan iragarkiak jarri nituen, eta are gehiago, publizitatea ordaindu nuen ikusgarritasun handiagoa izateko”, azaldu du.
Lehen deialdi hartara lau lagun agertu ziren, eta handik aurrera ahoz aho joan zen taldea hazten. Gaur egun, 12 lagunek osatzen dute Bizkaia Boggarts, eta haietatik hamar inguru aritzen dira lehiaketetan. Arauak ez dira samurrak: Bi talde aritzen dira zelaian aldi berean, eta hiru baloi erabiltzen dira: quaffle-a, puntuatzeko; bludger-rak, aurkariak joko-kanporatzeko; eta snitch-a, partida amaiera baldintzatzen duena. Fantasiazko jatorria izan arren, gaur egun kirol serio eta arautua da, eta balio argiak ditu oinarrian. Izan ere, kirol mistoa da, eta inklusibitatea eta genero-berdintasuna bermatzeko arau zehatzak ditu. Horrez gain, sagaren egilearen jarrera transfobikoek eragina izan dute kirolaren inguruan. Espinosak azaldu du Boggartseko kideak erabat aldendu direla Harry Potterren unibertsotik: “Gu jarrera horien guztiz aurkakoak gara; izan ere, kirol misto honek inklusibitatea eta genero-berdintasuna ditu oinarri”.
Quadball kirol konplexua da, baina balio oso onekoa

Kirol arloan, Bizkaia Boggartsek ibilbide nabarmena egin du. Euskal Ligako lehen edizioak irabazi zituen (2016–2018), eta emaitza onak lortu ditu Espainiako Kopan. Nazioartean, 2017an Europako Txapelketan parte hartu zuen (27. postua), eta 2022an bigarren mailan lehiatu zen, zazpigarren postu bikaina eskuratuta. Hainbat jokalari Euskal Selekzioan ere aritzen dira eta Quadball Nations Cup txapelketan bi zortzigarren postu lortu ditu jarraian selekzioak. 2025ean Munduko Txapelketan parte hartu zuten Bruselan.
Hala ere, taldearen bidea ez da erraza izan. Hamar urtez, entrenamenduak parke publikoetan egin behar izan dituzte, Ansion, Gorostizan edo Etxebarriako parkean. La Base da baldintza arautu guztiak betetzen dituen lehen entrenamendu zelaia. Futbol klubarekin adostutako akordioari esker, entrenatzeko zelai bat eta aldagelak erabiltzen dituzte orain.
Hamar urte parke publikoetan entrenatu ondoren, Zorrotzan aurkitu dute entrenatzeko etxea

Andoni Aranguren jokalaria, aita Zorrotzan jaioa duena, lagun baten bidez iritsi zen taldera. “Saskibaloia eta Zorrotzako polikiroldegian egiten nituen mailu-jaurtiketako entrenamenduak utzi berriak nituen. Kirol berri baten bila nenbilen, eta probatzera animatu nintzenean, kirol konplexua baina oso polita eta balio handikoa aurkitu nuen”. Hasieran, Arangurenek Bilbao Kirolak-en bidez udal instalazioetan entrenatzeko aukera aztertu zuen, baina ezinezkoa izan zen: “prezioak oso altuak ziren, eta oso zaila da gure moduko kirol bat han sartzea”.
Egun batean, aitarekin batera paseoan, belarra mozten ari zen pertsona batekin topo egin zuten La Basen. Honek Zorrotza FCko presidentearekin harremanetan hasteko bidea ireki zien. Presidenteak ez zekien quadballa zer zen, baina azkenean gaur egun erabiltzen duten zelaiaren inguruko akordioa lortu zuten. “Presidentea kezkatuta eta penatuta zegoen zelai horiek erabiltzen ez zirelako, eta guk ez genuen non entrenatu”, gogoratu du Arangurenek.
Etorkizunari begira, Bizkaia Boggartsek helburu argia du: jarraitzea. Ez dute dirulaguntzarik ezta babesle finkorik ere, baina kirola ezagutarazten eta hedatzen jarraitu nahi dute. Donostiako eta Gasteizko kideei laguntza eskaintzen ari dira beren taldeak berriro martxan jartzeko, eta Euskadi Quadball elkartearekin batera, Aranguren ikerketa bat egiten ari da kirol hau unibertsitate esparrura eramateko helburuarekin. Auzoari ere ireki nahi diote atea, probatzeko aukera emanez. “probatu nahi duen edonor ongi etorria da”. Sare sozialen bidez mezu bat bidalita, Zorrotzan erratz artean entrenatzeko aukera zabalik dago.

