ERIKA GALLARDO: Jiu-Jitsuko kirolaria

«Egunero entrenatzen naiz ahalik eta urrutien iritsi nahiko nukeelako Jiu-jitsuan»

Judoan lau urte eskasekin hasi ondoren, Erikak kirol teknikoagoa, dinamikoagoa eta zorrotzagoa aurkitu zuen jiu-jitsuan, gaur egun bere egunerokoaren parte dena. 15 urte betetzear eta gazteen mailara pasatzear, astean 14 ordu inguru entrenatzen da, haur txikiei eskolak emateaz gain. SpainBJJ Tourrean lehiatzen da, domina-bilduma ederra lortu du eta egunen batean munduko txapelketa batera iristea du amets. Ahaleginaren, motibazioaren eta tatamiaren inguruan irudikatzen duen etorkizunari buruz hitz egin dugu berarekin.

TESTUA ETA ARGAZKIAK:AITOR MARÍN

Noiz hasi zinen jiu-jitsu praktikatzen eta zergatik jiu-jitsu eta ez beste kirol bat?

4 urterekin hasi nintzen judoan. 2023an, judoarekin apur bat nekatuta, jiu-jitsu probatzera joan nintzen aitak praktikatzen zuelako, eta askoz gehiago gustatu zitzaidan. Judoa errepikakorragoa egiten zitzaidan; jiu-jitsun teknika gehiago daude eta etengabe aurreratzen ari naizela sentitzen dut.

Zertan datza jiu-jitsua?

Lurrean egiten den borroka-kirola da, tatamian. Aurkaria botatzeko eta kontrol-posizioa hartzeko heltzeko teknikak erabiltzen dira, eta borroka amaitzen da aurkaria itotze edo lokadura artikularren bidez amore ematera behartuta, beti ere minik eragin gabe. Helburua da pertsona txikiago batek beste handiago bat irabazi ahal izatea, teknika erabiliz, indarraren gainetik.

Zer da zuretzat jiu-jitsua?

Ia bizi-filosofia bat. Errutina bihurtu da, egunero entrenatzen dudalako.

Zenbat ordu entrenatzen zara astean?

Bi lekutan entrenatzen naiz: astean hiru egunetan Sestaon, Basque gimnasioan, eta beste bi egunetan BodyFit gimnasioan, Zorrotzan. Sestaon, eskola hartzeaz gain, astean bi egunetan nire entrenatzaileari laguntzen diot haur txikiekin. Larunbatetan ere entrenatzen naiz… Guztira, 14 ordu astean.

Zein maila daude eta zein mailatan zaude zu?

Oraindik haur mailan nago. Abenduan 15 urte beteko ditut, eta urtarriletik aurrera gaztetan lehiatu ahal izango naiz, eta orduan giltza guztiak egin ahal izango ditut, oraingoz, batzuk ateratzen bazaizkit ere, ez baitaude baimenduta haur mailan. Kategoria bakoitzaren barruan, beste arte martzial batzuetan bezala, gerrikoaren koloreak  markatzen du maila.

“Jiu-jitsun teknika asko daude eta etengabe aurreratzen ari naizela sentitzen dut”

Baina, oker ez banago, dagoeneko lehiatu zara, eta oso emaitza onak lortu dituzu…

SpainBJJ Tourrean parte hartu dut, estatuko probintzia askotan antolatzen den txapelketa batean. Joan ahal izan garen guztietan lehiatu naiz eta irabazi egin dut. Liga moduko bat da: puntuak pilatzen dira irabazten den heinean. Valentzian, Ponferradan, Galizian, edota Bartzelonan izan naiz. Guztietara joaterik izan ez dudanez, KIDS (3–15 urte) mailako, Gi modalitatean, hirugarren geratu naiz. Lehen sailkatuak dirua jasotzen du; nik, hirugarren postuari esker, oraindik iritsi ez zaidan ziurtagiri bat lortu dut.
Parte hartu dudan azken txapelketa Valentziakoa izan zen. Bi modalitatetan parte hartzen dut tour honetan: Gi (kimonoarekin) eta Ez Gi. (kimonorik gabe)  Lehenengoan oso borroka ona egin nuen eta urrea irabazi nuen. Bestean, nire kategorian aurkaririk ez nuenez, gerriko maila gorago batera pasatu ninduten… eta horretan ere urrea eskuratu nuen.

Espero zenuen azken txapelketako emaitza ona?

Bai. Egunero entrenatzeak eragina du txapelketetan.

Liga horretan aritzeko federatuta egon behar da?

Jiu-jitsuan klub batean izena emanda dagoen edozein kirolarik parte har dezake. Tourreko asegurua eduki behar da, eta txapelketak estatuko toki ezberdinetan direnez, bidaiak ordaindu behar dira. Datorren urtean, gazte mailara pasatuko naiz, eta urtea baliatu nahi dut ondo entrenatzeko eta lehiaketa ospetsuagoak prestatzeko, etorkizunean nazioarteko txapelketa handiagoetan parte hartzeko

Nola finantzatzen dituzue bidaia horiek guztiak? Zuen poltsikotik? Zure kasuan, gurasoen patrikatik?

Bai. Babeslerik ez baduzu, guztia zure patrikatik atera behar da. Nire kasuan, gurasoek ordaintzen didate; asko laguntzen didate, baita ekonomikoki ere. Aitak taekwondoa egin du bizitza osoan eta amak karatea, eta horrek egiten dudana ulertzeko eragina duelakoan nago.
Babesle ekonomikoa duten beste kirolari batzuk ezagutu ditut, munduko txapelketetan izan direnak, Erroman edo Abu Dhabin adibidez. Hori lortu nahiko nuke nik ere, estatuko tourretan irabaztean etxera eramaten duzun gehiena domina baita.

Jende asko egongo zen ikusle… Horrek presioa sortu zizun?

Lehenengo txapelketetan bai. Guztia berria zen, ez nintzen inoiz lehiatu eta ez nekien oso ondo zer egin. Baina, denborarekin, hori kudeatzen ikasi dut.

Zer nahiago duzu: txapelketako tentsioa ala eguneroko entrenamenduaren lasaitasuna?

Argi daukat: lehiatzea. Bizi den giroa, ezagutzen dudan jendea, sortzen diren adiskidetasunak… Horiek guztiek oso berezia egiten dute lehiatzea.

Maila horri eustea gogorra izango da tarteka, ezta?

Batzuetan beste plan batzuei ezetz esan behar izaten diet entrenatu behar dudalako, baina uste dut sakrifizioak bere fruitua emango duela. Etorkizunean, munduko txapelketa batean irudikatzen dut neure burua, eta ez nuke aldatuko asteburuko planik onenarekin ere.

Jiu-jitsua ogibidea izan daiteke? Gustatuko litzaizuke profesional moduan aritzea?

Bai, posible da jiu-jitsutik bizitzea: ondo egiten baduzu, txapelketetara joaten bazara, babesleak lortzen badituzu, eta seminarioak ematen badituzu. Goraldi betean dagoen kirola da. Gustatuko litzaidake profesional izatea, baina oso zaila da.

“Munduko txapelketa batean irudikatzen dut neure burua, eta ez nuke aldatuko asteburuko planik onenagatik ere”

Oso gaztea zara; zein da zure etorkizuneko erronka? Ametsetan jarrita, nora heldu nahiko zenuke?

Ahalik eta urrunen. Ez dago amaierarik: jiu-jitsuan beti jarrai daiteke hobetzen.

Eta jiu-jitsua ez balitz, badakizu zertan aritu nahiko zenukeen etorkizunean?

Ez, oraindik ez. Batxilergoa hasiko dut eta gero gerokoak.

Zure ustez, zer balio irakasten ditu jiu-jitsuak?

Erantzukizuna. Ariketaren bat egiten ez baduzu edo entrenamendua serio hartzen ez baduzu, hori borrokan islatuko da eta ondoioak izango ditu.

LABURREAN

«Mike Tyson miresten dut»

Kirolari erreferente bat?

Jiu-jitsuarekin lotura handirik ez duen arren, Mike Tyson miresten dut.

Beste kirol gustuko bat?

Judoa.

Kiroletik kanpoko zaletasunik?

Gutxi… Lo egitea eta musika entzutea.

Kirol-poltsan beti daramazun zerbait, kirol arropez gain?

Entrenamendu osteko janaria eta logelan dudan eta lehiaketetara beti eramaten dudan kutun txiki bat.