Bertsoak, magia eta antzerkia Euskararen Eguna ospatzeko
ZORROTZ MORROTZ
Zorrotzako elkarte euskaltzaleek kultur egitarau zabala antolatu dute 2025eko Euskararen Eguna ospatzeko. Zalantzarik gabe, ekitaldi nagusia Euskal Txokoak urtero antolatzen duen ohiko bertso afaria izango da. Aurten ere Arrigorri jatetxean egingo da, azaroaren 28an, ostirala, eta bertsozaleak asebeteko dituzten menuak eskainiko dira. Izan ere, afariko menuaz gain, zeresan handiena emango duena Sustrai Colina eta Maddalen Arzallus mailako bertsolariak entzuteko aukera izango da. Iparraldeko bi bertsolariekin batera, Arkaitz Estiballes -bere garaian Bizkaiko txapelduna- gai-jartzaile arituko da. Maila handiko kartela, zalantzarik gabe.
Hurrengo egunean, azaroaren 29an, larunbata, eta Askabide Kultur Elkarteak antolatuta, Auzokan txikiek magia ikasteko aukera izango dute goizean zehar, 2025eko magia sari nazionala izan den Hodei magoaren eskutik, baina ez nolanahi: material guztia fabrikatuta eta prestatuta eramango dute, benetako magia antzeztu ahal izateko. Geroago, 13:00etan eta berriro ere Auzokan, Hodei magoak berak “%100 Hodei” famili ikuskizuna egingo du. Magia, umorea eta dibertsioa ez dira faltako publiko guztientzat. Dena doakoa izango da; hala ere, tailerrerako izena eman behar da kunkunelkartea@gmail.com helbidean, plaza mugatuak baitira.

Ospakizunari amaiera emateko, hainbat egun geroago, abenduaren 12an, ostirala, Iholdi Beristainek “Ni eta Nitarrak” antzezlana eskainiko du Biritxi tabernan. Lanak eguneroko egoerak umorearen ikuspegitik jorratzen ditu, eta protagonista euskal identitatearen, heldutasunaren eta maitasunaren arteko oreka bilatzen ari den bitartean bizi dituen dilema eta erronketan murgilduko du ikuslea. Ikuskizunerako sarrera doakoa izango da.

