Sader Profersari baimen gehiagorik ez ematea eskatu du beste mobilizazio batek

Babestu beharko gintuzketenengandik “defraudatuta, abandonatuta eta traizionatuta” sentitzen dira kaltetutako bizilagunak. Mobilizazioak hasi zirenean, Saderrek urtean 86.000 tona hondakin arriskutsu tratatzen zituen; orain, Eusko Jaurlaritzaren baimen berrien ondorioz, 118.000 tona baino gehiago tratatuko ditu

AITOR MARÍN

Azaroaren 14an, Sader eta Profersaren lekualdaketa eskatzeko eta Udalari zein Jaurlaritzari, enpresei baimen berriak eman beharrean, lekualdaketa hori ahalbidetzeko benetako inplikazioa eskatzeko manifestazioak 1.200 lagun inguru bildu zituen. Sader Profersa Kanpora! plataformak antolatutako mobilizazioa Bilboko Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzatik atera eta Zorrotzaurren, Sader eta Profersaren aurrean, bukatu zen.

Plataformaren bozeramaileek adierazi zuten “defraudatuta, abandonatuta eta traizionatuta” sentitzen direla, “babestu beharko gintuzketenen aldetik”. Gogorarazi zuten bi istripu kimiko gertatu  eta hainbat mobilizazio egin arren, “ez dela ikusten erakundeen borondaterik egoera konpontzeko”. Izan ere, plataformak mobilizazioak hasi zituenean, Saderrek 86.000 tona hondakin arriskutsu tratatzen zituen urtean; baina, baimen berriari esker, orain 118.000 tona baino gehiago izango dira. “Hondakin gehiago, arrisku gehiago”, ohartarazi zuten bozeramaileek.

Mugimenduak haserrea azaldu zuen Bilboko erdigunean dauden instalazioetan industria-hondakinen tratamendua %38 handitzeko Eusko Jaurlaritzak Saderri “isilean” eman dion baimenagatik. 2024ko urrian hedabideen bidez handitze horren berri izan zutenean, uste zuten etorkizunean herriguneetatik urrun egingo zen planta berri baterako izango zela. Baina martxoan, Zorrotzan dagoen egungo lantegirako sinatu zen baimena, “bide azkarretik eta isilean”, funtsezkoa ez den aldaketa gisa aurkeztuta. Horri esker, ez zen aldizkari ofizialetan argitaratu, eta “ez dute jendaurrean azalpenik eman behar izan”.

Inolako bermerik gabe

Era berean, Sader Profersa kanpora! plataformak salatu du hau guztia kutsaduraren hedapenari buruz inolako ikerketarik egin gabe egin dela. “Orain arte Osasun Sailak ez du txosten bat bera ere argitaratu ziurtatzeko lantegi hauek ez diotela kalterik eragiten Bilboko biztanleon osasunari”