Institutuak 25 urte

Gezurra badirudi ere, orain dela gutxira arte Zorrotzako gazteek kanpora atera behar zuten Lehen Hezkuntza amaituta ikasten jarraitu nahi bazuten. Auzo borrokaren bidez lortutakoa ospatzeko eta atzoko eta gaurko ikasle, irakasle eta familiak elkartzeko asmoz, jai eguna antolatu zuten urriaren 18an.

TESTUA: IGOR GUTIÉRREZ | ARGAZKIAK: IGOR GUTIÉRREZ eta INSTITUTUA

Urriaren 18an Zorrotza BHIk bere 25. urteurrena ospatzeko jaia egin zuen, institutuan bertan. Jardueraz beteriko larunbata izan zen, eguraldi paregabea lagun.

Hasteko, Ibai-Arte dantza taldeak agurra eskaini zuen. Segidan, institutuko zuzendariak eta berrikuntza arduradunak deituta, hogeita bost lagun igo ziren oholtzara, bakoitzak hitz bat eskuetan zeramala (“bizikidetza”, “auzoa”, “aniztasuna”…). Lagun horiek, hain justu, institutuarekin loturaren bat zutelako izan ziren aukeratuak: ikasle edo langile-ohiak, auzoko elkarteetako kideak, institutuko familiak… Hitz horiekin guztiekin murala osatu eta jaiari hasiera eman zitzaion.

Lehendabizi, orain arteko promozio guztietako ikasleen zerrendak jarrita zituen pankarta erraldoia desestali zuten, kuxkuxeatzeko. Harrigarria bada ere, 700dik gora ikasle pasa da hogeita bost urte hauetan zehar institututik.

Jarraian, puzgarriari eta haurrentzako animazioari ekin zioten eta txosna (alkoholik gabekoa) ireki zen. Beranduxeago, gazte eta ez hain gazteentzako ginkana hasi zen, Telezorrozak dinamizatuta: errelebo lasterketak, oreka probak eta abar luze bat. Eguerdirako, berriz, Lur Jota taldearen kontzertu akustikoa izan zen eta laster batean herri bazkarirako ordua heldu.

Ezinbestekoa izan da ikasle, familia, ikasle-ohi eta auzoko elkarteen laguntza eta parte-hartzea.

Bazkalondoan, Bella Bellucci trabestiak ederki girotutako bingo musikatuaz gozatu zuten eta, dena ondo batu ondoren, euskal erromeria hasi zen, musikariak institutuko irakasle batzuk zirelarik. Bukatzeko, DJ Telezorrozaren saioa, gorputzak astindu eta urteurrena borobiltzeko.

Jai hau aurrera eramateko ezinbestekoa izan da ikasle, familia, ikasle-ohi eta auzoko elkarteen laguntza eta parte-hartzea.

Historia pixka bat

Zorrotzak bere institutu propioa izateko borroka aspalditik dator. 90eko hamarkadan mobilizazio jendetsuak egin ziren auzoan bigarren hezkuntzako zentro baten alde. Harrigarria badirudi ere, kiroldegia institutua baino lehen eraiki zen.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza 1995-1996 ikasturtean ezartzen hasi zen, baina Zorrotzako Institutua ez zen 2000-2001 ikasturtera arte martxan jarri. Ordura arte, auzoko gazteek Elejabarri ikastetxean ikasi behar izaten zuten.

Egunero, lau autobus bete ikasle ateratzen ziren Zorrotzatik Errekalderantz: bi, Zorrotza-Kastrexana errepidetik, beste bat Fray Juan eskolatik eta beste bat Zazpi Landa eskolatik. Ikasleak jantokian geratzera behartuta zeuden, denak batera autobusean itzultzeko.

Dudarik gabe, auzoarentzat bigarren hezkuntzako zentro bat lorzea mugarri bat izan zen. Urte batzuk geroago, DBH izateaz gain, Batxilergoa ere eskaintzera pasa zen. Egun, 300 ikasle eta 50 irakasle inguru dira institutuan. D ereduko zentroa da eta Batxilergoko modalitate ezberdinak eskaintzen ditu: Zientzia eta Teknologia, Giza eta Gizarte Zientziak eta Orokorra.

Garai berriak, erronka berriak

Zuzendaritza-talde berri-berria du institutuak: gehien daramanak sei urte baino ez ditu egin gure auzoan. Horietako bat Kepa Luzarraga da, berrikuntza arduraduna: “hemen dagoen auzo-giroak engantxatu gaitu”. Oso positiboki baloratzen du Guraso Elkartearekin duten harremana, baita Gure Lurra edo EISErekiko elkarlana.

Egun, 300 ikasle eta 50 irakasle inguru dira institutuan, guztiak D ereduan, eta Batxilergo modalitate ezberdinak eskaintzen ditu

Azken boladan, hainbat berrikuntza proiektutan murgildu da ikastetxea. Horietako bat IkasLab da, etorkizuneko erabilera anitzeko gela eraikitzea helburu duena, sormen zein ikus-entzunezko proiektuak garatzeko. Eremukako ikasgaien fusioa ere martxan jarri dute: DBH1en Biologia-Geologia eta Plastika batu dituzte eta DBH2n, aldiz, Fisika-Kimika eta Teknologia. Nazioartekotzean ere pauso bat eman dute eTwinning programaren barruan sartuz, Europako beste ikastetxe batzuekin harremanak ehuntzen hasi direlarik. Horrez gain, Zorrotzako institutua Osatuz Plus proiektu pilotuan parte hartzen ari den Bizkaiko bost zentroetako bat da. Horren xedea ikasleei arreta terapeutikoa ematea da; horretarako, ikastetxean bertan psikologo kliniko baten figura txertatu dute.